Iruñeko Udalak etxegabeentzako laguntza plana ondu du, eta %80,1 handituko du inbertsioa

Urte bukaerarako, arreta zerbitzuaren aurrekontua 3,2 milioi eurokoa izanen da. Etxebizitzaren auzian ez ezik, formakuntzan eta jantokietan ere eginen dute azpimarra.

Etxegabe bat Donostian. Artxiboko irudia. GORKA RUBIO / FOKU
Etxegabe bat Donostian. Artxiboko irudia. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 16a
14:30
Entzun

Etxegabeei arta emateko inbertitzen duen dirua ia bikoiztu eginen du Iruñeko Udalak heldu den urtetik aurrera. 1,77 milioi euroko aurrekontua du zerbitzu horrek gaur egun, eta 3,2 milioikoa izanen da 2025ean: %80,1 gehiago. Etxegabeei laguntzeko planaren barruan eginen du inbertsioa udalak, eta bertan, etxebizitzaren auziaz harago, hainbat proiektu jaso dituzte formakuntzaren, jantoki sozialen, zaintzaren, osasunaren eta enpleguaren esparruetan. Gizarte Ekintza arloko zinegotzi Txema Mauleonek eta Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi Joxe Abaurreak eman dute planaren berri, gaur goizean.

Azaldu dutenez, udalak nabarmen handituko du aterpeetako eta ostatuetako gastua, ahalik eta pertsona gehien hartu ahal izateko. Hala, hirukoiztu eginen dute ostatuen programaren aurrekontua: 300.000 eurokoa da orain, eta 900.000 eurokoa izanen da aurrerantzean. Aterpeetan ere diru gehiago inbertituko du Iruñeko Udalak, 1,2 milioi eurotik 1,5 milioira igaroko baita aurrekontua.

Hala ere, Mauleonek eta Abaurreak argi dute ez dela udal batek soilik konpondu dezakeen auzi bat: «Etxerik gabeko pertsonei laguntzeko politika publikoetan Iruñeko Udalak egiten duen inbertsioa inoizko handiena izan da 2024an. Baina hau fenomeno orokorra da, eta arazoari heldu beharko diote, Iruñeko Udalaz harago, baita Nafarroak, Espainiak eta Europak ere», azaldu du Mauleonek. «Udala bere baliabideen mugaraino iristen ari da pixkanaka, eta, ziurrenik, oso zaila izanen da udal ordenantzaz harago joatea».

Nafarroako eta Espainiako administrazioek egin ditzaketen gauzei buruz, zinegotziak esan du behar-beharrezkoa dela «lan baimenik ez dutenen egoera administratiboa legeztatzea». «Formakuntzan eragin dezakegu, baina, enpleguan eragin gabe, oso zaila da gizarteratze prozesua burutzea eta baliabideak edo etxebizitza lortzea».

Neguko hilabeteei aurrea hartzeaz ere mintzatu dira zinegotziak. Mauleonek adierazi du hotz boladaren aurkako neurrietan ari direla lanean: «Espero dut iazkoa baino eskaintza handiagoa egin ahal izatea». Hala ere, iragarri du Gonzalez Tablas kaleko aterpetxea ezin izanen dela erabili, «aldi baterako» azpiegitura bat zelako, behin-behinekoa, eta baliabideak falta dituelako: «Oro har, hotz boladarako oheen multzoa iazkoa baino handiagoa izango da, baina ez ostatu horretan. Espazio kolektibo bat atonduko dugu, baina ostatuak eta etxebizitzak ere atonduko ditugu».

1.524 pertsonak jaso dute arreta

Gizarte Ekintza arloko zinegotziak emaniko datuen arabera, udalak 1.524 pertsonari eskaini die arreta aurten etxegabeei laguntzeko programaren barruan. 2023an, 1.734 pertsona artatu zituzten urte osoan, eta aurten zortzi hilabetean iritsi dira kopuru horietara. Urte amaierarako, artatutako etxegabeak 2.200 inguru izatea espero dute: iaz baino %26 gehiago, alegia.

Zinegotziak azaldu duenez, gainera, urte hasieran hamahiru familia zeuden hiriko hainbat pentsiotan, eta, asteek aurrera egin ahala, 26 ere izan ziren. «Teknikarien lanari esker, 20 familiari eman genien bizitoki aproposago bat, sanferminak baino lehen. Une honetan, familia horietako zazpi bakarrik daude pentsioetan. Horrez gain, udala beste zenbait etxebizitza zaharberritzen eta egokitzen ari da, «familiei ez ezik egoera zaurgarrian dauden pertsonei ostatu emateko», Etxe bat izeneko programaren bidez. 60.000 euro inbertitu dituzte programa horretan, bederatzi etxebizitza atontzeko. Asmoa da heldu den urtetik aurrera 25-30 pertsona ingururi ostatu ematea udalaren etxebizitza horietan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.