Etxeko eta merkataritzako hondakinen %50 birziklatu dituzte Nafarroan, lehen aldiz

Europak 2025erako ezarritako helburutik gertu direla esan du Gomez kontseilariak. 275.000 tona hondakin sortu ziren iaz, 415 kilo biztanleko

Kale garbitzaileak Iruñean, edukiontziak prestatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ia 140.000 tona hondakin. Nafarroako etxeetan eta merkataritzan urtebetean jasotako guztien erdiak. Kopuru hori berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzea lortu dute Nafarroan, lehen aldiz, eta, horri esker, gertuago dute Nafarroako Hondakinen Planean eta Europako zuzentarauan 2025erako ezarritako helburuak betetzea. «Nafarroa aitzindari da estatuan hondakinen kudeaketari dagokionez», esan du Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek: «Lehen aldiz, %50eko defizita lortu dugu berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketan, eta 2025erako aurreikusitako helburutik bost puntura jarri gaitu horrek».

2017an Nafarroako Hondakinen Plana indarrean sartu zenetik, birziklatze tasaren igoera agerikoa izan da, kontseilariak nabarmendu duenez. Materia organikoaren bilketa sistema berria dago horren oinarrian: «Gaikako bilketa sistema garatu dugu Nafarroan hondakinak kudeatzen dituzten hamasei toki entitateetan, eta materia organikoaren bilketa bereizia Nafarroako herritarren %100era hedatu dugu», azaldu du Ingurumen Departamentuko buruak. Iaz, zehazki, 275.000 tona hondakin sortu zen Nafarroako etxeetan eta merkataritzan: 415 kilo biztanleko, 2021ean baino %3 gutxiago. «Herritar bakoitzak hamalau kilo zabor gutxiago sortu zuen 2022an, aurreko urtearen aldean».

Itziar Gomezen irudiko, «urrats sendoak» egiten ari da Nafarroa «ekonomia zirkularreranzko trantsizioan». Gaikako bilketaren datuek, bestalde, «joera positiboa» marraztu zutela nabarmendu du kontseilariak, eta beste langa bat gainditu zutela: «Etxeetan eta merkataritzan, 117.800 tona bildu ziren gaika bereizita: bolumen osoaren %43, aurreko urtean baino lau puntu gehiago».

Errefusari dagokion zatia, berriz, nabarmen murriztu da azken urtebetean, Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera: «Esanguratsua da errefusaren %11ko jaitsiera, eta horren ondorio zuzena izan da igo egin direla gaika bildutako paperaren eta kartoiaren, beiraren, ontzien, materia organikoaren eta hondakin arriskutsuen kopuruak». Gobernuarentzat, hala ere, zabortegira doazen hondakinak murriztea «erronka nagusia» izanen da datozen urteetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.