Etxerat: «1989tik dena aldatu da, sakabanaketa politika izan ezik»

Ostegunean beteko dira 25 urte Espainia sakabanaketa «modu sistematikoan» ezartzen hasi zela; protestak iragarri dituzte hiriburuetan«Sufrimenduaren eta minaren» urteurrena dela salatu du presoen senideen elkarteak

Donostian, Gros auzoko gasolindegi batean salatu zuen atzo Etxerat elkarteak sakabanaketaren 25. urteurrena. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2014ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Neurriaren «ankerra» irudikatu nahi izan dute. Presoei ez ezik, haien hurbilekoei ere ezartzen zaien «zigor bikoitza». Gasolindegi batean egin dute, horregatik,agerraldia. Donostian, Gros auzoan. Bidaietarako erabiltzen dituzten furgonetak eta maletak hartuta. Errepidearen arriskuez ohartarazteko, egin beharreko kilometro guztien berri emateko, familia bakoitzak dituen gastu guztiezargibideak emateko. Ostegunean beteko dira 25 urte Espainiako Gobernua sakabanaketa era «orokor, sistematiko eta kolektiboan» aplikatzen hasi zela. «Sufrimenduaren eta minaren» urteurrena da hori; hala salatu du euskal presoen Etxerat elkarteak. Egun horretarako, eta salaketa hori egiteko asmoz, elkarretaratzeak deitu dituzte Espainiako Gobernuak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean dituen ordezkaritzen aurrean (12:00).

Kilometroei eta istripuei buruzkoa da datua: 16 senide eta lagun hil dira espetxetara bidean edo haietatik bueltan urte horietan guztietan. «Istripu horiek ez dira, inondik inora, kasualitatea; kausalitatea baizik». Senide bakoitzak egin beharreko gastuari buruzkoa da datua: 378 euro astean, 1.638 euro hilean, eta 19.653 euro urtean. «Senideak, senide izateagatik zigortzen gaituzte. Zigor fisikoa, zigor psikologikoa, gizarte zigorra eta baita zigor ekonomikoa ere. Asteburuoro 1.400 bat kilometro egitera behartzen gaituen zigorra».

Urtzi Errazkin eta Patrizia Belez mintzatu dira elkartearen izenean. 1989. urtea izan dute gogoan. Ordutik hona urte asko pasatu direla esan dute, baina gogora ekarri behar dela «neurri anker» haren «bultzatzaileak» nortzuk izan ziren: «Beharrezkoa da gogoratzea PSOE eta EAJ izan zirela neurri horren bultzatzaileak eta, maiatzaren 15ean, neurria era sistematikoan euskal preso politiko guztiei aplikatzea adostu zutela. 25 urte igaro dira Mugika Herzog eskubide urratzaileak sufrimenduaren eta minaren hitzarmena martxan jarri zuela».

Eta egin dute 1989 hartatik hona euskal presoen gaiak egin duen bideari buruzko hausnarketa. Datu bidez, lehenengo: «1989 urtean, euskal preso politiko gehienak Carabanchel, Alcala Meco eta Herrera de la Manchan zeuden. 25 urte igaro dira eta, egun, 491 preso politiko ditugu Espainiako 51 espetxetan eta Frantziako 27 presondegitan barreiaturik. Presoak, batez beste, euren etxeetatik 800 eta 1.100 kilometrora dituzte preso. Urte bakar batean, hiru euskal preso politiko hil dira, preso jarraitzen zutelarik. Egun, 12 dira larriki gaixorik dauden euskal preso politikoak». Mezu bidez, bigarren: «Sakabanaketa itotzeko garaia da. Sakabanaketak ez du inoiz inongo legitimitaterik izan, eta egun ez du inongo justifikaziorik. Urte asko igaro dira 1989. urtetik. Dena aldatu da. Dena, sakabanaketa izan ezik».

Euren guraso, anai-arreba eta seme-alabak «maitatzeagatik» ezarritako «bigarren zigorrari» buruz aritu dira, urte horietan bidean ikusitakoez, haien bidean gurutzatu direnez. «Gure bidean txakurrak, basurdeak, autoak edo furgonetak gurutzatu dira. Baita ministro eta gobernadoreak ere. Eguraldiaren aldaketak pairatzen ditugu, tren, hegazkin, metro edo autobusen atzerapenen zain bizi gara eta, era berean, poliziaren jazarpena, jarraipenak eta mehatxuak pairatzen ditugu. Hau guztia, senide izateagatik».

Eta eman dituzte datuak. Datu argigarriak eman ere. Baina benetako datuak, senide eta lagunen «sufrimenduarenak» kalkulatzea «oso zaila» dela diote, «ezinezkoa ia». 25 urte horietan «milaka» euskal herritarri eragin dielako sakabanaketak. «Zeinek ez du herri honetan, milaka kilometro egitera behartuta dagoen pertsonarik ezagutzen? Zeinek ez du sakabanaketa pairatu duen lagun, senide edo auzokiderik? Milaka eta milaka kilometro, 40 minututako bisita bat egiteko».

Horregatik deitu dute euskal gizartea osteguneko elkarretaratzeetan parte hartzera. «Sakabanaketaren arduradunei honekin amaitu dezatela exijitzen diegu. Aski da! Sakabanaketaren oraingo arduradunei, lehengoei, guztiei: Aski da! Eskubide urraketak amaitu behar dugu». Hori da etziko leloa: 25 urte gure bizitzekin jolasten. Dispertsioa ito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.