Nafarroako elkarte batzuek kexak aurkeztu dituzte Nafarroako Gobernuan eta Iruñeko Udalean, etxegabeen egoera salatzeko. Paris 365, Haritu, Lantxotegi, Nafarroako Salhaketa, Migratuendako Informazio Gunea, Elkarri Laguntza, Oxfam Intermon eta Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteen esanetan, bi erakundeak etxegabeen eskubideak urratzen ari dira, eta erakunde bakoitzak bere erantzukizuna betetzeko jarri dute kexa, baita egoeraz ohartarazteko ere. Lanean jarraitzeko erantzunak eskatu dituzte, eta erakundeetako ordezkariekin bilera bateratu bat egitea.
Beatriz Villahizanek hartu du hitza elkarte guztien izenean. Adierazi du bi urte baino gehiago daramatela hainbat kolektibok gaur egungo egoera juridikoa eta soziala salatzen: «Pertsona batzuk babes sozialeko sistematik kanpo daude, eta etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik gabe». Nabarmendu du erantzukizun politikoa eta instituzionala beharrezkoa dela oinarrizko eskubideak betetzen direla bermatzeko, indarrean dagoen araudia zenbaitetan eguneratu egin behar delako, «Nafarroan bizi diren pertsona guztiek beren bizi proiektua duintasunez garatzeko aukera izan dezaten».
«Tranpa burokratiko orok utzikeria islatzen du, eta berdintasun printzipioa urratzen duen diskriminazioa da hori»
BEATRIZ VILLAHIZANElkarteen bozeramailea
Izan ere, ohartarazi du etxegabeen baldintzak «gero eta okerragoak» direla, erroldatzeko ezintasunagatik, oinarrizko beharrizanak asetzeko zailtasunengatik, eta lehen mailako osasun arreta izateko ezintasunagatik edota zailtasunagatik. Galdera bati erantzunez azaldu du Iruñean ehun pertsona baino gehiago daudela etxerik gabe, batzuetan berrehunera ere iristen direla, baina kopurua baino garrantzitsuagoa dela egoera horri buelta emateko ezintasuna.
Gaineratu du Arartekoak iazko martxoan ebazpen bat eman zuela. Bertan, Nafarroako Gobernuari adierazi zion betebeharra zuela etxerik ez dutenei eta kalean daudenei urte osoan ostatua eta mantenua bermatzeko neurriak hartzeko, «horretarako baliabide nahikoa jarrita eta ohikotasun, denbora muga, erroldatze edo egoitza baldintzarik gabe»; Iruñeko Udalari gogorarazi zion, berriz, horiek guztiak kudeatzeko betekizuna zuela. Hortaz, bozeramaileak salatu du araudi horretatik aldentzeko «labirinto edo tranpa burokratiko orok» utzikeria islatzen duela, eta «berdintasun printzipioa urratzen duen diskriminazioa» dela hori.
Villahizanek kritikatu egin ditu pertsonak jaioterrira itzularazteko egiten diren prozedurak. Erantsi du politikariek gizarte arazoen sintomak tratatzera bideratzen dituztela baliabideak, kausei heldu beharrean, eta horrek arduradun bihurtzen dituela, «arazo estruktural horiek sortzen dituen sistema betikotzeagatik». Hortaz, eskatu die hel diezaiotela gaiari «egiturazko arazo» baten modura.
Bide batez, «gorrotoaren diskurtsoaren normalizazioaren eta gorakadaren arriskuaz» ohartarazi du, eta «eskubideak modu partzialean eta pertsona jakin batzuei bermatzeko arriskuaz».
Eskariak
Nafarroako Gobernuari eta udalei ezinbestekoak jotzen dituzten neurriak zerrendatu dizkiete: Nafarroan bizi diren pertsona guztiek erroldatzeko aukera izatea; kalean bizi diren helduentzako eta adin txikikoentzako leku iraunkorra egotea, bermatuz ostatua, mantenua eta eguneko arreta; eta gizarte babeseko sistemarako sarbidea ematea, bai eta haien zerbitzu eta baliabideetarako sarbidea ere, erroldatuta egon ala ez.
Bide beretik, hotz boladari aurre egiteko protokoloa jakin nahi dute. Hori azaltzeko agerraldi publiko bat egin bazuten ere, bilera batera deitzeko zain daudela azaldu Villahizanek, kolektibo horrekin zuzenean lan egiten duten erakundeak direlako.