Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren kudeaketa auzitan eman dute hautetsi batek baino gehiagok. Peio Etxelekuri Errobi lurralde batzordeko ordezkaritza kentzea erabaki zuen maiatzaren 15ean, eremu horretako sei auzapezen gutuna jaso ondoren —Etxelekurenganako konfiantza galdu zutela adierazi zuten auzapezek—. Elkargoko lehendakariak halako erabakiak hartzeko baimena baldin badu ere, egiteko moldearekin kritiko agertu dira hautetsi anitz, nagusiki Errobiko batzordean. Bilkura tirabiratsua izan zuten atzo gauean, Itsasun.
Asteartean izan zen lehen gertaldia Baionan. Elkargoko batzorde iraunkorreko bilkura zuten; ez zuen berez interes berezirik, baina lehen aldia zen kanboarraren kargugabetzea erabaki ondotik Etxegarai eta Etxeleku parez pare elkartuko zirena. Ohi bezala, eztabaida gutxi eragin zuten gai ordenan ziren 79 puntuek. Haatik, mintzaldi bat baino gehiago izan ziren Etxelekuren auzia aipatzeko. Laurent Intxauspe Donibane Garaziko auzapeza izan zen lehena; Elkarrekin Herriarentzat talde politikoaren izenean mintzatu zen —haren bultzatzaile da Etxeleku—, eta erabaki «desegoki eta groteskoa» salatu zituen.
Etxelekuk berak ere hitza hartu zuen kargugabetzea gaitzesteko: «krisi demokratikoa» aipatu zuen, eta lurralde batzordean orain arte egin duten lana defendatu zuen. Erabakia hartzeko moldeaz kritiko agertu zen Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez, Errobi-Aturri eremuko ordezkari eta Bil Gaiten taldeko kidea, eta baita Eneko Aldana Ziburuko (Lapurdi) auzapez eta Hego Lapurdiko ordezkaria ere. Hautetsiek elkargoko gobernantza itunean adostutakoaren kontrara aritzea leporatu zioten biek lehendakariari, eta hori zuzentzeko eskatu.
Azkenik, Jean Marie Iputxa Ezpeletako (Lapurdi) auzapezak Etxelekuren kontra jo zuen, eta leporatu zion Kanboko Herriko Kontseiluan izandako tirabirak kondenatu nahi ez izatea. Etxegarairi gutuna bidali ziotenen artean da Iputxa. Haren hitzetan, ezinezkoa zitzaion Etxelekurekin lanean segitzea, harenganako konfiantza galdu baitzuten. Etxegaraik, berriz, ez zuen gaiaz mintzatu nahi izan, Errobi lurralde batzorderako atxiki nahi baitzuen bere hitzaldia.
Ekainaren 26an eginen dute lurralde batzordeko ondoko bilkura, eta Etxegaraik gidatuko du. Hilabeteko epe horretan adostu nahi du lurralde eremuaren gobernantza.
Izan ere, atzo gauean ziren biltzekoak Errobiko batzordean, mugikortasunari buruzko lan bilkura baterako. Baina hori aitzin, gobernantzari buruzko eztabaida izan zuten lehendakariarekin. BERRIAk jakin ahal izan duenez, gutuna izenpetu zuten auzapezak bakarrik mintzatu ziren Etxeleku kargugabetzearen alde. Hitza hartu zuten gainerako hautetsi guziek kritikatu zuten Etxegarairen egiteko moldea, irmotasun handiagoz edo gutxiagoz, eta lurralde batzordeko hautetsiak kontuan hartu ez izana leporatu zioten.
Etxegaraik adierazi zuen ekainaren 26an eginen dutela lurralde batzordeko ondoko bilkura, eta berak gidatuko duela. Hilabeteko epe horretan, egoera argitu eta lurralde eremuaren gobernantza berri bat adostu nahiko luke. Duen izaeragatik Euskal Hirigune Elkargoaren funtzionamendua konplexua dela azpimarratu zuen. Horregatik sortu zituzten lurralde batzordeak, haren hitzetan, baina baieztatu zuen ez dutela inolako oinarri juridikorik. Hautetsiek elkarren artean adostu zuten gobernantza ituna da horien oinarri bakarra. Horri heldu nahi dio berriz ere Etxegaraik, baina argi utzi du: lurralde batzordeak proposatu eta lehendakariak erabaki.
Lurralde batzordearen defentsa
Egunkari honen iturrien arabera, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak hautetsien aitzinean baieztatu zuen errespetua diola Etxelekuri, baina erran zuen blokeo egoera batera iritsiak zirela Errobiko lurralde batzordean, auzapez guziek ez baitzuten batzorde horretan parte hartuko Etxelekuri kargua kendu ezean. Horrela azaldu zuen bere erabakia. Hautetsiek erran zioten ez dutela funtzionamendu arazoei buruzko ikuspegi bera, eta lurralde batzordeak egiten duen lana defendatu zuten.
