Alarma egoera bukatuta ere, etxeratze aginduari eusteko nahia adierazi zuen joan den astean foru gobernuak. Gaur egun, gaueko 23:00etatik goizeko 6:00ak artekoa da muga. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari helarazitako idatzi batean, fiskaltzak adierazi du ez duela babesten neurri hori bere hartan gelditzeko erabakia. Kontra agertu da, eta bertan behera uzteko eskatu. Fiskaltzaren hitzetan, neurriak ez du lege babes nahikorik. «Neurri horrek norbanakoaren ibiltzeko askatasunean duen eragina handia da, eta kolokan jartzen da haren funtsezko edukia. Ondorioz, salbuespen legediaren bidez baizik ezin du izan estaldura legalik», adierazi du idatzian.
Halere, etxeratze aginduari dagokionaz gain, fiskaltzak babestu egin ditu Nafarroako Gobernuak datozen asteetarako proposatutako gainerako neurriak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren oniritzia beharko da araudiak aurrera egin dezan. Bihar arteko epea du ebazpena argitara ateratzeko.