«Pertsona orok eskubidea du bizimodu egoki bat izateko, bai berari eta bai bere familiari bermatuko diena osasuna eta ongizatea, eta batez ere janaria, jantziak, mediku arreta, gizarte zerbitzuak eta bizitokia». Esaldi hori ez da atera ezein mitin politikotik, ezta ezkerreko alderdi baten hauteskunde programatik ere. «Bizimodu egoki bat» izateko eskubidea jasota dago 1948. urtean sinatutako Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. atalean, eta horren barruan, baita bizitokia edukitzeko eskubidea ere. Ordutik, Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Batasuneko herrialdeek beren konstituzio eta lege gorenetan propio aipatzen dute etxebizitza eskubidea. Eta, hala ere, aitorpenak aitorpen eta adierazpenak adierazpen, ez da betetzen.
Euskal Herria ez da oasi bat esparru horretan: etxebizitzarik gabe, kale gorrian lo egitera behartuta daudenen kopuruak gora egin du hiriburu guztietan, eta hotzaldiari aurre egiteko kanpainaren atarian, etxegabeentzako arreta zerbitzuak gainezka egitear dira toki askotan. Adibideak ez dira falta: Gasteizen, gizarte larrialdietarako zerbitzuen okupazioa ia %100ekoa da urritik, eta itxaron zerrendak daude CMAS udal zentroan, Aterpe gunean, Estrada eguneko zentroan eta tutoretzapeko etxebizitzetan. Iruñean, hilabete aurreratu dute neguko protokoloa, eta udal aterpetxeetan eta ostatuetan lo egiteko 165 leku eskainiko dituzte —aurreko urtean baino 30 gehiago—, baina mugak ezarrita: hirian urtebete baino gutxiago daramatenek sei egun eman ahalko dituzte aterpean, asko jota.
Administrazioek fokua eta indar gehienak larrialdiko eta behin-behineko laguntzetan jarriak dituzten arren, baliabide horiek ez dira nahiko egoerari aurre egiteko. Gizarte eragile ugarik salatu dute, gainera, auzi honek erro sakonak dituela, eta gabezia handiak daudela, besteak beste, erroldaren tramitazioan, formakuntzan eta enplegurako sarbidean. Etxegabeei konponbide iraunkorrak emateko garaian begirada sakonagoa ere falta dela, alegia.
Horiek horrela, hainbat gizarte eragilek txarretsi egin dute administrazio publikoen jokabidea, argudiatuta etxerik gabekoei eskaintzen zaizkien aukerak «ogi apurrak» baizik ez direla: «Etxebizitzaren arazoa beti existituko da, hura merkantzia hutsa den bitartean», laburbildu zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Ainhoa Mendiluzek, iragan apirilean eginiko agerraldi batean. Haritu elkarteak ere behin baino gehiagotan salatu du etxebizitza, eskubidea izan ordez, negozio gisara erabiltzen dela, eta sistemak lehenetsi egiten dituela enpresen etekinak: «Arazo larria da, baina gutxi batzuei aberastasuna pilatzeko balio die». Bi eragile horiek manifestaziora deitu dute azaroaren 28rako Iruñean eta abenduaren 14rako Bilbon, «egiturazko aldaketak» exijitzeko.
«Etxebizitzaren arazoa beti existituko da, hura merkantzia hutsa den bitartean. Arazo larria da, baina gutxi batzuei balio die aberastasuna pilatzeko»
AINHOA MENDILUZEEtxebizitza Sindikatuko kidea
Zama, elkarteen bizkar gainean
Euskal Herri osoan, administrazioena da etxegabeei oinarrizko arta, laguntza eta baliabideak emateko ardura, baina praktikan, gobernuz kanpoko erakunde eta eragile sozial ugarik beren gain hartua dute zeregin hori.
