Martxoak 8. Zaintza eredua. Silvia Carrizo eta Jessica Guzman. Malen Etxeko ordezkariak

«Etxeko langile egoiliarrena, zaintza sistema gisa, desagerrarazi behar da»

Zaintzak Demokratizatu plataformaren eragileetako bat da Malen Etxea. Etxeko langileen artan ari dira; haiekiko lan harremanen muinean dagoen bidegabekeria ere ozen salatzen dute. Carrizo eta Guzman, biak ari dira zoli.

Goian, Jessica Guzman; behean, Silvia Carrizo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
Zumaia
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Obra batzuk tarteko, aldamioz betetako fatxada batean kukututa dago egun Malen Etxearen egoitza, Zumaian (Gipuzkoa): lehen begiratuan kosta egiten da ikustea. Usuegi tapatuta eta isilarazita daude, halaber, bertan ibiltzen diren andre asko, bereziki etxeko lanetan jarduten duten andre migratzaileei arta emateko elkartea. Silvia Carrizok sortu zuen (Caleta Olivia, Argentina, 1965). Presidentea Jessica Guzman da (Santiago, Txile, 1962). Etxeko langileek usu dituzten bide malkartsuez lehen pertsonan ari da: «Hamar urtetik gora egin nituen etxeko langile, egoiliar». Egoiliar: esan du hitza, eta esanahia argitzea komeni da, etxeko langile hitzei lotuta agertzen denean andre askoren bizitzak erdiz erdi zeharkatzen baititu: gau eta egun zaintzaile jarduten duten andreak dira, zaintzen dituzten pertsonen etxean bertan, haien esanetara. Halako lan erlazioen muinean dauden bidegabekerien gainean ohartaraztea dute helburu, besteak beste, Malen Etxean. Zaintza lanak duintze aldera, beste hainbat eragilerekin batu dira Zaintzak Demokratizatu plataforman; lehengo astean aurkeztu zuten, Donostian.

Ikusi gehiago:EREDUA ERALDATU, «KOLAPSOA» EKIDITEKO

Zaintza lanak demokratizatu behar dira. Zergatik? Zein dira zuen eskearen arrazoibideak?

SILVIA CARRIZO: Guk gaia aztertzen dugu batetik, instituzioetara, politika publikoetara begira; zaintzaren gaia egun gizarte zerbitzuen sailean dago, eta muineko gai bat da, ez da bazter batean dagoen gai bat. Toki handia hartzen du...

Transbertsala izan behar duela esaten ari zara?

CARRIZO: Hori da, ezin da tratatu gai hau orain dela 25-30 urte bezala, gizarte zerbitzuen ikuspegi horretatik; gaur egun zaintza lanek ardatzean egon behar dute, eta demokratizatu egin behar dira. Zergatik? Adibidez, ezin dira arta eredu ezberdinak eman herrialde historikoen arabera; zaintza lanak politika transbertsal baten gisan ulertu behar dira, eta sistema bakar bat direla aintzakotzat hartuta: hezkuntza bezala, edo osasuna. Zaindua izatearen eskubide unibertsala bermatu behar da, herrialde guztietan, herritar guztientzat. Beste argudio bat zera da; demokratizatzean, praktikan, zaintzak, bere zabalean, trataera bakar bat izan behar du. Eta adinekoen zaintzari dagokionez, berrordainketa sistema berrikusi egin behar da; zaintza eskubide unibertsala bada, zergatik egin behar da aparteko ordainketa bat zaindua izateko? Alde horretatik, ezinbestekoa da udalak ahalduntzea: beldurra alde batera utzi, eta beharrezkoak diren baliabideak eskatu behar dituzte zaintza premiei erantzuteko. Bide horretan, etxez etxeko laguntzarako orduak, esaterako, biderkatu, hirukoiztu edo laukoiztu behar dira. Jendeak behar dituen zaintza orduak eduki behar ditu. Era berean, errekonozimendua izan behar du egiten den zaintza lan orok.

Egun errekonozimendu hori ez da egiazkoa, ezta?

CARRIZO: Egitasmo pilotuak egiten dira: esperientzia berriak, Herrilab, Adinberri... Dena oso ederra! Baina inork ez du mahai gainean jartzen milaka emakume lanean ari direla esplotazio egoera batean. Eta erakunde publikoek finantzatuta ari dira... Izan ere, mendekotasunerako ematen diren laguntzak askotan esplotazioa finantzatzeko erabiltzen dira.

Hori gertatzen ari da...

JESSICA GUZMAN: Hori ohiko jardunbidea da. Ohartarazpen bat egin nahi nuke nik. Zaintzaren gaiari ez bazaio erreparatzen orain, krisi galanta dator. Ez dugu migratzaileok izango, zuek izango duzue [kazetariari begira]... Zergatik? Oraingo pentsioak ez dira izango etorkizunekoak; etorkizuneko pentsioak apalagoak izango dira, krisi asko izan dituzuelako... Orain pentsiodun batek, nola edo hala, langile egoiliar bat pagatzeko modua badu ere, gero ez da egongo horrelakorik. Eta migratzaileak, lanik ez badago, ez datoz. Zer egingo duzue?

Egun «nola edo hala» etxe askotan langile egoiliar bat pagatzeko era badela diozu. Usu, ordea, lan baldintza oso kaskarretan daude langile horiek. Zer-nola ardaztu behar da salaketa hori?

CARRIZO: 24 ordu patronalaren esanetara egotea onartezina da. Horra zer eskandalu piztu zen orain gutxi jakin zenean Donostian ostalaritza arloan esplotatuta zeudela hainbat langile, hamabi orduz lan egiten zutelako astean zazpi egunetan... Eta ez dago arazo moralik esaten denean milaka andre daudela 24 ordu lanean urteko 365 egunetan?

GUZMAN: Ni 24 ordu lan egina naiz, askotan gauetan ere jaiki behar izaten baita. Soilik larunbatean 15:00etan atera, eta igande gauean bueltatzen nintzen. Eta horrela urteak: urteak. Ez duzu bizitzarik.

Zuek salatzen duzue hori, hein handi batean, instituzioek laguntzak ematen dituztelako gertatzen dela, baina gero ez dutelako bermatzen zaintzaileei kontratu onak egitea...

CARRIZO: Guk ez dugu familiek, enplegatzaile moduan, egiten dutenaren kontra egiten. Ulertzen dugu: premia heltzen denean, bakoitzak ahal duena egiten du. Arau orokorra zein da? Familiek egoiliar bat kontratatzera jotzen dute, batez ere, merkea delako Euskal Herrian esklabo bat edukitzea. Zein da, bada, horren atzean dagoen jarraibide orokorra? Mendeko pertsonak laguntza bat jasotzen du, eta diru horrekin pertsona bat kontratatzera badoa, Gipuzkoan behintzat, aldundiak zera esaten dio, arrazoi osoz, gainera: pertsona horrek zaintzaile titulua izan behar du. Ederki dago hori. Baina diputazioak edo gizarte zerbitzuek kontratu hori aztertzen dutenean eta ikusten dutenean etxeko langile batek astean 40 orduko kontratua duela, eta gutxieneko soldata duela, eta egoiliar dagoela, baina zaintzaile bat dela, eta ez etxeko langile bat... Bada, iruzur bat da hori. Ez da iruzurra, legeak baimentzen duelako, baina arazo bat dugu hor. Zaintzaile profesional bat eskatzen da, baina erregimen berezi batean kontratatzen da, eta administrazioa hor dago. Hori dena argitara atera nahi dugu guk. Eta guk argi dugu etxeko langile egoiliarren lana, zaintza eredu gisara, desagerrarazi egin behar dela. Bukatu egin behar da hori. Horretarako, irabazi asmoa bukatu egin behar da zaintzan: ekonomia sozial eta solidario batean pentsatu behar da.

Espainiako lan legeriak beti izan du erregimen berezi bat etxeko langileentzat. Zaintzarako ere beti horixe erabiltzen da, ezta?

CARRIZO: Bai, bai, horixe erabiltzen da beti.

Ondo esan duzuen moduan, 24 orduko lanaldiak ere egiten dira kontratu horien bidez. Zer egiten da gogorrena?

GUZMAN: Ez bizitzea. Bizitza bazterrean utzi behar da. Zenbait etxetan, halaber, garabiak-eta falta dira adinekoak altxatzeko-eta, eta kontratatzen zaituzte asto lanak egiteko. «Indartsua zara zu», esaten dizute: «Zuk altxa dezakezu ama». Eta zuk esaten duzu: «Aizue, ez naiz astoa: langile bat naiz ni». Kontzeptu hori bera aintzat hartuta, ordea, zera esaten dizute: «Zuk ez duzu gure ama altxatuko. Indartsua izan behar da horretarako». Edota: «Zaharra zara. Ezin duzu lan hau egin: nahiago dut 45 urteko bat».

Bakardadea ere ez da samurra izango...

GUZMAN: Alzheimerra-eta duten pertsonak zaintzen ari gara askotan! Pazientzia handia izan dezakegu, maitasun handia, nahi duzuna... Baina alzheimerra duten pertsonak dira, eta guk ere geure burua arindu behar dugu. Zer gertatzen zaie bada, askotan 60 urte inguruko lankideei? Suntsituta daude. Ezinean ari dira. Eta askotan lankideak ahalduntze aldera hain gauza oinarrizkoak azaldu behar zaizkie! Esaterako, zaintzaile batek eskubidea duela gela propio bat izateko: ez du lo egin beharrik zaintzen ari den pertsonaren ondoan. Zaintzaileak ere lo egin behar du: ezin da 24 orduan esna egon.

Horregatik argudiatzen duzue, hain zuzen ere, etxeko langile egoiliarrena, zaintza eredu gisara, desagerrarazi egin behar dela, guztiz baztertu...

CARRIZO: Bai, hortik aurrera has gaitezke ekonomia zirkularraz hitz egiten, familiek izan behar dituzten zaintza orduez. Denek ere ez dituzte 24 ordu behar; baliabide publikoez ari gara; beraz, ondo zehaztu behar da zenbat zaintza ordu behar dituen bakoitzak, eta gero horiek nola antolatuko diren. Baina orain dugun politika erraz hau? Pertsona bat 24 ordurako hartu, urteko 365 egunetan, eta guztiaz ahantzi? Geratzen den harreman neokolonial argiena da.

Ikusi gehiago:Zaintza: uharteditik ekosistemara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.