Martxoaren 8a. Zaintza. Maria Angeles Duran. Soziologoa

«Etxeko lanak publifikatzeko 91.858 lanpostu sortu behar dira»

Duranek nabarmendu du zaintza lanak «egiturazkoak» direla. Kezka agertu du etorkizunaren inguruan: «Seme-alabek jada ezin dituzte zaintza lanak beren gain hartu».

GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Bere ibilbide akademikoaren zatirik handiena lan ez-ordaindua aztertzen igaro du Maria Angeles Duran soziologoak (Madril, 1942). Aita hil ondoren amaren gain geratu zen zamak piztu zion zaintza lanen gaineko interesa. Zahartzaroaz eta zaintzaz ikertzen aritu da azken urteetan, eta lanean dihardu oraindik. Harro dio: «Bai, 79 urte dauzkat».

Zaintza aldatzen ari da, eta sandwich belaunaldiaren pareko fenomenoak agertzen ari dira.

Bai. Sandwich zaintzaileek zaharragoak diren familiartekoak eta bilobak zaindu behar dituzte aldi berean. Fenomeno interesgarri bat da, bizitza luzatzearekin zerikusia daukana. Espainian bizi itxaropena hiru hilabete luzatzen da urtero; orain dela hogei urteko amonak gazteak ziren, baina oraingoak gero eta zaharragoak dira.

Zer-nolakoa izan beharko luke gazteen rolak zaintza lanei dagokienez?

Gazteek, oraingoz behintzat, ez dute zaintzan parte hartzen. Emakume gazteek gehixeago, baina gizonezkoek, ez. Zaintza lanak berriro banatu behar dira: gizon eta emakumeen artean, klase sozialen artean, eta adin ezberdinen artean. Bestela, adineko emakumeen gainean jausten da zaintzak dakarren lan karga guztia. Elkartasun kontu bat da, baina baita justizia kontu bat ere.

Izan ere, zaintza lanen %80 inguru emakumeek egiten dituzte gaur egun.

Gizonezkoei dagokienez, ez daukate zaintzarako tradizio historikorik, emakumeek ez bezala. Lehen, gizonak erretiroa hartu eta bi urtera hiltzen ziren; baina, orain, 83 urteko bizi itxaropena dute, batez beste. Erretiratzen direnetik hil arte, urte mordoa daukate besteak zaintzeko, emakumeek egiten duten bezala.

Askotan, zaintza lanak norbere etxe barruko lan moduan ulertzen dira.

Zaintzaren inguruan eraiki den irudia bi pertsonaren arteko harreman batena da: indibidualista eta sentimentala. Baina ideia hori hautsi behar da. Egia da zaintzailearen eta zaintzen duen pertsonaren artean harreman afektibo bat dagoela, baina ez dugu ahaztu behar egiturazko egoera bat dela, eta zaintza funtzio sozial eta ekonomiko garrantzitsu bat dela.

Nolako harremana dago lan ordainduaren eta lan ez-ordainduaren artean?

Merkatua eta etxeak erabat konektatuta daude. Etxean gertatzen denak eragina dauka politika publikoetan, baina baita merkatuan eta GKEetan ere, esaterako. Era berean, merkatuan prezioak igotzen badira edo estatuak lanerako lekuak gutxitzen baditu, zuzenean eragingo du etxe barruan.

Eta nolako eragina izango luke etxe barruan egiten diren zaintza lan horiek ordainpeko lan bihurtzeak?

Kalkuluak egin ditut INE Espainiako Estatistika Institutuak denboraren erabileraz ematen dituen datuak kontuan hartuta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaur egun, 119.622 funtzionario publiko daude; etxean egiten den lan ez-ordaindua estatuak lanpostu publiko bihurtuko balu, berriz, astean 37 orduko lanaldiarekin, etxeko lanek 91. 858 profesional kontratatzea ekarriko lukete, lanaldi osoan.

Lan ez-ordainduak lotura estua dauka pentsioekin ere.

Bai. Gizonen kasuan, 1.050 euro kobratzen dituzte pentsiodunek. Emakumeek, ordea,gizonek baino %30 gutxiago eskuratzen dute batez beste. Era berean, 65 urtetik gorako emakumeen %30k ez daukate diru sarrera propiorik, ez dutelako kotizatu. Beraz, gizonek kobratzen dute gehien, eta, kasu horretan jarrita ere, zer zaintza lan eros dezakezu 1.050 euroko pentsio batekin? Adineko batek lanaldi oso bat hartzen duten zaintza lanak behar baditu, nola ordainduko dio mila eurora heltzen den soldata bat zaintzaile horri? Horregatik diot pentsioen sistema ideia batean oinarritzen dela: ziurtzat ematen du emakumezkoek doan egindako lana infinitua izango dela. Baina hori amaitu da.

Zergatik?

Batetik, berdintasunean azken urteetan egin diren aurrerapenengatik. Baina, bestetik, jada ez daudelako horrenbeste seme-alaba gurasoak zaintzeko. Piramide demografikoa buelta ematen ari da. Gainera, zaintza behar duten horiek seme-alabak badituzte ere, askotan ezin dituzte zaintza lan horiek beren gain hartu, merkatuarentzat lan egin behar dutelako iraun ahal izateko. Zortea baduzu, posible da aita zaintzeko baimen bat ematea, baina ez dizute soldata bat emango zaintza lan hori egiten duzun bitartean.

Zer bide egin behar da zaintza sistema egoki bat ezartzeko?

Garrantzitsuena kontzientzia sortzea da. Ezjakintasun eta onkeria asko dago; onkeria horrek nire onetik ateratzen nau. «Guztia publifikatuko dugu» esaten duten horiek. Bai, bihurtu ezazu dena publiko, baina presta zaitez hurrengo hauteskunde guztiak galtzeko, dena publiko eginez gero ez baita beste erremediorik egongo zergak igotzea baino.

Beraz, nola aldatu zaintza sistema?

Eraldaketa ikaragarri bat eskatzen duen prozesu bat da. Hemendik hamar urtera izango dugun egoeran ere pentsatu behar dugu. Orain migranteek salbatzen gaituzte; soldata apalak onartzen dituzte, eta beren gain jausten da zaintzaren zamaren zati handi bat. Baina zer gertatuko da migrante horiek zahartzen direnean? Nork zainduko ditu? Gainera, laster ez dituzte onartuko orain onartzen dituzten baldintza horiek.

Zer beste aldaketa dago zaintzaren arloko paradigmari dagokionez?

Berrikuntza garrantzitsu bat dago: eutanasiaren legea onartu dela. Oraindik ez du aldaketarik ekarri estatistiketan, baina, epe ertainean, aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu balioetan: nor den norbere bizitzaren jabe, eta zer egoeratan bizi nahi dugun, edo bizitzen jarraitu nahi nahi ote dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.