«Errealitatea da mundu guztiak ez duela bizitzeko tokirik, edo ez dituela oinarrizko beharrak bermatuak», azaldu du Sergio Garcia Sortarazi elkarteko formakuntza eta enplegu arduradunak. Gizarte inklusioa du helburu Sortarazi-k eta, horretarako, besteak beste, enplegu eta formakuntza arloan egiten dute lan. Ikastaroak eskaintzen dituzte Leioan (Bizkaia), Lanbideren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzekin. Etxerik gabekoekin bakarrik lan egiten ez duten arren, Garciak zehaztu du ikastaroan parte hartzen duten batzuek ez dutela non lo egin, edota kanpin denda batean bizi direla. Azaldu du euren oinarrizko beharrak bermatzen saiatzen direla: «Esate baterako, janaria eta dutxa. Etxebizitzaren gaia askoz zailagoa da; hilabeteak igaro daitezke bizitzeko toki batean sartzeko aukera duten arte».
Ipar Euskal Herrian, berriz, Atherbea da erreferentziazko elkartea. Hango zuzendari Jean Philippe Nicotek erran du maila anitz badituztela etxegabeei eskaintzen zaien laguntzan. Lehenik badira eguneko taldeak, «karrikara doazenak etxegabeengana, lehen harremanaren egitera, lehen laguntza eskaintzera». Badira ere eguneko harrera zentroak, Baionan eta Miarritzen (Lapurdi).
Ondoko urratsa urgentziazko aterpeak dira, gau bat edo hamabost gauerako gehienez ere, Angeluko (Lapurdi) Manuit gunean eta Miarritzeko Maison de Gilles etxean, hurrenez hurren. Aparte, LHSS dispositiboa ere plantan jarria dute etxerik gabe eta eri diren pertsonei harrera egin eta artatu ahal izateko. Neguko hilabeteetarako dispositiboa ere prest du Atherbeak: 40 ohe Angelun —horietatik, 12 emazteentzako erreserbaturik—; 20 ohe Baionan, 14 toki Miarritzen, lau Lehuntzen eta beste 12 ohe Hendaian. Guztira, 90 leku, iaz baino lau gehiago.
«Kasu askotan, gu geu ari gara etxegabeen eta administrazioaren arteko bitartekari lana egiten, baliabideak jartzen... Erakundeek egin beharko luketena egiten, alegia», adierazi du Miren Urteagak, Iruñeko Elkarri Laguntza elkarteko kideak.
«Bakarrik ezin dugu: arazoari heltzeko borondatea dugunok, inoiz baino baliabide gehiago jarrita ere, gero eta eskaera gehiago jasotzen ditugu. Beste udal batzuentzat, errazagoa da etxegabeak hona bidaltzea»
JOXE ABAURREAIruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzia
Haurrak dituzten andreak eta kalean bizi diren gazte migratzaileak artatzen dituzte nagusiki: hitzarmena dute Nafarroako Elikagai Bankuarekin, eta astean behin, janari poltsak banatzen dituzte herritarren artean. Horrez gain, baina, laguntza eskaintzen diete etxegabeei bai formakuntzaren alorrean, bai errolda eta alokairu soziala tramitatzeko prozesuetan, besteak beste.
Oinarrizko harrera zerbitzu baten falta nabarmendu dute elkarteko arduradunek. «Guk ahal duguna egiten dugu: ematen dizkiegu kanpin dendak, mantak eta elikagaiz beteriko poltsa bana astean behin, baina hori ez da konponbidea. Hona lehen aldiz iristen direnek nora jo dezakete argibide eta laguntza eske?», kexu da Urteaga. Haren ustez, etxerik gabeko lehen hilabeteak garrantzitsuenak dira arta emateko garaian, orduantxe gertatzen delako gainbehera fisiko eta psikologiko handiena: «Gaixotzen dira, buruko gaitzak azaleratzen dira, depresioa... Kalean denbora luzea daramatenek, gutxi-asko, badute sare moduko bat, edo badakite laguntza nondik jaso, baina iritsi berriek ez dute ezertxo ere», adierazi du.
Administrazioen labirintoan
Ipar Euskal Herriko etxegabeek Pirinio Atlantikoetako departamenduaren, Euskal Hirigune Elkargoaren eta beren herriaren menean dihardute horien egoera prekariotik ilkitzeko aterabideak xerkatzen. Han eta hor Ipar Euskal Herriko herrietan, SDSEI departamentuko elkartasun eta gizarteratze zerbitzuak plantan jarriak dira. Baionakoari dei egin dio BERRIAk, eta erantzunak ironia kutsua hartu du: «Edo pertsona horiek badute etxebizitza bat CCAS herrietako gizarte ekintza zentroen bitartez, edo ez dute, eta orduan, bat erdietsi behar dute guk departamentu mailan lagundu ahal izan ditzagun. Ezin dugu eskua sartu bizitokirik ez duen jendearekin». Etxegabeekin, hots.
Luzerako aterabideak ez dira departamenduaren esku, beraz. CCAS egiturei ere dei egin die BERRIAk, baina erantzunik ez. Atherbera deitzeko agindu dute. Halere, Frantziako eta Ipar Euskal Herriko sisteman, CCAS zentroek dute, beharbada, ahalmen gehien etxegabeek etxebizitza bat eskura dezaten. Baina, oso denbora luzean egiten dira aitzina pausoak, eta, guti gorabehera, hiru urte behar dira Ipar Euskal Herrian etxebizitza baten lortzeko.
Nafarroan, Iruñeko Udala da alor horretan urrats gehien eman dituen administrazio publikoa: 3,2 milioi euroko inbertsioa egin du —aurreko urtean baino %80 gehiago—, larrialdiko bizitokiak, laneratze eta formakuntza planak eta kaleko arta finantzatzeko. Hala ere, arazoa konpontzetik urrun da oraindik.
«Etxebizitzaren arazoa ez da berria», esplikatu du Hirigintza zinegotzi Joxe Abaurreak. «Berria dena da arazoak azkenaldian hartu duen itzelezko tamaina». Hori dela eta, zinegotziak ohartarazi du udala iristear dela gehienez ere gastatu dezakeen mugara, eta lankidetza galdegin die gainerako erakundeei: «Udal batek ez du arazoa bere kabuz konponduko. Ezta erkidego batek ere. Denen baliabideak eta ahaleginak behar dira, plangintza integral baten barruan». Ikuspegi horrekin bat dator Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfaro ere: «Etxebizitza eskubidea bermatzeko borroka utzi behar genuke alderdien estrategietatik kanpo, arduragatik eta herritarrei zor diegun konpromisoagatik».
Iruñeko zinegotziaren aburuz, gainera, «paradoxa bat» sortu da etxegabeen auziaren inguruan: «Arazoari heltzeko borondatea dugun erakundeok, inoiz baino baliabide gehiago jarrita ere, laguntza eskaera gero eta gehiago jasotzen ditugu. Beste administrazio batzuentzat, aldiz, errazagoa da etxegabeei esatea Iruñera etor daitezela, hemen baditugula baliabideak. Guk ez dugu beste hiri batzuek baino baliabide gehiago, borondate kontua da, baina ezin diogu egoera honi luzaroan eutsi».
Soslai berriak leihatilan
Elkarteetara eta oinarrizko gizarte zerbitzuetara jotzen dutenen soslaia aldatu egin da azken urteetan. Egun, gero eta gazte migratzaile gehiago dira oinarrizko beharrak bermatuak ez dituztenak eta, horren ondorioz, kaleetan eta aterpeetan bizi direnak. Gehienak gizonezkoak direla esplikatu du Sortarazi elkarteko Sergio Garciak.
Orokorrean gazteak izan arren, zehaztu du 30 eta 40 urte bitarteko lagunak ere ari direla Euskal Herrira iristen. Prozesu berdina egin behar dute, baina badituzte diferentziak gazteenekin: alde batetik, ez dute aukerarik gazteei zuzendutako programetan parte hartzeko; bestetik, euren herrialdeetan ikasketak egin dituzte, eta esperientzia horrek lagun diezaieke lan munduan errazago sartzen. Halere, batzuetan zaila da tituluak homologatzea, «herrialdearen eta formakuntza mailaren arabera».
«Atzerritarrek arazo mordoa dute bizitoki bat eskuratzeko; telefonoz deitu eta alokatzaileek azentua nabaritzen dieten unean, akabo»
MIREN URTEAGAElkarri Laguntza elkarteko kidea
Iruñean, Elkarri Laguntzaren egoitzara ere migratzaile gazteak joaten dira batez ere. Astelehen goizetan, ilara handiak sortzen dira Arrotxapea auzoko haur eskola zenaren patioan. Boluntarioek egun horretan banatzen dituzte elikagai poltsak eta arropa. «Gurera afrikarrak etortzen dira, batez ere: magrebtarrak, senegaldarrak, kamerundarrak... Hemen, jatekoa emateaz gain, laguntzen diegu paperekin, bizitoki bat lortzeko prozedurarekin eta formakuntzarekin», kontatu du Urteagak.
