ERREAKZIOAK

Etxegarai: «Gizon justu baten heriotza»

Besteak beste, Sarek nabarmendu du bere lana giltzarri izan zela «Euskal Herria bake bidean kokatzeko».

2021eko maiatzaren 8a
12:01
Entzun

Ibilbide oparoa eginik zendu da Mixel Berhokoirigoin, eta sareetan dolumin eta atsekabe mezuak ugaritu dira heriotzaren berri izan ondoren.

«Gau huntan Mixel Berhokoirigoin joan zaigu, hain maite duen Euskal Herriko mendi tontorretatik omenaldi ederrena egin diezaiogun txalo eta irrintzinekin. Bakea eta elkarbizitza lortzeko bidean segituko dugu! Milesker eta ez adorik Mixel. Agur eta ohore», adierazi dute bakegileek.

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak nabarmendu du «gizon justuaren heriotza» dela Berhokoirigoinena: «Michel Berhokoirigoinek utzi gaitu, zuhurki, bizitzea maitatzen zuen bezala . Bere lana izugarria da. Nekazaritza munduak baina baita Euskal Herriak ere hainbeste zor diote! Gogoratzeko adibide bat. Maitasuna eta sustengua Mikeleri eta Jenofa eta Iñaki».

«Mixel Berhokoirigoin bakegilea zendu da. Gure doluminak eta besarkada sendoena senide, lagun eta kideei. Euskal Herria bake bidean kokatzeko giltzarri izan zen Mixelen lana. Gure miresmen eta esker on guztia zuretzat lagun! Ezinbesteko pertsona eta militantea», idatzi du Sare plataformak.

Ildo beretik jo du Foro Sozial Iraunkorrak: «Mixel Berhokoirigoin hil da, bakearen artisaua, ETAren desarme zibilaren protagonistetako bat eta Euskal Herriko bakea eraikitzeko prozesua aurrera egiteko lanean ari garen guztion bidaide. Besarkada handi bat familia eta ingurukoei. Eskerrik asko, Mixel. Adiorik ez!».

Bakegintzan Berhokoirigoinekin batera aritutakoa da Anaiz Funosas Bake Bideko burua, eta samina agertu du berriaren aurrean:

Akitania Berriko presidente Alain Rousset triste agertu da heriotzarekin: «Euskal Herriaren arima handi bat desagertu da. Konbikzioak zituen gizona zen, zintzoa, irudikorra. Eta guztiek errespetatua».

Vincent Bru diputatuak nabarmendu du «pertsona maitagarri baten oroimena» gordeko duela: «Adorez defendatzen zituen bidezkoak iruditzen zitzaizkion kausak. Gogoetatsu eta jakintsu, beste ezerk baino gehiago errespetatzen zuen ikuspuntuen ezberdintasuna. Euskal Herriak gizon handi bat galdu du».

Nikolas Blain Uztaritzeko auzapezorde eta Batera plataformako kideak ere dolumina adierazi die senideei: «Engaiamendu eredugarria hainbat eta hainbat arlotan. Zure gogoetak, sintesiak, ekarpenak balio ikaragarrikoak izan dira. Inspirazio iturri aberatsa zure bidea partekatu dugun guziontzat».

Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak ere samina azaldu du: «Agur eta ohore Mixel. Milesker herri honi eta bereziki Euskal Herri barnekaldeari ekarri dakoxun guziarendako. Milesker militante gisa eman daukuxun eredu eta inspirazioarendako». EH Baik berak ere zabaldu du dolumin mezua: «Gaur gure herriak galtzen du militante handi bat, galtzen dugu lagun handi bat. Laborantza iraunkorra, Batera edo bake prozesuan, Mixelek ekarpen handia egin du Euskal Herriarentzat».

«Bakegintzan eta eraldaketa sozial eta ekonomikoan egindako ezinbesteko ekarpenagatik erreferente izango da beti. Gure doluminik beroenak Mixel Berhokoirigoinen senide eta gertukoei», adierazi du EH Bilduk.

Berhokoirigoinen borroka anitzak gogora ekarri ditu, berriz, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak: «Laboraria, sindikalista, abertzalea, bakegilea... Herrigile nekaezina. Nekez laburbil liteke, are gutxiago eskertu, herri honen alde egin duen guztia. Doluminik bihotzekoenak senide, lagun eta burkideei». Eusko Alkartasunak nabarmendu du «militante handi bat» galdu duela Euskal Herriak.

ELAren arabera, Mixel Berhokoirigoinen heriotza «kolpe gogorra» izan da sindikatuarentzat, «baita mugimendu abertzale guztiarentzat ere. Horregatik, Nazio Batzordeak une beltz honetan besarkadarik beroena helarazi nahi die bere senide eta gertuko lagunei».

Manu Robles Arangiz fundazioko presidente Xabier Anzak, berriz, nabarmendu du «Berhokoirigoinen heriotzarekin pertsona, sindikalista eta bakegile zintzoa» galdu dela, «buruzagi abertzale handi bat. Pribilegio bat izan da ezagutzea eta bidelagun izatea. Agur eta ohore!».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.