Hautetsien artean bereizketak egitea leporatu zioten ahots anitzek Etxegarairi; auzapezen zilegitasuna lurralde batzordeko hautetsien gainetik ematea. 35 hautetsik bozkatu zuten Etxeleku ordezkari hautatzeko 2020an, baina lehendakariak ez zien iritzirik eskatu hura kargugabetzeko. Hala adierazi zioten, besteak beste, Yannick Bassier Basusarriko hautetsiak, François Gallois Uztaritzekoak eta Carole Iriart Luhusokoak —haren auzapeza da gutuna izenpetu dutenetako bat—. Auzapezen gutunaren edukia ez ezagutzea deitoratu zuen hautetsi batek, eta gaia lurralde batzordera eraman ez izana leporatu zien auzapezei beste hautetsi batek.
Euskal Irratietan gaiari buruz egindako adierazpenetan, Etxegaraik baieztatu zuen auzapezek dutela zilegitasuna lurralde batzordearen gainetik. Alta, Euskal Hirigune Elkargoak Ipar Euskal Herriko 158 herriak biltzen baditu ere, ez da auzapezen biltzar bat, eta bi zerrenda bozkatzen dira herriko bozetan, herriko kontseiluko eta hirigune elkargoko hautetsiak izendatzeko. Hala, auzapez batzuk ez dira hirigune elkargoko hautetsi. Gobernantza ituna oinarri, hautetsien rolaz eta zilegitasunaz galdera egin zuen Nicole Etxamendi Itsasuko lehen auzapezordeak, eta hautetsi gisa trufa egin dioten sentsazioa duela erran zion Etxegarairi, bien arteko elkarrizketa tirabiratsu batean. Auzapezen gutunari erreferentzia eginez, Galloisek erran zuen hark ere konfiantza galdu duela.
Auzapezekin bilkura
Itsasun izandako bilkuran gehiago jakin ahal izan zen azken asteetako gertakarien bilakaerari buruz. Kanboko Herriko Kontseiluko tirabiren biharamunean, eremuko auzapezak bilkura batera deitu zituen Etxelekuk gaia aipatzeko; elkarrizketa informala, haren hitzetan. Bitartekaritza bat eskatzeko proposamena egin zien, baina ez zuten jarrera komun bat adostu. Egun batzuetara prentsaurrekoa egin zuen, bere izenean; Etxegarairi eskatu zion bitartekaritza bat abian ezartzeko partaide guzien artean. Nahiz eta Etxelekuk hala ez adierazi, bitartekaritzarako eskaera auzapezen babesarekin egiten zuela publikatu zuen egunkari batek.
Puntu hori azpimarratu zuen Iputxak harenganako konfiantza galtzea esplikatzeko. Philippe Etxeberria Arrangoitzeko auzapezak Etxelekuren neutraltasun falta gaineratu zuen, EAJko Ipar Buru Batzarreko lehendakari dela eta elkargoan talde politiko bat sortu duela adierazita. Kanboko Herriko Etxean oposiziora pasa izana ere aipatu zuten. Ildo horretan mintzatu zen Christian Deveze Kanboko auzapeza ere.
Errobiko beste auzapez batzuek ere hartu zuten hitza, kontrako norabidean, hala nola Mikel Hiribarren Itsasuko auzapezak. Laurence Samanos Larresoroko auzapezak jakinarazi zuen hari ere dei egin ziotela gutuna izenpetu zezan, baina hark nahiago izan zuen Etxelekurekin zuzenean mintzatu. Bruno Karrere Uztaritzeko auzapeza ez zen jakinean ere gutun bat idazten ari zirenik; astearte goizean izan zuen haren edukiaren berri. Philippe Masse Haltsuko auzapezak ere erabakiak hartzen diren lekuari buruz zalantzak agertu zituen, eta galdera egin zion Etxegarairi: lehendakariarengan konfiantza galdu dutela dioten 79 auzapez bilduko balitu, dimitituko ote luke? Etxegaraik ez zuen erantzun.
Auzapezen Gutuna
Maiatzaren 14ko data du Etxeleku kargugabetzeko sei auzapezek Etxegarairi bidalitako gutunak. Kanboko Herriko Kontseiluko gertakariak kondenatu ez izana leporatzeaz gain, bitartekaritza eskatzeko auzapezen babesa zuela erratea leporatzen diote. Horrez gain, «anbiguotasunak» eta «jarrera pertsonalak» egozten dizkiote. Harekiko konfiantza galdu dutela diote, eta horrek ezinezko bilakatzen duela Errobi batzordeko gobernantza. Etxeleku kargugabetzeko eskatzen diote lehendakariari, eta hori egin bitartean Auzapezen Batzordean eta Errobiko lurralde batzordean ez parte hartzeko aukera aipatzen dute.