Pastor
DARWIN ETA GU

Etxepare Ho Chi Minh Hirian

2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Espainiako probintzien eta hiriburuen izenak buruz ikasten genituen Francoren eskola nazionaletan: Castilla la Nueva, Castilla la Vieja, León, Murcia —Murcia eta Albacete—… Errioxa eta Kantabria Logroño eta Santander ziren, hurrenez hurren. Gaztela Zaharreko probintzia hutsak. Lurralde afrikarrak ere bazituen Espainiak: Ekuatore Ginea, Sahara, Ifni... Bitxiena hau zen: Andaluzia Afrikan ere bazegoen —edo Afrika Andaluzian—: Ceuta Cadizko probintziakoa zen eta Melilla, Malagakoa. Vascongadas hiru probintzia ziren —gure EAE—: Álava, hiriburua: Vitoria. Guipúzcoa: San Sebastián. Vizcaya: Bilbao. Eta Navarra. Hiriburua: Pamplona. Espainia batuta. España una y no cincuenta y una.

50 urte baino gehiago igaro diren arren, gure erreferentzia geografikoek Espainiaren mende segitzen dute, lehen bezala. Edo okerrago: aspaldi, bederen, diktadura izan zitekeen kontzientzia nazional hitsaren arrazoia. Alta, egoera ez da bereziki hobetu erregimen monarkikoan. Adibide franko ditugu horren seinale. Azkena, aste honetakoa: istripuei buruzko berrietako tituluetan herrialdearen izena ipini behar dela adierazi dio irakasleak ikasleari. Euskal Herri osoa hartzen duen euskarazko egunkari batean ari balitz bezala jorratu behar du testua. Nafarroako irakurle batek ez du zertan National Geographic-era jo Aulestia non den jakiteko. Tituluan ezbeharra Bizkaian izan dela argitu behar luke kazetariak. Istripua hiriburuan izan bada, orduan bai, huraxe idatzi. Ikasleak arazo bat du, baina: ez daki Euskal Herriko probintziak eta hiriburuak zein diren.

Euskalduna da neska, Bizkaiko kostaldeko herri batekoa. Hango hizkeraz eta doinuaz mintzo da. Bizi-bizi. Euskaraz egin ditu unibertsitaterainoko ikasketa guztiak. Eta hala eta guztiz ere… Ez azaldu ikasleari bizkaitar batek ez duela jakin behar Lekorne herria non datzan eta, ondorioz, Lapurdi idatzi behar duela tituluan. Lapurdi zer den ere ez daki. Bitxikeria barregarria litzateke haren ezjakintasuna, erretiroa hartu eta anekdota-liburua idazten ari den irakasle zaharraren gozagarri. Hobe hala balitz. Neska horrena ez da kasu bakana, ordea. Halakorik asko dugu. Gero eta gehiago. Eta horrek grazia punttua kentzen dio pasadizoari.

Doktrinamendua? Non? Nork-nori-nor? Has zaitez lanean Espainiaren eredu autonomikoa defendatzen duen hedabide batean. Egun batean, irakaskuntzari buruzko erreportajea idazteko esango dizu zure saileko buruak. Euskal Herrian kokatu beharko duzu. En el País Vasco. Ausart zaitez Nafarroako daturik sartzen. Igarriko diozu zer gertatuko zaizun. Areago Iparraldeko xehetasunik sartzen baduzu. Jakinaraziko diozu ez dela kontu politikoa, euskararen herria dela lurralde osoa, zazpi probintzia direla, Izpura Euskal Herrian dagoela, bla, bla, bla. Berehalaxe erakutsiko dizu orain arteko nagusi jatorrak aterako bidea non duzun. Konstituzionalismoaren fundamentalismoa.

Horixe da haien legea. Hezkuntzatik harago ere ezartzen dute doktrina. Edonon. Eguraldi txarrak Senpereko festa zapuztu du. Hegoaldeko erakunde publiko batek laguntza ekonomikoa eman dio Seaskari. Dirua erbestean xahutzen ari dela esango dute. Haiek ez dute erreparorik espainiera munduan zehar zabaltzeko, horratik. Cervantes institutuak Dublin, Berlin, Aljer, Kairo, Dakar, New York, Sydney, Delhi, Pekin, Jakarta eta abarretan ditu egoitzak. Hori ordaintzeko sosak ez dituzte tokian tokiko gobernuek ematen, Espainiak baizik.

Ez dugu Vietnam urrunean euskara ikasteko eskolarik eraikiko. Nahikoa dugu Etxepare lizeoari laguntza ematearekin

Beude lasai Madrilgo agintari guztiz ahaldunak. Eta Gasteizko zenbait. Ez dugu Vietnam urrunean euskara ikasteko eskolarik eraikiko. Nahikoa dugu Etxepare lizeoari laguntza ematearekin. Alta, ez dira ados egongo. Dirua Frantziara joan dela argudiatuko dute. Amets nazionalistaren atzaparrak atzerrian. Cervantes institutuak Asiako azken muturrean eskola bat irekitzea, aldiz, zeharo logikoa dute. Ez du ezein kutsu susmagarririk. Kultura hutsa da. Hain daude hurbil Hanoi eta Madril! Doktrinamendua? Non? Nork-nori-nor?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.