Etxelekuri Errobiko ordezkaritza kendu dio Etxegaraik

Sei auzapezek bidalitako gutunean oinarritu da lehendakaria erabakia hartzeko. Errobiko hautetsi batek baino gehiagok zalantzan ezarri du egiteko moldea, lurralde eremuko batzordeari ez baitiote kontsulta egin.

Peio Etxeleku, otsailean iragan zen elkargoko batzarrean. PATXI BELTZAIZ
Peio Etxeleku, otsailean iragan zen elkargoko batzarrean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko maiatzaren 17a
17:51
Entzun

Peio Etxeleku ez da gehiago Errobi lurralde eremuko erreferentea, eta ez du batzorde exekutiboan parte hartzen ahalko. Hala erabaki du Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Maiatzaren 15eko data du Pirinio Atlantikoetako prefeturari bidalitako erabakiak; Etxegaraik jakinarazi du ordezkaritza funtzioak kendu dizkiola Etxelekuri, «elkargo administrazioaren ibilmolde egokiari lotu arrazoiak» direla eta.

Etxelekuk berak asteazkenean jaso zuen lehendakariaren deia, arratsean, Errobi lurralde eremuko bilkura baino oren erdi lehenago. Etxegaraik jakinarazi zion Errobi eremuko sei auzapezen gutun bat jaso zuela —11 herri dira orotara—, eta hartan erraten zutela Etxelekurenganako konfiantza galdua zutela. Ez zion zehaztu auzapezak zein ziren, baina BERRIAk jakin ahal izan duenez, Kanbo, Luhuso, Arrangoitze, Ezpeleta, Zuraide eta Jatsuko auzapezak dira sinatzaileak —horietarik hiru ez dira elkargoko hautetsiak—.

Etxelekuren hitzetan, Etxegaraik ez zion zehaztu bere funtzioetatik kentzeko arrazoi zehatzik, baina Christian Deveze Kanboko auzapezarekin izandako gertakaria aski irmoki gaitzetsi ez izana litzateke gibelean, hainbat iturriren arabera. Apirilaren 10ean, ehun bat laborari eta herritar herriko kontseilura sartu ziren Marieneko lurretako auziaren harira protesta egiteko. Jendarme, manifestari eta hautetsien arteko bultzada mugimenduan, auzapeza lurrera erori zen, eta horrek polemika sortu zuen hainbat egunez. Prefeturak, Etxegaraik, eta beste zenbait hautetsik Devezeren kontrako «bortizkeria» salatu zuten. Etxelekuk prentsaurrekoa egin zuen egun batzuk geroago, eta adierazi gertaera ezin zela ulertu Marieneko aferaren nondik norakoei so egin gabe. «Eskaladaren logika» gelditzeko deia egin zuen, eta Etxegarairi eskatu zion bitartekaritza bat abian ezartzeko partaide guzien artean. 

Maiatzaren 4an Errobi eremuko zortzi auzapezekin bildu zen Etxeleku; kontatu duenez, Jean Marie Iputxa Ezpeletako auzapeza izan zen bilkuraren deitzailea. Izan zuten solasaldian, horietako batzuek «neutraltasun falta» leporatu zioten Etxelekuri: «ez argiki gaitzestea Kanboko gertakariak, talde politiko bat sortu izana, alderdi politiko bateko kide izatea, eta Kanboko Herriko Etxean oposizioko hautetsi izatea», zerrendatu du. Beste batzuek hura defendatu zutela ere erran du.

Kanboko auzapezaren gehiengoan aurkeztu zen Etxeleku 2020ko herriko bozetan, eta elkargoko ordezkari izateko izendatu zuten. Horren ondotik, Errobiko ordezkari hautatu zuten lurralde eremu horretan parte hartzen duten 11 herrietako 35 hautetsiek. Marieneko proiektuari begira desadostasunak baitzituzten, gehiengotik atera zen 2022ko urrian. «Orduan, lurralde eremuko hautetsien itzulia egin nuen banaka, eta erran zidaten ez zela arazorik ordezkari segi nezan», erran du Etxelekuk. «Auzapezekin maiatzean egin nuen bilkuraren ondotik ere ez nuen sentitu alimaleko larrialdirik bazela ni kargutik kentzeko».

Harriturik eta haserre mintzatu da Etxeleku Etxegarairen erabakia dela eta, eta batzuen «urduritasuna» aipatu du: «Nor da beldur eta zergatik? Zertan da leporatzen zaidanaren larritasuna? Lotsagarria da, bai erabakia eta bai forma». Gertatu den horrek «elkargoko funtzionamenduari buruz» zer erakusten duen aipatu du: «Uste dut gure barne demokrazia biziki eri dela».

Gobernantza paktua

Errobi lurralde eremuko bilkura Etxelekuk gidatu zuen asteazkenean, eta «arrunt normal» iragan zela erran du; gai zerrendan adostu gaiak aipatu zituzten. Haatik, ostegun goizean ez zekien hurrengo bilkura antolatzeko ardura izanen zuen ala ez. Hala adierazi zien Errobiko gainerako hautetsiei ere bilkuran, eta Etxegarairen deiaren berri eman. «Erran nien nahiko nukeela parada ukan lurralde eremuaren bilana egiteko, gobernantza aipatzeko, zer rol bete behar duen lurralde eremuko ordezkari batek». 

Etxelekuren iritziz, Etxegaraik «osoki zangopilatu» du Euskal Hirigune Elkargoan onartu zuten gobernantza ituna. 2020tik 2026 arteko agintaldirako onartu zuten dokumentuan idatzia da elkargoko lehendakariak izendatzen dituela lurralde eremuetako ordezkariak, eremu horietako batzordeekin adosturik. Praktikan, lurralde eremu bakoitzean bozkatu zituzten ordezkariak, eta elkargoko batzarrean berretsi zuten erabakia, beste bozka bat eginez. Legez, lehendakariak badu eskubidea ordezkaritzak kentzeko, baina ez da ohikoa hautetsien erabakiaren gainetik jartzea. 

Hala adierazi du Nicole Etxamendi Itsasuko auzapezorde eta elkargoko hautetsiak ere. «Nork hartu du erabakia gure lekuan? Eztabaida dezagun Peiok lana egin duen ala ez». Haren hitzetan, lurralde eremuko hautetsi batek baino gehiagok adierazi zuen kexa Etxegarairen erabakiaren berri jakin zutenean. «Biziki larria da. Autoritarismoa da, erregimen autoritario bat da. Proiektuak baditugu lurralde eremuan, jendea ari da lanean, Peiok dosierrak aitzinarazten ditu. Zerk motibatu du erabakia? Erabaki horrek kalte egiten dio demokraziari, eta hautetsien lanari».

Kontsultarik gabe

Bruno Karrere Uztaritzeko auzapezak ere baieztatu du Errobiko lurralde batzordearekin hitzartu gabe hartu duela erabakia Etxegaraik. Elkargoko lurralde antolamenduaren lehendakariorde da Karrere, eta, karia horretara, batzorde exekutiboan parte hartzen du; tentuz hitz egin nahi izan du, eta baieztatu du Etxegaraik baduela eskubidea halako erabakiak hartzeko. «Sei auzapezek gutuna idatzi dute, baina denei ez digute kontsulta egin; nirekin ez dira bildu. Lurralde batzordeko bilkuran jakin genuen erabakiaren berri, asteazkenean». 

Lurralde eremuko hautetsiak biltzeko beharra aipatu du: «Badira galdera anitz airean, eta beharrezkoa da denak bil gaitezen. Gutxienekoa iruditzen zait». Ez du argitu nahi izan erabakia hartzeko moldea egokia zaion ala ez: «Hasteko, argi da ordezkaria lurralde batzordeak proposatzen diola lehendakariari, eta desmartxa hau ez dela lurralde batzordetik heldu. Funtzionamendu zailtasun bat sortzen du. Peiorekin mintzatu naiz, normalean elkarrekin mintzo gara denak; hor ez da hala izan. Hori da biziki-biziki jenagarria niretzat. Ez dakigu zer idatzi duten gutunean, nik behintzat ez dakit». Carrerek erran du denean ados ez izanik ere ez duela Etxelekurekin «bestelako arazorik», eta ez dakiela zerk bultzatu dituen auzapezak gutuna idaztera. «Lan egin du, engaiatua izan da bere misioan; hori ezin zaio leporatu».

«Harriduraz» hartu du erabakia Laurence Elizalde Jatsuko lehen auzapezordeak ere. Asteazkenean izan zuen Etxeleku kanpo ezartzeko erabakiaren berri; alta, Elizalderen herriko auzapeza Etxegaraik eskuratu zuen gutunaren sinatzaileetarik bat da. «Erabaki horrek ez du herriko kontseilua ordezkatzen; ez dugu elkarrekin hartu. Goiz honetan abisatu nau auzapezak, galdera egin baitiot. Auzapezaren jarrera pertsonala da»

«Penatua» agertu da erabakia hartzeko moldeagatik, sei auzapezen gutunean oinarritzeagatik: «Uste dut hautetsi guzien artean eztabaidatzen ahal genuela, elkarrekin gogoetatu». Hemendik aitzina, elkarrekin bildu eta mintzatzeko beharra aipatu du hark ere, egoera «baretzeko». Elizalderen hitzetan, lurraldeko batzordean herriek dituzten ordezkariek erabaki behar dute Etxelekuk Errobiko ordezkari karguan segitu behar duen ala ez. «Niretzat, dinamikan zen lurralde ordezkari gisa, herri bakoitzari adi, eta bakoitzak zituen beharrei erantzuten entseatu da.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.