Iragan azaroan, etxebizitza bloke bat okupatu zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Iruñeko Jarauta kalean, eta egoera zaurgarrian ziren hainbat pertsona sartu ziren hara bizitzera. Udaltzainek eta foruzainek bost egunen buruan hustu zuen eraikina, eta Iruñeko Udalak —Iruña Biziberritzen udal sozietate publikoaren bitartez— auzitara jo zuen sindikatuko bost kideren aurka. UPNko Cristina Ibarrola alkate zen orduan. Etxebizitza sindikatu sozialistak salatu zuen «era arbitrarioan» auzipetu zituztela bost militante horiek, «etxebizitzak atontzeko auzolanera edota babesa adieraztera gerturatu zirenen artean hautatuak». Atzo egitekoa zen epaiketa, baina, Kontseilu Sozialistak X sare sozialean jakinarazi duenez, karguak erretiratzea erabaki du Iruña Biziberritzen enpresa publikoak. Hortaz, bertan behera gelditu da prozesua.
Sindikatuak, dena den, protesta egin zuen atzo eguerdian Iruñeko auzitegiaren kanpoaldean, auzipetuei babesa adierazteko. Dozenaka lagun elkartu ziren Elkartasunaren kriminalizatzaileak, propietatearen defentsan zioen pankarta baten atzean. Kontseilu Sozialistak sare sozialetan adierazi duenez, udalak karguak erretiratuta ere, auziak agerian utzi du «erakundeek eskura dituzten mekanismo guztiak aktibatzen dituztela propietate pribatuaren alde eta etxebizitzaren esparruan antolatzen direnen aurka».