Etxeko lanari buruzko informazio zerbitzua eskainiko dute Tolosan hilaren 7tik aurrera

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta SOS Arrazakeriak antolatu dute zerbitzua. Astelehenetan izanen da, hamabortz egunean behin.

Etxeko lanari buruzko informazio zerbitzuaren aurkezpena gaur, Tolosan. JON URBE / FOKU
Etxeko lanari buruzko informazio zerbitzuaren aurkezpena gaur, Tolosan. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko urriaren 1a
13:35
Entzun

Etxeko lanari buruzko aholkularitza eta informazio zerbitzua izanen dute Tolosan (Gipuzkoa), urriaren 7tik aurrera. Astelehenetan izanen da, hamabortz egunean behin, 16:15etik 18:30era. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearen eta SOS Arrazakeriaren egitasmoa da: «Helburu nagusia zaintza lana duintzea izango da, eremu horretan jarduten duten langileen eskubideak bermatuz, eta egon daitezkeen tratu diskriminatzaileak saihestuz». 

Gaur egin dute zerbitzuaren berri emateko agerraldia, Tolosan. Bi taldeetako kideek parte hartu dute: SOS Arrazakeriatik Tatiana Bellorin eta Carola Ibazeta egon dira, eta Andragoratik, Libe Muguruza. Azaldu dutenez, informazio zerbitzuan langileek eta enplegatzaileek etxeko lanari buruz dituzten zalantzak erantzunen dituzte: kontratuak, nominak, gizarte segurantzarako kotizazioa, ordainsariak, lan istripu eta gaixotasun arruntagatiko bajak...

Gogoratu dute Andragora taldearen helburua dela «zaintzak eta etxeko lanak bizitzaren iraunkortasunerako ezinbesteko lan gisa ikusarazi, aitortu eta sozialki babestea». Hortaz, zerbitzua dohainik izanen da, eta hitzordu bidez funtzionatuko dute. Informazio gehiago eskuratzeko, zenbait bide jarri dituzte aukeran: Andragorara bertaratzera,  [email protected] helbidera idaztea, edo 943-00 89 67 edo 747-49 64 69 telefono zenbakietara deitzea.

Bizipenak elkarbanatzeko

Etxeko langileendako informazio zerbitzua berria bada ere, haien bizipenak elkarbanatzeko espazioa martxan da dagoeneko. SOS Arrazakeriak sustatua sortu zen, eta astearte arratsaldetan biltzen dira, 17:00etatik 19:00etara. 

«Kafe edo te baten bueltan bildu eta elkarrekin tarte hau partekatzeaz gain, euren bizipenak elkarbanatu eta zalantzak argitu ahal izateko espazioa da», azaldu dute hizlariek. Gehitu du informazio zerbitzuaren aurkezpena baliatu nahi izan dutela tertuliara gonbidapena egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.