Etxelekuk dei egin die hautetsiei bere taldera batu daitezen

IBBko buruak gutun bat bidali zien ostiralean Euskal Elkargoko hautetsi guziei. Beste 35 hautetsik bat egin dute jeltzalearen deiarekin

Euskal Hirigune Elkargoaren bilkura, uztailean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Egin du urratsa Peio Etxelekuk. Elkarrekin herriarentzat lelopean eta Euskal Hirigune Elkargoko beste 35 hautetsirekin batera instituzioaren barneko talde politiko bat osatzera doala jakinarazi du, eta hartan parte hartzera gomitatu ditu gainerako hautetsiak. Ostiral gauean bidali zien gutuna elkargoko gainerako hautetsiei, jakinarazteko «ildo ezberdinetako hautetsiak biltzen dituen» etiketa politikorik gabeko «talde askotarikoa» osatzeko asmoa duela. Kanboko (Lapurdi) hautetsi, Errobi lurralde eremuko erreferente eta EAJko Ipar Buru Batzarreko presidente da Etxeleku, eta, taldean EAJko beste kide batzuk badira ere, aurreikusi bezala, bultzatu duen taldeak ez du marka hori eramanen. Defendatuko dituzten balioak zehazten dituen zazpi puntuko testu baten inguruan bildu dira. Egitura deszentralizatuago bat eskatu dute, besteak beste: «Aldarrikatzen dugu gure elkargoaren antolakuntza politiko eta administratiboak gure herriak eta lurraldeak errespetatu behar dituela».

Azken asteetan, gero eta gehiago aipatzen zen talde politikoen sorreraren gaia. Ezkerreko abertzaleek prest dute hautetsien zerrenda. EH Baik bultzatu du, baina ez du alderdiaren etiketarik eramanen; oraindik ez dute eskaera ofizialik egin. Jakina zen Etxelekuren inguruan ere bazela talde bat sortzeko mentura, baina horri buruz mintzatzeko «goizegi» zela erran zioten BERRIAri 35 hautetsien zerrendan agertzen diren bik. «Beharbada hori da entzunak izateko dugun modu bakarra», adierazi zuen iniziatiban parte hartu duen herri txiki bateko auzapez batek. Hautetsiei bidalitako gutunean diote taldea abendu hasierarako sortuko dutela berantenez.

Espero bezala, herri txikietako ordezkariak batu ditu nagusiki Etxelekuk. Baina badira Lapurdi kostaldeko zenbait hautetsi ere. Horien artean, Guillaume Barucq Miarritzeko hautetsia eta Manuel de Lara eta Manuel Vaquero Donibane Lohizunekoak. «Ez gara oposizioko talde baten gisa aurkeztuko, baina bai proposamenak eginen dituen talde baten gisa, aterabide alternatiboak edo osagarriak landuko dituena», adierazi dute aurkezpen testuan. «Herri txikien alde» jarduteko borondatea agertu dute, betiere «interes komuna eta lurralde osoaren zerbitzatzea» izanez «ezaugarri nagusia».

Ipar Euskal Herriaren barnealdeko herri txikiek sentitzen dute Euskal Hirigune Elkargoan badela lurraldeen arteko desoreka. Haserre horren bozgorailu izan da Etxeleku azken hilabeteetan, eta haren inguruan bildu den hautetsi taldeak arlo horretan aldaketak egitea proposatu du, «Euskal Hirigune Elkargoaren bizi politikoaren arraberritzeko nahikaria» agertuta.

Honela diote balioak aurkezteko testuaren bigarren puntuan: «Gure elkargoaren antolakuntza politiko eta administratiboak gure herriak eta lurraldeak errespetatu behar dituela aldarrikatzen dugu». Ipar Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoen «historia eta berezitasunak errespetatzea», baina, bereziki, «subsidiariotasun printzipioan oinarritua den egitura deszentralizatu bat», ezartzea hobetsi dute. Haien iritziz azken urteetan Baionak hartu duen «zentralismotik» atera, eta herriko etxeei eta lurralde eremuei botere handiagoa emateko borondatea izan daiteke. Halere, ez dute zehaztu nola eginen den deszentralizazio hori.

Elkargoko erabakietan «lurraldeko hautetsien lehentasuna eta hitza hartzeko gaitasun librea babestuko dituzten prozesu demokratikoak segurtatzea» aipatu dute, «erabakitze eta gauzatze prozesu ahal bezain deszentralizatuak martxan ezarriz, eta, horren bidez, erantzun egokitu eta zuzenak, lurraldeen artean ekintza orekatzaileak martxan direla segurtatuta». Eta hau dio laugarren puntuak: «Nahi dugu elkargoak elkartasunaren eta Ipar Euskal Herriko lurraldeek sufritzen duten ezberdintasunen ttipitzearen alde jokatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.