Etxerat-ek mobilizazioak antolatu ditu abuztuaren 6rako

Presoen eskubideen urraketak bukatzeko eskatuko dute, hamabost hondartzatan

JON URBE / @FOKU.
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Donostia
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Abuztuaren 6an, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hamabost hondartzatan mobilizatuko da Etxerat, Etxera lelopean. Arena, Bakio, Laidatxu, Laida, Laga, Ea, Lekeitio, Ondarroa (Bizkaia), Mutriku, Deba, Zarautz, Orio, Donostia, Hondarribia (Gipuzkoa) eta Hendaiako (Lapurdi) hondartzetan, senideek pairatzen dituzten egoerak salatuko dituzte, eta adieraziko dute presoek eta erbesteratuek etxera itzuli behar dutela.

Etxerat euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak «gizarte osoaren eskubideak errespetatzeko» eskatu du. «Zorionez, presoen sakabanaketa amaitu egin da, eta egoera hobetu da, zalantzarik gabe. Halere, gradu erregresioak itzultzen ari dira, eta Auzitegi Nazionaleko sektoreek oztopo gehiago jartzen dituzte, egungo testuingurutik erabat kanpo dagoen mendeku gisa». Era berean, salatu dutenez, presoek batez beste hogei urtetik gorako espetxealdia eta urruntasuna «baldintza txarrenetan» gainditzen dute. Gaineratu dute preso horietako asko adinekoak direla eta horietako batzuei gaixotasun larriak diagnostikatu dizkietela.

Halaber, eskatu dute oraindik indarrean dauden salbuespen neurriak eta euskal presoei aplikatzen zaien «eskubideen urraketa» behingoz amaitzeko. «Gure presoentzat ez dugu pribilegiorik eskatzen, eskubideak baizik. Aplikatu legedia arrunta, eta desblokeatu dagokien ibilbideak gizarte osoaren eskubideak errespetatzeko».

Oroitarazi dute gaur egun 151 preso, hamazazpi erbesteratu eta bost deportatu daudela. Bide beretik, gogora ekarri dute bihar zortzi zendu zen Sebas Etxaniz euskal preso ohia. «Erbesteko eta espetxeko urte luzeak ez zaizkio oharkabean pasatu». Ordura arte, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kiderik zaharrena zen, 80 urterekin.

Bestalde, Etxerat-ek bat egin du Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna dela-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak eginiko adierazpenarekin. Arartekoak erakundeei dei egin zien «lan egiten jarrai dezaten, ingurune irekiko zigorrak eta neurriak indartzeko, birgizarteratze sarean aurrera egiteko, eta espetxean dauden pertsonen eta senideen biktimen eta gizarte osoaren eskubideak errespetatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.