Pirinio Atlantikoetako presidente bilakaturik, Jean Jacques Lasserre zentristak Hautetsien Kontseiluko lehendakaritza utziko zuela errana zuen, eta halaxe egin du. Haren ordez, Jean Rene Etxegarai izanen da hemendik aitzina Ipar Euskal Herriko hautetsiak biltzen dituen egitura horretako burua. Aho batez hautatu zuten atzo presidente berria, eta, hautagai bakarra izan arren, haren ustez «adostasunaren» erakusle da oposizioko alderdiek ere bozkatu izana: «Abstenitu zitezkeen». Baionako auzapeza da Etxegarai iaztik, baita Euskal Kosta-Aturri herri elkargoko burua ere. Bi ardura horiei eutsi, eta Hautetsien Kontseiluko presidente ere izanen da hemendik landa.
Ipar Euskal Herriko instituzioaren gaia ezbaian den mementoan hartu zuen atzo presidente kargua Etxegaraik, Hautetsien Kontseiluak Baionan eginiko Biltzar Nagusian. «Itxaropentsu» dagoela aitortu du, eta lurralde egituraketaren lanean «orain arte egin bezala» jarraituko duela azaldu. Hain justu, hainbat adituk lagunduta, lurraldearen egituraketa eztabaidatzen ari dira uneotan Ipar Euskal Herriko hautetsiak. Otsailetik egiten ari diren bilkuretan Etxegaraik ere parte hartu du, eta bertan lortzen ari diren «adostasuna» aitzina eramaten saiatuko dela erran du. Batera plataformaren bultzatzaileen artean egon dela gogorarazi du, halaber, eta «aspalditik» ari dela Ipar Euskal Herriarentzako instituzio bat sortzeko lanetan.
Hori ez da izanen, halere, presidente berriaren lehentasun bakarra. Uneotan, Frantziako Gobernua Pirinio Atlantikoetako departamenduarekin eta Akitaniako eskualdearekin eztabaidatzen ari den lurralde kontratua ere garrantzitsua izanen da, haren iritziz, eta horretan ere hautetsien sostengua lortzea izanen da haren helburua.
Aitzineko presidentearengandik aldaketarik apenas egonen dela erran du, bertzalde. Izan ere, Lasserre bezala, hautetsi zentrista da Etxegarai, eta, haren iritziz, ez da «hausturarik» egonen: «Lasserreren jarraipena izanen naiz».
«Memento erabakigarria»
Hautetsien Kontseiluak ekainaren bukaerarako aurkeztuko du Ipar Euskal Herriko instituziorako duen proposamena, eta Etxegaraik badaki «memento erabakigarrian» hartu duela taldearen gidaritza. Egituraren zenbait ardatz argituak daude jada, nolanahi ere. Eztabaidan laguntzen ari diren adituek, hain zuzen, esan dute zein den beren ustez Ipar Euskal Herriarentzako egiturarik egokiena: hirigune elkargoa. Instituzio mota hori litzateke, haien arabera, eskumen eta finantza gehien lortzen ahalko lituzkeena. Gobernantza eta antolaketa zehaztuak dituzte dagoeneko, baina bertze ezaugarri batzuk, ordea, ez: eskumenak eta zerga sistema, adibidez. Ondoko asteetan erabaki beharko dute, beraz, horiek nola antolatu.
Etxegarairen arabera, halere, adituek eginiko proposamena ez da «soluzio» izanen, baizik eta «lanerako oinarri». Hautetsien Kontseiluak proposamena aurkeztuta, bertzalde, prefetaren oniritzia eta Ipar Euskal Herriko hautetsien boza faltako dira oraindik. Gehiengoaren iritzia aldekoa balitz, 2017rako martxan beharko luke Ipar Euskal Herriko Elkargoak, eta, beraz, Hautetsien Kontseilua deseginen litzateke.
Etxegarai izanen da Hautetsien Kontseiluko presidente berria
Aho batez izendatu dute Baionako auzapeza Jean Jacques Lasserrek utzitako kargurako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu