Euskal presoak

Etxerat-ek salatu du «urruntzearen zikloa» ez dela bukatu

Ohartarazi dute lekualdatzeen erritmoa moteldu egin dela, eta apirilaren amaieratik ez dela mugimendurik izan.

Bilbon egindako agerraldia. BERRIA
gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 20a
12:31
Entzun

Etxerat elkarteak salatu du EPPK Euskal Preso Politikoek Kolektiboa osatzen duten 183 presoetatik 82 Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudela, 65 Espainian eta 17 Frantzian, eta, beraz, «sakabanaketaren eta urruntzearen zikloa» ez dela oraindik amaitu. Gainera, presoen senitartekoek ohartarazi dute lekualdatzeen erritmoa asko moteldu dela, eta apirilaren amaieratik ez dela mugimendurik izan: «Denbora luzatzen jarraitzen dute».

Elkartearen izenean, Txusa Etxeandiak eta Jose Moralesek adierazi dute egoerak hobera egin duela azken bi urteotan, 2020ko uztailean lehen presoak Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzen hasi zirenetik: gaur egun, 101 preso daude Euskal Herriko espetxeetan, ez dago euskal presorik lehenengo graduan, hogei preso hirugarren graduan daude, eta dozena erdi batek baino gehiagok baimena dutela espetxetik ateratzeko, «nahiz eta, lege arrunta aplikatuz gero, euskal preso gehienek atera beharko luketen modu batera edo bestera».

Edonola ere, oraindik multzo handi bati eta haien senitartekoei ez zaie onartzen «ingurukoengandik hurbil egotea, familia eta afektu loturari eusteko eskubidea», eta horri gehitu behar zaio pandemiaren «eragin erantsia».

Presoen senitartekoek kezkaz ikusi dute lekualdatzeen erritmoa moteldu izana. Hasieran, lekualdatzeak astero egiten zituzten; gero, hilero, eta orain «askoz gehiago atzeratzen dira». Datuak eman dituzte esandakoa frogatzeko: 2020ko uztailetik 2021eko uztailera, 234 hurbilketa, lekualdatze edo gradu aldaketa iragarri ziren; 2021eko abuztutik orain arte, 53 baino ez dira izan; eta aurtengo apirilaren amaieratik gaur arte ez da inolako mugimendurik egon. Zenbait presori ukatu egin diete gertuago dauden espetxeetara lekualdatzea, batzuei baita hiru eta lau aldiz ukatu ere.

«Premiazkoa eta beharrezkoa da urruntzea eta sakabanatzea behin betiko amaitzea», esan dute Etxerat-eko ordezkariek. «35 urte baino gehiago dira senide eta lagunok egoera bidegabe eta ezohiko hori pairatzen ari garela». Presoen senitartekoek berriro azpimarratu dute, «errepikatzen diren gezurren aurrean», ez direla «onurez» ari, «legean jasota dauden eskubideez» baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.