Bidea urratzen jarraitzeko urtea izan da 2024a euskal presoen espetxe egoerari dagokionez. Urtea hasi zenetik bukatu arte ez da motibazio politikoko euskal presorik izan Espainiako kartzeletan, hainbat urteren ondoren lehen aldiz, eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako espetxe ereduari eutsi zaio, gobernua aldatzeak atzerapausoen mamua agerrarazi badu ere. Salbuespen politika bat amaitu da, gainera, 7/2014 lege organikoa erreformatuta. Halere, ikusteko dago zenbateko eragina izango duen horrek.
Azken urteetako joera ez da eten, eta euskal preso kopurua apaltzen ari da oraindik ere. Etxerat-ek azken urtean argitaratutakoen arabera, zortzi lagun aske geratu dira zigor osoa beteta, eta hamabi utzi dituzte baldintzapean aske. Hala, gaur egun 140 inguru ari dira auzitegiek ezarritako espetxe zigorrak betetzen, eta horietatik gutxienez hamalauk gaixotasun larriren bat dute. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide dira 122, eta beste hogei inguru talde hartatik kanpo daude.
Preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan daude gaur egun: 56 Zaballan (Araba), 29 Martutenen (Gipuzkoa), 11 Basaurin (Bizkaia) eta bost Iruñean. Urtebete atzera eginda, 139 zeuden Euskal Herriko lau espetxe horietan guztira, hau da, 38 gehiago. Euskal Herritik kanpo direnak, berriz, bost dira: lau Lannemezanen (Okzitania, Euskal Herritik 290 kilometrora) eta bat Reaun (Frantzian, 890 kilometrora).
Kontrara, gora egin du zigorra erregimen irekian betetzen ari direnen kopuruak. Lehen graduak iraganeko afera dira, eta gradu progresioek salbuespen izateari utzi diote. Etxerat elkartearen datuen arabera, EPPK-ko hamabost kideri aplikatzen zaie gaur egun Espainiako Espetxe Araudiko 100.2 artikulua —bigarren gradu «malguagoa»—, eta kolektibo horretako 41 lagun daude hirugarren graduan; horietatik 30 zigorra etxean betetzen ari dira, kontrol neurriekin. EPPKtik kanpo dauden gutxienez hiru lagun ere etxean ari dira zigorrak betetzen.
Sare Herritarraren arabera, baina, gradu aldaketak oraindik ere ez dira behar bezain maiz ematen. Haien datuen arabera, beste 39 presok —baliteke gehiago izatea 7/2014 legea aldatu ostean— betetzen dituzte hirugarren gradura pasatzeko baldintzak, eta horietatik 25ek baita baldintzapean askatzekoak ere. Zehazki, lehena eskuratzeko baldintza nagusietako bat da zigorraren erdia beteta edukitzea, eta, bestalde, hiru laurdenak beteta eduki behar dira baldintzapean aske geratzeko.
Halere, izan da kezkarako tarterik gradu aldaketen maiztasunaz bestelakoetan ere, hautsak harrotu baitzituen EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren egindako gobernu akordioak. Sozialisten esku geratu da Justizia eta Giza Eskubideen Saila, eta beraz, baita euskal gatazkaren ondorioen kudeaketa instituzionala ere. Eskualdaketa gauzatu ostean, Maria Jesus San Jose sailburuak azaldu zuen «zuhurtziaz» jokatzeko asmoa zutela eta funtsezkoa dela «egindako kaltearengatik damututa» ateratzea espetxetik.
Uztailean izan zen hori, eta uda garaian geldialdi moduko bat izan zen Jaurlaritzaren eskumeneko gradu progresioei zegokienez. Orduan, euskal presoen eskubideen aldeko eragileek eskatu zioten «jarrera proaktiboa» izateko, eta egoera onbideratu egin zen udazkenerako: 11 hirugarren gradu eman dituzte ordutik. Denera, 2024an 29 eman zituen Jaurlaritzak, eta beste bat Espainiako Espetxe Erakundeek.
Gainera, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzaren jarrera ere baretu da, eta jada ez dira ohikoak gradu aldaketen kontrako helegiteak —ez du bakar bat ere aurkeztu martxotik—, nahiz eta biktimen zenbait elkartek kritika ugari egin Jaurlaritzari eta fiskalari azken hilabeteetan, hirugarren graduak «iruzur» bidez eman direlakoan.
Salbuespenak
Ez da hori izan euskal presoen egoerari eragin dion auzi bakarra. Europako Batasuneko zuzentaraura egokitzeko 7/2014 lege organikoaren erreforma izan zen eztabaidagai nagusia. Zarata handirik piztu gabe egin zuen bidearen zatirik handiena Espainiako Gorteetan, baina, hedabideetan hizpide bilakatu, eta agenda politikoa bereganatu zuen zenbait egunez.
Erreformaren ondorioz, Espainiako justiziak kontuan hartu beharko ditu euskal presoek Frantziako espetxeetan betetako zigor urteak. Neurri horrek 50 laguni baino gehiagori eragingo die, Etxerat-en eta Sare Herritarraren datuen arabera. Halere, abokatuek kasuz kasu aztertu beharko dute afera, eta itxaron egin beharko da ikusteko erreformaren ondorioak zenbatekoak izango diren.
Bestalde, Sare Herritarrak eta Etxerat-ek eskatu dute martxan diren gainerako salbuespen legeak indargabetzeko. Horietako bat da 7/2003 lege organikoa. Haren bitartez, 30 urtetik 40ra luzatu zuten gehienezko espetxealdia, eta gradu progresioak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintzak gogortu. Lege hark gutxienez hirurogei presori eragiten die egun.
Gainera, presoena ez da konpondu beharreko auzi bakarra. Etxerat elkartearen arabera, 2025a hasi berri den honetan hamasei iheslari eta hiru deportatu daude. Duela urtebete baino bi gutxiago dira.