Zuzenbide ikasketak amaitu eta berehala hasi zen etxeko langileen eskubideak auzitegietan defendatzen. Militantzia ere haiei lotuta egin du, Etxeko Langileen Bizkaiko Elkartean lehenik, eta Brujas y Diversas kolektiboan orain. Liz Quintanak (Portugalete, Bizkaia, 1966) dio denetarik entzun eta ikusi duela, eta gehiena txarra izan dela.
Zuk esana da: etxeko lanak emakume pobreen kontua dira, eta gero eta gehiago etorkinena. Zein analisi egin daiteke horren inguruan?
Historikoki etxeko lanak emakumeek egin dituzte, beti; eta, enplegu bihurtu direnean, pobreek. Duela hamarkada gutxi, andreak herrietatik edo landa eremuetatik etortzen ziren hirietara, neskame aritzera. Egun, gizartea zahartzen ari da, eta zaintza beharrizan gehiago ditugu; baina hemengo emakumeek, muga askorekin bada ere, erabakitzen dute ez dutela zaindu nahi, edo ez behintzat esklusiboki, bizia hipotekatuz. Beraz, lehen inguruko herrietatik gertatzen ziren migrazioak nazioartera zabaldu dira: zaintzarako eskulan oso merkea ekartzen ari gara batik bat Latinoamerikatik. Handik etorritakoen baldintzek ahalbidetzen dute hemengo emakumeek —gizonek zer esanik ez— egin nahi ez dituzten lanak kontratatu ahal izatea: besteak beste, egoiliar lana, zaintzen duten pertsonaren etxean bizi direnena; ia guztiak dira atzerritarrak.
Nolako tratua jasotzen dute?
Sarri, mespretxuzkoa. Etxeko lanak gutxietsita daude berez. Agerikoa da kontratatzaileek egiten dituzten adierazpenetan: pertsona bat etxean 24 orduz daukatenean, ordu libre bat ere ematen ez diotela, kexatzen dira ez duela ezer egiten! Edo pentsatzen dutenean atsedena dela zaintzen duten pertsonarekin paseatzea, mezara joatea, edo telebista ikustea; atseden hartzea da euren denborarekin nahi dutena egitea. Oso orokortua dago gutxiespen hori, baita beste zapalkuntzen inguruko kontzientzia dutenengan ere.
Etxeko enplegua ez da beti kontratatzen zaintzeko. Bikote batzuek gatazkak saihesteko hartzen dute langile bat.
Bai, emakumeek ez dutelako senarrekin etengabe borrokan aritu nahi. Hori ezin da konponbidea izan. Fitxa batzuk mugitzen dira, baina ez du egituran eragiten: etxeko lanak egiteko edo antolatzeko ardurak andreen esku segitzen du; azkenean, bikoteko emakumeari dagokion lana egingo baitu langileak. Baina andre horiek urteetan gizonek erabilitako argudioak baliatzen dituzte. Zein botere posiziotan kokatzen ditu horrek? Auzi honi buelta emateko, bakoitzak dagokion ardura hartu behar du; baina zein pribilegiori uko egiteko prest gaude?
Etxeko enpleguen parte horrek desagertu egin beharko luke?
Bai. Oro har, etxeko enpleguak, egun dagoen bezala, desagertu egin beharko luke, ezin delako sostengatu. Zaintzeak esan nahi badu andre batek 24 orduz itxita egon behar duela eri batekin, eutsiezina da. Egunotan, harremanetan nago duela hamar hilabete heldutako batekin: baserri batean dago, alzheimerra duen gizon bat eta elbarri dagoen emakume bat zaintzen, erabat bakarrik eta bakartuta, mugitzeko aukerarik gabe. Horrela konponduko al ditugu zaintza premiak?
Etxeko Langileen Elkartearen arabera, egoiliarren %65ek andreak zaintzen dituzte; horrek adierazten du zerbitzu publiko nahikorik ez egoteak andre horiei egiten diela kalte handiena?
Andreak luzeago bizi dira, baina pentsio apalagoak dituzte: sarri ez daukate norbait ganoraz kontratatzeko modurik. Haien prekaritateak zaintzaileen prekaritatea elikatzen du, bi miseria uztartzen baitira: zaintza behar izanda ondo ordaindu ezin duenarena, eta premia larrian egonda edozein baldintzatan lan egiteko prest dagoenarena. Baina orokorra da: emakumeek hainbat arlotan duten prekaritatea aztertzean, zaintzari erreparatu behar zaio; andreoi zaintzeak bizia baldintzatzen digu: denbora, aisia... eta eskubideak. Bizi proiektuan ere eragiten du, zaintzeagatik autonomia ekonomikorik gabe bizi direlako andre asko; horrek dakar mendeko izatea: bikotekideen, gurasoen, oinarrizko errentaren edo administrazioaren mendeko.
Etxeko langileen lan baldintzez asko hitz egiten da, baina ez hainbeste haiek nola sentitzen diren. Zer kontatzen dizuete?
Egoera batzuk lazgarriak dira: indarkeriazkoak. Egoiliarrek ez dute askatasunik euren bizitzaz ezer erabakitzeko; urteetan aisialdia, bizitza sexuala, trebakuntza, amatasuna... kendu egiten dizkiete. Etxeetan jaten dutena kontrolatzen diete, higienea, nori deitzen dioten telefonoz, janzkera, sinesmenak... Beste edozein lanetan salatuko genituzkeen gauzak normalizatuta daude. Oso gogorra da, askotan erabat bakarrik baitaude: batik bat heldu berriek ez daukate inolako sarerik.
Zein neurritan dago hedatuta sexu jazarpena?
Jazarpen eta abusu kasu asko daude. Batzuetan, zaindutakoaren senideek eginak dira, baina, beste batzuetan, adinekoek eurek egiten dituzte. Eta, burua galduta egon daitezkeen arren, mingarria da langileentzat; batzuek izua diote, adibidez, bainuaren orduari, etengabe jasan behar dituztelako han eta hemen ukitzeko eskaerak, indarka aritu beharra... Eta 24 orduz egon behar dira haiekin, deskonektatzeko aukerarik gabe. Sendiek, gainera, garrantzia kentzen diote; areago, gero eta maizago proposatzen dute langileen egitekoen barruan sartzea noizean behin sexu harremanak izatea zaindutako pertsonarekin, soldata apur bat igotzearen truke.
Beste edozein lanetan, salatzeko modukoak lirateke halakoak. Lan honetan ez?
Sala daiteke, baina zaila da. Frogatu egin behar da, eta oso konplexua da eremu pribatuan gertatu denean, lekukorik gabe.
Zer egiten du administrazioak? Badago solaskiderik?
Ez; ez dago ofizioz ikertzeko ekimenik, baina, salaketekin eta frogekin joanda ere, eskuak garbitzen dituzte: prozedura gehienek tiraderan amaitzen dute. Langileak babesik gabe daude. Nire ustez, administrazioei oso ondo datorkie sistema horrela antolatuta egotea, erantzukizuna kentzen dielako. Instituzioentzat erosoa da: ez zaie presiorik egiten zerbitzu publiko gehiago jartzeko.
Iaz 27 urteko langile bat hil zen Bilbon. Indarkeria matxista gisara har daiteke?
Bai, kontuan hartuta nola gertatu zen: egoiliar zegoen, baldintza oso txarretan, aurretik izan zituen osasun arazoak, eta kontratatzaileei jakinarazi zien; medikuarenera joateko baimena eskatu zien, baina ez zioten utzi. Bihotzekoak jota hil zen arte. Andreak baldintza horietan edukitzen dituen sistema patriarkalaren ondorioa izan zen. Halakoei izen-abizenak jartzeko gai izan behar dugu. Nik ikusita dauzkat langileak gaixorik, hilabetez ospitaleratuta, eta zaindutakoaren sendiaren presioa jasaten, lanera itzultzeko. Hori ez da soilik diskriminazioa: zuzeneko indarkeria da.
Etxeko langileak. Elkarrizketa. Liz Quintana. Abokatua
«Etxeko enpleguak, egun dagoen bezala, desagertu egin beharko luke»
Emakumeek hainbat arlotan duten prekaritatearen atzean zaintza dagoela uste du. Hartara, behar horiek beste modu batera antolatzearen alde egin du: norbere ardurak hartuz, eta pribilegioez hausnartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu