Hotzaldiari aurre egiteko kanpainaren atarian, Iruñeko Udalak etxegabeentzako dituen arreta zerbitzuak gainezka daudela eta baliabide nahikorik ez duela ohartarazi dute gaur hainbat eragile eta mugimenduk. Zehazki, Paris 365, Haritu, Etxebizitza Sindikatua, Lantxotegi, Migratuendako Informazio Gunea (PIM-MIG), Salhaketa Nafarroa, Apoyo Mutuo, Elkarte, Oxfam Intermon eta SOS Arrazakeria taldeek udal gobernuari eskatu diote «eskura dituen baliabide guztiak» lehenbailehen martxan jar ditzala kale gorrian bizi direnek ostatua eta janaria izan dezaten.
Elkarteek ohartarazi dute etxebizitzarik gabe kale gorrian lo egitera behartuta daudenen kopuruak gora egin duela, eta ez direla aski udal aterpetxeetan eta ostatuetan lo egiteko irekita dauden 165 lekuak. Premiaren erakusle, honako datu hau eman dute: azaroaren 13an Trinitarios aterpetxera ostatu eske joan ziren 51 lagun kalean geratu ziren. Haien arabera, «dozenaka lagun» daude Iruñean kale gorrian arreta zerbitzuen premian.
Traba burokratikoak
Egoerarekin «suminduta» daudela esan du Beatriz Villahizanek, eragileen izenean; salatu du administrazioek traba burokratikoak jartzen dizkietela etxegabeei arreta zerbitzuetara jotzen dutenean. Pertsona guztien eskubideak errespetatzeko eskatu die instituzioei: «Pertsona guztiak dira, salbuespenik gabe, eskubideen subjektu, eta eskubide hori ezin da egon batzuen borondatearen menpe».
Villahizanek gogoratu du Arartekoak ere ohartarazi izan duela administrazioen eskumena dela etxegabeen eskubideak bermatzea, baina errealitatea oso bestelakoa dela salatu du. «Krudela eta legez kontrakoa da gobernuak pausorik ez ematea etxerik ez dutenen oinarrizko eskubideak bermatzeko», kexatu da. Eragileen ustez, badira nahikoa arau eta protokolo egoera zaurgarrian daudenen beharrak asetzeko, eta horiek martxan jarri besterik ez da egin behar. Hala ere, udal gobernuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete ez jartzeko baldintza gisa Iruñean denbora jakin batez bizi behar izatea baliabide horiek erabili ahal izateko. Izan ere, Iruñean, udal aterpetxeetan eta ostatuetan lo egiteko 165 leku eskaini dituzte aurten, baina mugak ezarrita: hirian urtebete baino gutxiago daramatenek sei egun eman ahalko dituzte aterpean, asko jota.