Etxegabeei arreta bermatzeko neurriak eskatu ditu Beste BIk

«Porrot kolektibotzat» jo dute igandeko heriotza. Irunen beste etxegabe bat hil dela salatu dute SOS Arrazakeriak eta Harrera Sareak

Bilbon eginiko elkarretaratzea, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Dozenaka lagun elkartu ziren atzo Bilbon, igandean hildako etxegabea gogoratu eta erakunde publikoei neurriak eskatzeko. Beste BI plataformaren esanetan, heriotza hura «porrot kolektibo bat» da: «Bai pertsona ahulenak alde batera uzten dituzten balioei jarraituz eroso bizi garenon aldetik, bai erakundeen aldetik, ez baitiete behar duten guztiei arreta egokia ematen».

Beste BIren arabera, ezinbestekoa da erakunde publikoek «beharrezko zerbitzu eta jarduerak garatzeko aurrekontu egokiak» izatea etxegabeen egoerari aurre egiteko; hala nola gaia genero ikuspegiarekin eta jarraipen eta ebaluazio sistema egokiekin tratatzeko, eta egokitutako ezarpenak martxan jartzeko, baita hiriburuetatik haratago ere. Hartara, Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei eskatu diete «hausnarketa sakon eta partekatu bat» egiteko egungo egoerari aurre egiteko estrategia berriak prestatzeko garaian; baita haien arteko lankidetza sustatzeko ere.

Izan ere, plataformaren aburuz, ezinbestekoa da erakundeen susperraldi planetan «desparekotasunaren aurkako borroka» txertatzea, iaz, Europar Kontseiluak sustatuta, Porton (Portugal) egin zen goi bileran hartutako konpromisoetan zehaztu bezala: «Politika publikoak garatzea, maila egokian, gizarte kohesioa indartzeko, diskriminazio mota guztien aurka borrokatzeko, baita lan munduan ere, eta guztientzako aukera berdintasuna sustatzeko».

40 urteko emakumearen gorpua igandean aurkitu zuten, Bilboko Zabalgune plazan. Beste BI plataformak azaldu duenez, bi urte baino gehiago dira etxegabeen eskubideen aldeko taldeek Angelica ezagutzen zutela: «Ezagutzeko eta maitatzeko adina. Oraindik gutxiegi oinarri onak izateko, eta horien gainean bizi proiektu bat eraikitzeko».

Arnas gutxiegitasuna

SOS Arrazakeria elkarteak eta Irungo Harrera Sareak jakinarazi dutenez, Irunen (Gipuzkoa) bizi zen etxegabe bat ere hil da azken egunetan. Zehazki, abenduaren 31n hil zen Moussa, arnas gutxiegitasun baten ondorioz. Ez dute jakinarazi, baina, COVID-19aren ondorio izan ote den.

Irungo Harrera Sareak adierazi duenez, Moussa ez zen muga pasatzeko zain zegoen migratzaile bat. Hark pare bat urte zeramatzan Irunen, Ficoba erakustazokatik gertu lo egiten. SOS Arrazakeriak gehitu duenez, etxegabea ezaguna zen inguruan.

Irungo komunitate musulmanak diru bilketa abiatu zuen haren gorpua aberriratzeko asmoz, baina, honezkero, lortu dute beharrezkoa zen diru guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.