Herriko bozen bigarren itzuliak argia jarri du udalerrien argazki politikoan Ipar Euskal Herrian, eta, argazki horretan, leku onean atera dira gaueko protagonistetako batzuk; batetik, Jean-Rene Etxegarai, eta, bestetik, zerrendaburu abertzaleak zeramatzaten hautagaitzak. Horrela kontatu du BERRIAk.
Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak garaipena lortu du Henri Etxeto ezkertiar jakobinoaren aurrean, 7.252 (%53,8) boto eskuratuta. Zalantza zegoen zer gertatuko ote zen, Mathieu Bergeren babesak pare-parean jarri zituelako Etxeto eta Etxegarai. Azkenean, mila botoren aldearekin nagusitu da bigarrena, baina abstentzioa handia izan da Lapurdiko hiriburuan: %56,57.
Pentsa daiteke Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagai nagusia izanen dela Etxagarai, orain arte kargu hori izan duena. 2017an sortu zelarik, Ipar Euskal Herriko auzapezen itzulia eginik lortu zuen gehiengo bat lehendakari izateko. Ikusi beharko da, haatik, Baionako alkatetzaren eta Elkargoko buruzagitzaren artean hautua eginen duenetz; izan ere, anitz kritika egin zaio bi karguak batera eramateari buruz Etxegarairi.
Azken egun hauetan Alain Iriart Hiriburuko auzapezak jakinarazi du lanean hasia zela hautetsiak ikusiz lehendakari postuari begira. Euskal hedabideek hauteskunde gauaren berri emateko eginiko telebista saioan gaiaz galdetuta, Iker Elizalde EH Baiko kideak azaldu du EH Baik gogoeta egin behar duela gaiaren inguruan, eta ikusteko dagoela Iriarten eta EH Bairen gogoetek bat egiten duten. Elizaldek esan du Iriartek EH Bairen sostengurik gabe azaldu duela elkargoko lehendakaritzara hautagaitza aurkezteko gogoeta.
«Elkargoa herrietako elkargune bat da. Elkargoak behar duena da azken urtean ikusi duguna: 2017an sortu da, elkargo gaztea da, eta lehen bi urteak eman ditu politika publikoak plantan jartzeko. Azken urtea izan da gogoetatzeko nola egiten den elkargoa tokiko errealitatera iristeko. Trantsizio horretan ahantzia izan da tokikoa, eta horrek haserreak sortu ditu. Norabide orokorrak euskal elkargoaren esku izan behar du, baina tokikoari indar berezi bat eman behar zaie», esan du Elizaldek.
Abertzaleak, gora
Gaueko beste albiste nagusietako bat izan da zerrendaburu abertzaleek izandako sostengua; auzapez abertzaleak izango dituzte datozen sei urteetan Ziburun, Urruñan, Itsasun eta Uztaritzen (Lapurdi). Uztaritzen (Lapurdi), Bruno Karrere auzapezak karguari eutsi dio, eta Eneko Aldana Ziburu Bizi 2020 zerrendako hautagaia 1.340 boto eskuratuta nagusitu da (%44,7). Itsasun, Mikel Hiribarrenek hartuko du aginte makila, eta Urruñan, Filipe Aramendi zerrendaburu abertzalea nagusitu da, 2.175 boto (%45,9) jasota.
Senperen, berriz, auzapeza ez da abertzalea izango, baina horiekin aliantza eginda nagusitu da Dominique Idiart orain arteko Pierre Marie Nousbaum auzapezaren aurretik. «Urtez urte, abertzaleen emaitzak etengabe indartuz doaz lehen mailako indar politiko gisa kokatuz eta gure proiektua indartuz», nabarmendu du EH Baik.
Aldaketak
Auzapeza aldatzea deliberatu dute beste udalerri batzuetan ere. Maule-Lextarrekoa da kasu esanguratsuena; lehen itzuliko emaitzak baieztatu dira bigarrenean, eta Louis Labadot zerrenda zabal baten buru den komunista izanen da auzapez berria Zuberoko hiriburuan, bozen %40,35 eskuraturik.
Maule ezkerrera itzuli da https://t.co/C51fTg1Qdx@berria#HerrikoBozak2020pic.twitter.com/dSydN1LIBT
— Jovani Panzani (@panzani_jovani) June 28, 2020
Bestalde, auzapeza aldatu bai, baina eskuinekoa izaten jarraituko dute Miarritzen; Michel Veunacen lekua hartuko du Maider Aroztegik. Aise nagusitu zaie Aroztegi beste hiru hautagaiei. Abertzaleekin bat egin zuen Guillaume Barucqen zerrenda gelditu da bigarren (%26,3).
Frantzian, abstentzio historikoa
Ipar Euskal Herriaz harago, hauteskundeak izan dituzte Frantzian eta haren menpeko nazioetan ere, eta abstentzioa historikoa izan da; parte hartzea %40 ingurukoa izan da Frantziako udal bozen bigarren itzulian. Sozialistek eutsi egin diote Parisko alkatetzari, eta eskuin muturraren menpe geratu da Perpinya.