Abenduan Iruñeko alkatetzara iritsita, Joseba Asironek lehentasun nagusitzat jo zuen etxerik gabekoentzako baliabideak handitzea, hotzaldia kalean igaro ez zezaten. Besteak beste, udalak handitu egin zuen aterpetxeetako ohe kopurua, eta programa bat abian jarri zuen, hiriko hoteletan eta ostatuetan etxebizitza alternatibarik gabeko pertsonak behin-behinean hartzeko. Bide horri kritika egin diote gaur Haritu etxebizitza sindikatuak eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Zapateria kalean elkarretaratzea egin dute bi sindikatuotako kideek, Gizarte Zerbitzuen egoitzaren aurrean, eta han, salatu dute etxerik gabekoei eskainitako alternatibak «ogi apurrak» baizik ez direla.
Udalak eskainitako baliabideak ez direla egokiak etxerik gabeko pertsonak hartzeko salatu dute Harituko Martin Zamarbidek eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Ainhoa Mendiluzek: «Hiru kideko familiak behartuta daude bainugela bakarreko logela batean bizitzera; eta lau kide edo gehiago izatekotan, bi logelatan egoteko aukera ematen zaie, baina gehiago ordainduta». Gaineratu dute, espazio murritz horretan, erabiltzaileek ez dutela behar besteko tokirik «intimitaterako, ikasteko edo etxebizitza bati lotzen zaizkion bestelako funtzioetarako». Bestalde, «oinarrizko ekipamenduak eta zerbitzuak» falta dituztela salatu dute sindikatuek; adibidez, gogorarazi dute erabiltzaileek ezin dutela logelan kozinatu, eta aurrez prestatutako jakiak erosi behar izaten dituztela, «horrek dakarren gastuarekin, batez ere elikadurarako prestaziorik jasotzen ez badute».
Udal ordenantzaren arabera, etxebizitza alternatibarik gabekoek hilabete bat eman dezakete hotel edo ostatuetan, gehienez. Haritu taldeko eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako ordezkarien esanetan, baina, badira egoera horretan «sei hilabete baino gehiago» daramatzaten familiak. «Horregatik diogu alternatiba hauek miseriazkoak direla: kalitate txarragatik, ezegonkortasunagatik, kontrol mekanismoengatik eta kostu ekonomikoagatik».
Erro sakoneko auzia
Agerraldia egin duten eragileen ustez, etxebizitzaren arazoaren oinarrian dago «langile klasearen bizi baldintzen etengabeko kaskartzea», eta horrek ez du konponbide errazik: «Udalaren unean uneko koloretik harago doan auzia da; alderdi politiko instituzionalek euren aurkariei behin eta berriz aurpegiratzen dieten gaia den arren, badakigu behin betiko konponbidea ezin dela etorri politika instituzionalaren eskutik. Izan ere, etxebizitzaren arazoa beti existituko da, hura merkantzia hutsa den bitartean, eta, beraz, beharrezkoak dira egiturazko aldaketak, instituzioek egin dezaketenetik harago». Areago, sindikatuok erakunde publikoei egotzi diete «adierazpen triunfalistak» egitea: «Egiturazko arazoak erreforma instituzionalen bitartez konpontzeko aukeraren ilusio faltsua elikatzen dute, eta, gainera, bidea irekitzen diete arazoa ikusezin bilakatzeko arriskuari eta arazoa pairatzen dutenei euren egoeraren errua egozteari».
Auzi honetan, zehazki, «udalak duen ardura» nabarmendu dute etxebizitza sindikatuetako kideek: «Iruñean 5.000 bat etxebizitza huts dauden honetan, udalak proposatzen duen berehalako konponbidea aterpetxe eta hoteletan dozenaka leku eskaintzea baino ez da». Horren ordez, kalitateko eta doako konponbideak galdegin dituzte: «Borrokatu behar dugu egoera okerrenetan diren pertsonentzako etxebizitza alternatibak kalitatekoak izan daitezen beti, eta kontrapartida ekonomiko zein burokratikorik gabekoak».