Errobiko bederatzi hautetsik agiria zabaldu dute Peio Etxelekuri lurralde eremuko ordezkaritza kendu izana kritikatzeko. Etxelekuren kontra jo zuten sei auzapezen jarrera salatu dute, eta ez dute ontzat eman Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak kargua kentzeko erabakia hartu izana, lurralde eremuko batzordea «informatu eta kontsultatu gabe».
Ikusi gehiago
Hauek dira adierazpena izenpetu duten hautetsiak: Yannick Bassier eta Emmanuelle Dallet (Basusarri), Denise Cedarry, Mikel Goienetxe, Erik Mailharrancin eta Françoise Gallois (Uztaritze), Laetitia Croc eta Nicole Etxamendi (Itsasu), eta Argitxu Hiriart Urruti. Mikel Hiribarren Itsasuko auzapezak ere izenpetu du testua —ez du lurralde eremuan parte hartzen—.
Sei auzapezek Etxelekuren kontra gutun bat idaztearen «printzipioa» bera salatu dute hautetsi izenpetzaileek, eta baita Etxegarairen «presakako eta errekurtsorik gabeko» erabakia ere. «Lurralde eremuko 11 auzapezetatik seik sinatzea gehiengo eskasa da. Hiru auzapezek ez dute gutuna izenpetzea onartu, eta beste biei ez zaie jakinarazi ere egin», gaineratu dute.
Izenpetzaileen hitzetan, lehendakariak «berehala» kendu dio ordezkaritza Etxelekuri, «haren argudioak entzun gabe, eta sinatzaile ez diren auzapezen jarrera ezagutzen saiatu gabe». Horrez gain, azpimarratu dute lurralde eremua «informatu eta kontsultatu» gabe jardun dela.
Euskal Hirigune Elkargoko gobernantza itunaren kontrakoa da hori, hautetsien iritziz. Izan ere, bertan idatzia da lurralde eremuak egindako proposamenetan oinarrituko dela lehendakaria eremu bakoitzeko ordezkariak izendatzeko. «Lurralde batzordeko kideak izan dira, haien artean kargu hori zuten auzapezak, beren erreferentearen proposamenaren alde bozkatu dutenak eta, ondorioz, beren burua zilegitzat jotzen dutenak balioesteko ea erreferenteak bere eginkizuna behar bezala betetzen ote duen».
Hautetsiek erran dute ez dutela «onartzen» gertatu dena, eta eskatu dute gobernantza itunean «zehaztua eta berriz aztertua» izan dadila lurralde batzordeetako kideek duten «rola eta zilegitasuna».
Lurralde eremuetako batzordeak
2020ko agintaldia hasterako sortu zituzten lurralde eremuetako batzordeak Euskal Hirigune Elkargoan. Erakundea sortu aitzin ziren hamar herri elkargoen perimetroak hautatu zituzten. Elkarrizketa eta eztabaidarako eremuak dira, hirigune elkargoan aztergai dituzten gaiak lantzeko. Errobiko lurralde eremuan, Lapurdi barnealdeko 11 herri daude: Arrangoitze, Basusarri, Larresoro, Zuraide, Ezpeleta, Itsasu, Luhuso, Kanbo, Haltsu, Jatsu eta Uztaritze. 35 hautetsik parte hartzen dute; batzuk herriko bozetan elkargoko hautetsi izendatu zituzten, eta gainerakoak herriko kontseiluetan izendatu zituzten. Errobiko zortzi auzapez dira lurralde batzordeko kide; gainerako hirurek herriko beste hautetsi baten esku utzi dute funtzioa.