Duela jada bi aste jakinarazi zuten Antton Troitiño euskal presoari hirugarren gradua emanda aske utziko zutela, eritasun larri baten ondorioz, baina Etxerat elkarteak salatu du oraindik Estremerako espetxean jarraitzen duela presoak. Senideak bi aldiz joan dira haren bila kartzela atarira, alferrik: lehen aldiz, hirugarren gradua emanen ziotela jakinarazi zutenean; eta, bigarrenez, hirugarren gradua ematen zion autoa irmo bilakatu zenean. Hamabortz egun igaro dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak hura askatzeko autoa izenpetu zuenetik, baina ez dute oraindik aske utzi.
Etxerat-ek jakinarazi duenez, denbora tarte horretan lau aldiz eraman dute Troitiño ospitalera kimioterapia saioak hartzera, «oso egoera txarrean». Urtarrilaren 22an egin zen presoa askatzeko autoa irmo, baina orduan ere ezin izan zuten kartzelatik atera, Espainiako Espetxe Erakundeek aldaketa bat eskatu zutelako. Etxerat-ek «labirinto burokratikoa» salatu du: «Egun horretan bertan jakin zen Espetxe Erakundeek Troitiñori hirugarren graduaren ordez baldintzapeko askatasuna aplikatzea proposatzen duen txosten bat egin zutela. Fiskaltzak eta epaileak ez zuten horri buruzko erabakirik hartu, eta presoa espetxean jarraitzea eragin zuen».
«Haserre» dago Etxerat, «gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan, pertsonen duintasuna errespetatzeko irizpide eta praktikarik ez dagoelako», eta «duintasuna» galdegin du: «Beste garai batean gaude, eta salbuespenezko espetxe politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuk deuseztatzeaz gain, presoen eskubideak errespetatzen dituzten jarreretarantz eta haien bizi baldintza duintzerantz eboluzionatu behar du». Horretarako, bertzeak bertze, «arreta duina» eman beharko litzaieke presoei. Etxerat-en ustez, ordea, ez da hala: «Nabaria da egoera larriagotu egin dela COVID-19aren pandemiarekin; izan ere, espetxeetako sindikatuek ere salatu dute osasun asistentzia falta eta espetxe batzuetan medikurik ez dagoela».
2020ko apiriletik eri
Etxerat-en ustez, Troitiñoren kasuak argi islatzen du espetxeetako osasun artarik eza. Gaitzaren lehen sintomak 2020ko apirilean sentitu zituen Donostiako euskal presoak, baina presoen senideen elkarteak salatu du «osasun asistentzia eraginkor eta duinik» ez zitzaiola eman. Estremerako espetxean, zehazki, ez dago mediku nahikorik, Etxerat-en arabera, eta bakartze moduluetatik ez dira astero pasatzen, «legeak hala dioen arren». Elkarteak salatu du Troitiñok irailera arte ez zuela «behar bezala zuzendutako asistentziarik» jaso, hau da, lehen sintomak sumatu eta bortz hilabete pasatu arte. Abokatuak urriaren 27an eskatu zuen aske uzteko.
Etxerat-ek salatu du zigor luzeek eta asistentziarik ezak «osasuna azkar hondatzea» eragiten dutela, «COVID-19ak eragindako larrialdia eta arrisku erantsia gehituta», eta Espainiako eta Frantziako gobernuei galdegin die osasun asistentzia «duina» bermatzeaz gain «berehala» aske utz ditzatela gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamazazpi euskal presoak, baita 65 urtetik goitikoak ere.