Iruñeko Udalak helburu nagusitzat jarrita zeukan, Joseba Asironek aginte makila hartu zuenetik: etxerik ez dutenen auziari heltzea. Baliabideak ugaritu dituzte ordutik, baina ez da nahikoa izan beste heriotza bat eragozteko. Udaltzaingoak larunbatean topatu zuen gizonezko baten gorpua, Azuelo plazako banku batean. Orain arte hartutako neurriak egokiak izan direla berretsi du Txema Mauleonek (Iruñea, 1973), baina aitortu du ezinbestekoak direla «erakundeen arteko elkarlana» eta «lanketa sakonago bat» arazoa errotik konpontzen hasteko.
Pertsona bat hil da kalean, etxerik gabe.
Bai, albiste oso gogorra da, eta samin handia eragin digu. Ezbehar larria da, eta elkartasun eta babes osoa adierazi diegu haren senideei.
Lehentasunezkotzat daukazue etxegabeei baliabideak eskaintzea. Zer egin duzue orain arte?
Egin genuen lehenbiziko gauza izan zen Gizarte Ekintzako hezitzaileekin eta langileekin batzartzea, eta aukera guztiak aztertzea, gure esku zegoena egiteko. Lehen neurri gisa, aurten zabaldutako aterpetxe berriaren edukiera handitu genuen, Nafarroako Gobernuak baimentzen duen gehienezko kopururaino [44 ohe zituen lehen, eta hirurogei ditu orain], eta horiei gehitu behar zaizkie Trinitarioen parkeko beste hirurogei oheak. Horrez gain, gure helburua izan da eskari osoa betetzea, gaua pasatzeko toki bat eskatzen zuen orori horretarako aukera emanda. Pentsioetan eta ostatuetan aterpe eman diegu aterpetxeetan lo egiteko tokirik ez zuten guztiei. Hori esanda, egia da badirela muturreko kasu batzuk konplexuagoak direnak eta beharrezko dutenak bestelako tratamendu bat.
Larunbatean hilik topatutako gizona egoera horretan zegoen?
Auzia sekretupean jarria du epaileak, eta ezin dut xehetasunik eman, baina esan dezaket egoera oso zailean zegoela pertsona hori, bai. Lanketa berezia eskatzen zuen kasu horrek, eta gizonak berak uko egin zion udalak eskainitako laguntzari.
Zer egiten duzue halakoetan?
Nafarroako Gobernuak Housing First filosofian oinarritutako proiektu bat du, eta pertsonak horretara bideratzen saiatzen gara. Funtsean, larriki baztertuta direnei eskaintzen zaie, programaren oinarria baita lehen etxebizitza baterako sarbidea bermatzea. Hala ere, horrek ere ez du denentzat balio. Asmoa dugu, bestalde, Etxerik Gabeko Pertsonen I. Plan Integrala prestatzeko, baliabide hauek guztiak koordinatzeko eta etxerik ez dutenei konponbide bat emateko: izan etxe bat, izan aterpe bat, izan programa berezi bat. Udaleko gizarte langileen sektorea ere indartu dugu, kalean direnen integrazio soziolaborala sustatzeko, immigrazio kasuetan paperak eta lan baimenak tramitatzeko... Ari gara, baina alderdi askotako auzia da.
Ibarrola alkateari leporatu zenioten auzi honetan urratsik egin ez izana. Non atzeman dituzue gabeziarik handienak?
Etxebizitzan, batik bat. Aurreko urteetan, UPNk ez zuen ezertxo ere egin alor horretan. Ez zen etxebizitza sozial bakar bat ere sustatu Enrique Maiaren agintaldi osoan. Guretzat, gakoa da hutsik dauden etxeak eskuragai jartzea, eta eskaintza handitzea. Horregatik, etxebizitza hutsen errolda bat prestatzen ari gara, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, horiek guztiak alokairu sozialaren zerrendan sartu ahal izateko.
Alderdi askotako auzia dela esan duzu. Beste zer alorretan ari zarete lanean?
Etxerik gabekoen arazoak bete-betean eragiten dio etxebizitzaren arazo orokorrari, baina ezinbestekoa da auziari osasun publikoaren ikuspegitik heltzea, enplegutik, lan formakuntzatik, mendekotasunen aurkako prebentzioaren alorretik... Hortaz, orain arte egin ditugun urratsak positiboak dira, baina argi dugu esku hartze konplexuagoa beharko dugula, auziari bere osoan heldu nahi badiogu.