Bidaia honi doinu bat jartzekotan, Delirium Tremens taldearen kanta ezagunarena aukeratuko genuke: Ikusi, ikusi eta ikasi, ez esan gero aukerarik ez duzula izan». Doinu aukeraketa Euskaldunon Egunkaria-ren 1995eko urriaren 29ko edizioan jasotakoa da, Quebeceko bigarren independentzia erreferenduma egin baino bi egun lehenagokoa, euskal ordezkaritza bat hara egitekoa zen bidaia musikatzeko.
Euskal alderdi politikoetako ordezkariek bertatik bertara bizi izan baitzituzten erreferendumaren kanpainako azken astea eta bozketa bera. EAJk hiru lagun bidali zituen: Joseba Egibar, Josu Jon Imaz eta Juan Maria Ollora. Herri Batasunetik, berriz, Adolfo Araiz joan zen. Astebete inguruko bidaia, Quebeceko prozesuari euskal begiradatik so egiteko eta egun horietatik irakaspenak ateratzeko. «Ikasteko eta ikusteko modua izan genuen», Egibarrek gogora dakarrenez. Antzera mintzo da Araiz: «Ikusten zen momentu politiko horretan estatu demokratiko batean ematen zen pauso bat zela, eta gu irakaspenak ateratzera joan ginen».
25 urteko aldea igaro arren, xehetasun batzuk gogoan dituzte bidaia hartako protagonistetako batzuek. Egibarrena da pasadizoa: «Ez genuen arazorik izan bisarekin eta pasaportearekin, baina, hara iritsi ginenean, Quebeceko prozesuaren aldekoak ginelakoan, bazuten informazio bat hango enbaxadore edo kontsulatuaren eskutik: PNBk Frantziako lurraldearen parte bat eskatzen zuela». Komunitate frankofonoa zen independentziaren aldekoa, eta kontra zeuden anglofonoak; baina EAJk Ipar Euskal Herrian duen posizioak sortu zuen gaizki-ulertua. Ez zuten oztoporik izan, halere: «Aldez aurretik euskaldun batzuekin geneukan harremana, gipuzkoar pare batekin, Mungialdeko euskaldun batzuekin... Haiek Alderdi Quebectarrean (PQ) zeuden, eta harremana zuzena izan zen. PQri azaldu genion asmoa, eta gonbidatu egin gintuzten, oso modu egokian».
Frantsesez egiten bazekielako bidali zuten, berriz, Araiz: «Behatzaile gisa joan ginen, eta ikusi genuen sekulako ilusioa zegoela. Eztabaida oso luzea egon zen, hiruzpalau urtekoa». Izan ere, Bloke Quebectarrak hauteskundeen aurretik esana zuen gehiengoa lortuz gero beste erreferendum baterako prozesua abiatuko zuela, eta gehiengoa eskuratu zuten: «Izugarrizko eztabaida sortu zen. Kanpaina oso intentsoa izan zen. Kanpainako azken lau egunetan egon ginen han, eta izugarrizko ilusioa ikusten zen kaleetan; leku guztietan zegoen mitin bat independentziaren alde».
Ekonomia ardatz
Memoria ariketa eginez, «esperientzia oso interesgarria» izan zela dio Araizek; neurri batean, ordura arte Euskal Herritik autodeterminazioarekiko egon zitekeen hurbilketa diferentea zelako, eskubide nazionaletan eta nortasunean kokatuagoa: «Deigarria egin zitzaigun eztabaida termino ekonomikoetan planteatu zela; zer gertatuko litzatekeen Quebec estatu independentea izanda. Gu ohituta geunden parametro politikoetan eztabaidatzera». Horixe izan zen Herri Batasunak Quebecetik atera zuen irakaspen nagusia: «Eztabaida ekonomikoa oso inportantea dela eta ahalegin handiak egin beharko direla beldurrak uxatzeko, debate horretan sartu behar dela».
Argudio ekonomikoek hartu zuten zentraltasuna gogoan du Egibarrek ere: «Esaten zuten Quebecek ez zuela etorkizunik izango». Horrek huts egin zuen, ordea, eta beste ildo bat abiatu zuten orduan federalistek: «Hurrengo mezua hau izan zen: Maite zaituztegu. Eskoziako eskema bera». Izan zen hirugarren aldagai bat, Araizen arabera: indigenen egoera. Izan ere, herri indigenek akordioak zituzten Ottawarekin diru laguntzak jaso eta horien iraupena bermatu ahal izateko, eta subiranistek salatu zuten horiei «xantaia» egin zietela, esanez Quebec independente batean laguntza horiek gal zitzaketela. Horien artean nabarmen nagusitu zen ezezko botoa.
Heldu zen botoa emateko eguna. Kiroldegi bat atondu zuten, gauean zehar boto zenbaketaren berri izateko. Araizen arabera, «dena prestatuta zegoen izugarrizko festa izateko. Baina hasi ziren zenbatzen eta ikusten zen ez zela iristen gehiengora». Gogoan duenez, independentistek bazekiten oso estua izango zela emaitza. Baita izan ere; botoen %50,58 eskuratu zuen Quebecek Kanadan jarraitzearen aldeko aukerak. Emaitza estuari erreparatu eta baiezko botoa azpitik zegoela ikustean atsekabea nagusitu zela oroitu du Egibarrek, baina subiranistak ez zituen etsita antzeman, uste baitzuten hurrengo batean irabaziko zutela: «Emantzipazioa, askatasuna edo estatus berri bat lortu nahi duenak esaten du irabazi arte, behin irabazita ja ez baita atzera egiten; hori ez du gero inork aldatuko».
Arrastoa euskal politikan
Quebecen garatutako prozesuaren printzak heldu ziren euskal politikara urte batzuk geroago. Izan ere, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zuen Jaurlaritzaren estatutu proiektuak (2004an Eusko Legebiltzarrean onartuak) inspirazio iturri gisa erabili zuen Quebeceko esperientzia, besteak beste, printzipio demokratikoa eta legezkotasun printzipioa uztartzeko.
Testu horren 13.1 artikuluan nabari da Quebeceko bidearen esentzia: «Euskal herritarrek, berariaz egin zaien kontsultan beren erabaki askea demokraziaz erabilita, beren borondate argi eta zalantzarik gabea baliozkotzat jotako botoen gehiengo osoan oinarritua adierazten dutenean Estatutu honetan arautzen diren Espainiako Estatuarekiko harreman politikoaren eredua eta araubidea osorik edo funtsean aldatzeko, baita Europarekiko eta nazioartearekiko harremanak aldatzeko ere, euskal instituzioek eta Estatukoek beren buruak behartutzat joko dituzte euskal gizartearen borondate demokratikoa adostasunez gauzatzeko aukera emango duten baldintza politiko berriak ezartzearen alde negoziazio-prozesu bat bermatzera». Oinarri horiek indarrean daude EAJren egungo proposamenetan, Egibarren esanetan.
Mugimendu subiranistaren antolakuntzari buruzko gogoetak ere atera zituen Araizek, eta paralelismoa egiten du Quebecekoaren eta gerora EH Bilduk izan nahi duenaren artean: «Elkarrizketa batzuk izan genituen PQrekin, Bloke Quebectarrarekin... Guretzat oso interesgarria izan zen, independentziaren aldeko indar gehienak hor sartuta zeuden. Euskal Herrian horrelako antolakuntza bat interesgarria litzatekeela ikusten genuen».
Europako testuingurua ez zen nolanahikoa. 1995ean, hiru urte ziren Maastricheko Ituna sinatu zenetik eta Baltikoko herrialdeak estatu independente gisa osatu berri ziren. Subiranistek beste zerbait espero zuten orduan Europako erakundeen jokabideaz. Eta Europako Batasunak oraindik ere burujabetza auziei irtenbidea eman beharko diela uste du Egibarrek: «Europa berri hori estatuen batura gisa osatu da. Quebecek edo Eskoziak erakusten dutena da beste errealitate batzuk daudela estatu izan nahi dutenak, eta nazio errealitate horretatik abiatuta».
Quebeceko bigarren erreferendumetik 25 urtera
Etxerako ikasbideak
Quebeceko erreferenduma bertatik bertara bizi izan zuten Egibarrek eta Araizek. Gogoan dute ekonomiak izaniko pisua; prozesu hark bi familia abertzaleen jardunean izan du isla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu