Etxerat-en lekukoa hartu du Egin Dezagun Bideak

Sortu berri den ekimenak deituko du gaurtik aurrera hileroko azken ostiraleko mobilizazioetara

Bilbo
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatuko ditu gaurtik aurrera Euskal Herriko herri gehienetan preso eta iheslariak etxera ditzaten eskatzeko hilabeteko azken ostiralean egiten diren mobilizazioak.

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, euskal gizarte osoak bultzatu beharko lituzke euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioak, «ez bakarrik senideek».

Hain zuzen ere, hori izango dute erronka. «Orain arte euskal preso eta iheslarien alde aritu diren guztiekin batera, ahalik eta eragile, esparru, sektore eta pertsona gehien inplikatzea».

«Jauzi kualitatiboa»

Apirilaren 8tik, plataforma aurkeztu zutenetik, ekainaren 12ko manifestazioa da orain arte antolatu duten ekitaldi bakarra. Ekimenaren bultzatzaileen arabera, «jauzi kualitatiboa» eman dute. Izan ere, ekaineko azken ostiraleko mobilizazioak antolatzea abiapuntua baino ez da izango. «Uda osoan gure herri, auzo eta hirietan antolatzen ari diren eta antolatuko diren Herri Bilguneek hamaika ekimen prestatu dituzte». Horien artean dago uztailaren 3an «presorik gabeko sanferminak» aldarrikatzeko Iruñean egingo duten manifestazioa.

Errepresioaren eta sakabanaketaren ondorioak gizarteratzeko asmoz, jendearen inplikazioa eskatu dute. «Jaietan, kirol ikuskizunetan, musika festibaletan... euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko olatuak uda osoa zipriztindu behar du».

Munduko hainbat txokotako bisitariei preso eta iheslarien egoeraren berri emateko ere hainbat ekitaldi iragarri dute udarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.