Etxelekuk Etxegarairengana joko du, taldearen sorrera gauzatzeko

Gutun bat bidaliko diote talde politikoaren sorrera formalizatzeko, eta espero dute abenduaren 10eko batzarrerako osatua izatea. Erran dute ez dutela «kontra» egiteko borondaterik

Elkarrekin Herriarentzat talde politikoko hautetsiak, atzo, Baionan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Bazuen izena; orain badu argazkia. Eta baita pixkanaka emendatzen ari den hautetsi zerrenda bat ere. Peio Etxelekuren inguruan bildu den Elkarrekin Herriarentzat talde politikoa aurkeztu zuten atzo Baionako Trinket Modernoan. Heldu den astean bidaliko diote Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari taldea sortzeko eskaera formala, eta abenduaren 10eko biltzarrerako osatua izanen da. Taldeak izan litzakeen baliabideei buruz solastatu nahiko lukete orain lehendakariarekin.

42 izen aurkeztu dituzte prentsaren aitzinean, duela bi aste baino sei gehiago. Baina, Etxelekuren hitzetan, beste 30 inguru ere badira taldean sartzeko prest. Ondoko asteetan ikusiko da urratsa egiten duten ala ez. Baina, hala bada, talde gotorra izanen da Kanboko (Lapurdi) hautetsi, Errobi lurralde eremuko erreferente eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakariaren inguruan.

Aurpegiak erakustekoa ez ezik, zer diren eta zer ez diren zehazteko parada ere izan zen atzoko agerraldia; adierazi zuten ez direla alderdien ordezkariak: «Gure herrien ordezkariak gara, gure biztanleenak». Argitu zuten ez direla kostaldeko hirien «kontrako» barnealdeko talde bat; «lurraldearen interesa lehenesten duten sentsibilitate anitz» batzen dituztela erran zuten.

Sorreratik Euskal Hirigune Elkargoaren alde agertu badira ere, funtzionamendua «deszentralizatzeko», inbertsioak «orekatzeko», eta hautetsiei leku gehiago emateko beharra nabarmendu dute. «Hautetsi anitzek deskonektatu dute, eta hori kaltegarria da», adierazi zuen Etxelekuk.Erran zuen garrantzitsutzat jo zutela hautetsiak «erdigunean» jartzeko elkartzea, «proposamenak eta zuzenketak egiteko».

Guillaume Barucq Miarritzeko (Lapurdi) hautetsiak bere bizipena kontatu zuen. Besteak beste EH Baik eta EAJk babestu zuten zerrenda zabal batean aurkeztu zen, eta oposizioko kide da egun. «Anitzetan, iruditzen zait elkargoan ez dudala ezertarako ere balio. Batzarretara heltzen gara, eta bost eta sei ordu artean egoten gara han; ateratzean, irudipena dugu ez dugula ezer egin». Kostaldeko auzapezen «klub txiki bat» dagoela erran zuen, eta marmarrak entzuten direla kostaldeak dena bereganatzen duelako. Talde politikoen bidez «zinezko eztabaidak» izateko aukera ikusten du.

Bide beretik jo zuen Laurent Intxauspe Donibane Garaziko auzapezak ere. Kontseilu exekutiboaren eta lehendakariaren inguruan «zentralizazio handia» dagoela erran zuen. «Ez dut ezer Etxegarairen kontra, baina posible ote da harekin eta haren egiteko moduekin osoki ados ez egotea?». Haren hitzetan, Ipar Euskal Herriari buruzko «politika global» bat pentsatu behar da, eta, ondoren, lurralde eremuetatik gidatu.

Taldearen barnean dagoen aniztasunaz, eta, beraz, koherentzia politikoaz galdetuta, onartu dute gai guzietan ez dutela bat egin; gai batzuei buruz ez dute oraindik hitz egin. «Ez gara denean ados, baina badira batzuk alderdi berekoak direnak eta ez direnak haien artean ados», moztu zuen Ximun Akozeberri Larraineko (Zuberoa) hautetsiak.Baieztatu zuten «hitza librea» izanen dela taldearen barnean.

Baliabide eskaera

Oraindik ez dute urratsik egin talde politikoa formalki sortzeko; heldu den astean bidaliko diote gutuna Etxegarairi, eta bilkura eskatuko diote. «Mintzatzeko beharra» aipatu zuen Etxelekuk. Talde politikoak izanen dituen baliabideei buruz mintzatu nahi dute, besteak beste.

Baliabide materialez gain, kolaboratzaile bat edo gehiago izateko aukera ukan dezakete talde politikoek. Horretarako atxikitako diru zama elkargoko hautetsien urteko sarien %30 izan daiteke gehienez ere. Beraz, 300.000 euro inguru, talde guzien artean banatzeko. Elkargoko batzarraren esku da erabaki hori, baina lehendakariaren iritziak pisu handia du. Denbora osoz arituko litzatekeen kolaboratzaile bat izateko aukera nahiko luke Etxelekuk, gutxienez. «1.000 eta 1.500 orri arteko txostenak izaten ditugu batzarretarako. Abenduaren 10ekoa ez dugu oraindik eskuratu», deitoratu zuen, erabakiak batzarrak aitzin landu behar direla azpimarratuta.

Elkarrekin Herriarentzat taldekoen hitzetan, oraingoz ez dute asmorik Etxegarairen lekua hartzeko. Hala ere, interesgarria izan daiteke kalkulagailua ateratzea. Aurkeztutako 42 izenei integratzear diren 30 inguru horiek batuta, 70 baino gehiago dira; nahiz eta ez den jakina zenbat izanen diren talde politikoan, EH Bairen inguruan 40 hautetsi inguru biltzen dira. Horri Frantziako ezkerreko alderdien inguruko hautetsiak gehituta, 232 hautetsien erdiak baino gehiago izan daitezke. Baina hori fikzioa da, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.