Etxerat-ek salatu du «urruntzearen zikloa» ez dela erabat itxi oraindik

65 preso Espainiako espetxeetan daude oraindik, Euskal Herriratzeak hasi zirenetik ia bi urte igaro diren honetan. Apiriletik ez da mugimendurik izan

Etxerat-eko kideak, Bilbon egindako agerraldian. BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Uztailean bi urte beteko dira Espainia euskal presoak urruneko espetxeetatik Euskal Herriko kartzeletara edo Euskal Herritik gertu daudenetara lekualdatzen hasi zenetik. Hori dela eta, Etxerat elkarteak agerraldia egin du Bilbon, orain artekoaren bilana eta egungo egoeraren azterketa egiteko. Eta balantzeak baditu argi-ilunak, baita kezkatzeko motiboak ere: presoen senide eta lagunen elkarteaksalatu du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten 183 presoetatik 65 Espainiako espetxeetan daudela, eta horiei gehitu behar zaizkiela Frantzian Euskal Herritik urruneko espetxeetan dauden hamazazpiak: 82 orotara. Beraz, Etxerat-ek ondorioztatu du «euskal presoen sakabanaketaren eta urruntzearen zikloa» ez dela amaitu oraindik.

Gainera, presoen senitartekoek ohartarazi dute lekualdatzeen erritmoa asko moteldu dela, eta apirilaren amaieratik ez dela mugimendurik izan: «Denbora luzatzen jarraitzen dute».

Elkartearen izenean, Txusa Etxeandiak eta Jose Moralesek adierazi dute egoerak hobera egin duela azken bi urteotan, 2020ko uztailean lehen presoak Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzen hasi zirenetik: gaur egun, 101 preso daude Euskal Herriko espetxeetan, ez dago euskal presorik lehenengo graduan, hogei preso hirugarren graduan daude, eta dozena erdi batek baino gehiagok baimena dute espetxetik ateratzeko. «Aurrerapausoak dira, zalantzarik gabe», azaldu dute Etxerat-eko ordezkariek, «nahiz eta, lege arrunta aplikatuz gero, euskal preso gehienek atera beharko luketen modu batera edo bestera».

Edonola ere, oraindik multzo handi bati eta haien senitartekoei ez zaie onartzen «ingurukoengandik hurbil egotea, familia eta afektu loturari eusteko eskubidea». Euskal Herritik kanpoko zenbait espetxetan gaur egun ez dago euskal presorik, baina, orotara, oraindik badaude presoak Espainiako hamabi espetxetan: Topasen, Mansillan, Dueñasen, Estremeran, Alcalan, Asturiasen, Darocan, Zueran, Sorian, Burgosen, Logroñon eta Dueson.

Horri gehitu behar zaio pandemiaren «eragin erantsia». Izan ere, pandemiak iraun bitartean espetxean «erabat» itxi dira, eta eten egin dituzte bisita intimoak, familiakoak eta mintzatoki bidezko oinarrizko komunikazioak: «Presoak luzaroan egon dira seme-alabei eta maite dituzten pertsonei besarkadarik eman gabe».

Erritmoa moteldu egin da

Presoen senitartekoek kezkaz ikusi dute lekualdatzeen erritmoa moteldu izana. Hasieran, lekualdatzeak astero egiten zituzten; gero, hilero, eta, orain, «askoz gehiago atzeratzen dira». Datuak eman dituzte esandakoa frogatzeko: 2020ko uztailetik 2021eko uztailera, 234 hurbilketa, lekualdatze edo gradu aldaketa iragarri ziren; 2021eko abuztutik orain arte, 53 baino ez dira izan; eta aurtengo apirilaren amaieratik gaur arte ez da inolako mugimendurik egon. Zenbait presori ukatu egin diete gertuago dauden espetxeetara lekualdatzea, batzuei baita hiru eta lau aldiz ere.

Kartzela horietako zenbaitetan, eutsi egiten diote komunikazioen interbentzioari; «iraganeko beste inertzietako bat», hala definitu dute Etxerat-ekoek jokabide hori.

«Premiazkoa eta beharrezkoa da urruntzea eta sakabanatzea behin betiko amaitzea», esan dute Etxerat-eko ordezkariek: «35 urte baino gehiago dira senide eta lagunok egoera bidegabe eta ezohiko hori pairatzen ari garela».

Presoen senitartekoek berriro azpimarratu dute, «errepikatzen diren gezurren» harira, ez direla «onurez» ari, «baizik eta legean jasota dauden eskubideez»: «Bada garaia salbuespen politika desagerrarazi eta lege arrunta aplikatzeko», erantsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.