Hala ere, Euskal Herrira iristen direnean, gazteek hainbat arazo izaten dituzte ikastaroetan izena emateko. «Topo egiten duten lehenengo harresia errolda da», azaldu du Garciak. Lanbideren zein aldundiaren ikastaroetan parte hartzeko, beharrezkoa da Lanbiden izena emanda egotea, eta, horretarako, erroldatuta egotea ezinbesteko baldintza da. Batzuetan, gazteek hiru edo lau hilabete eman ditzakete erroldatuta egon gabe. «Ohikoena da aste batzuk egotea ahal duten moduan bizimodua ateratzen, ahal duten tokian, errolda lortzen duten arte».
Prozesu hori bizkortzeko xedez, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gobernuak protokolo bat adostu zuten irailean, errolda tramitatzeko irizpideak bateratzeko eta etxegabeei traba gutxiago jartzeko.
«Gizartea produktibista eta kontsumista da erabat, eta herritarrak lanera bultzatzen ditu kontsumitu dezaten eta ekonomian parte har dezaten. Etxegabeak, definizioz, ez dira mugimendu horren parte»
JEAN PHILIPPE NICOTAtherbea elkarteko zuzendaria
Aurreiritziak oztopo
Oztopo administratiboez gaindi, ordea, bada etxegabeek gainditu behar duten beste traba handi bat: gizartearen beraren ezinikusia. Topiko arrazista, klasista eta aporofobikoek zaildu egiten dute zulotik ateratzeko bidea. «Atzerritarrek arazo mordoa dute bizitoki bat eskuratzeko, batez ere afrikarrak badira», esan du Urteagak: «Alokatzaileek telefonoaren bestaldean atzerriko azentu bat aditzen badute, akabo. Ez diete gelarik alokatuko».
Atherbea elkarteko Jean Philippe Nicotek gogoetan sakondu du, eta etxegabe guztien egoerara zabaldu: «Gure gizartea produktibista eta kontsumista da erabat, jendeak lanera bultzatzen ditu kontsumitu dezaten eta ekonomia nazionalean parte har dezaten. Definizioz, etxegabeak ez dira mugimendu horren parte». Alta, pentsamolde hori uste baino haboro hedatua da. Euskal Elkargoa eta herriko etxeak aipatu ditu Nicotek: «Politikoki, etxegabeak ez lituzkete ikusi ere egin nahi». Baina, hor dira, hain zuzen, administrazioetatik abiatzen den sistemak eragiten duen prekaritatearen biktimak. Ez dituzte ikusi nahi, baina, aldi berean, nahiko baliabiderik ez diete ematen elkarteei, horien laguntzeko. «Lo egiteko guneak biziki andeatuak dira. Adibidez, Angelun, 40 pertsonari harrera egiten diegu, baina zinez egoera txarrean den eraikin batean».
Bizitokia baino gehiago
Etxerik gabekoekin lan egiten duten erakunde guztiek argi dute konponbideak izan behar duela zeharkakoa eta integrala, eta ez soilik larrialdi egoeretara lotua. Era berean, aditu guztiak bat datoz: bazterrean direnek denetarik behar dute, baina etxebizitzak izan behar luke gainerako beharrak asetzeko lehen urratsa. Hori da lehentasuna.
«Gizarte etxebizitza oso gutxi daude. Ez dago ia aukerarik. Diru sarrerak izanda, oso zaila da; diru sarrerarik gabe, ezinezkoa»
SERGIO GARCIASortarazi elkarteko kidea
Bizitoki duin bat bermatzea, baina, arazoa da berez. Sortarazi elkartean saiatzen dira lo egiteko tokiak eskaintzen, etxebizitza egonkorrago bat lortu bitartean. Pisu batzuk dituzte horretarako, baina ez dira nahikoak, Garciaren hitzetan: «Hiru pisu ditugu oso toki gutxirekin; horrekin ezin diegu behar guztiei erantzuna eman». Programa diferenteak egonda ere, Sortarazi-ko arduradunak aitortu du, gaur egun, oso gizarte etxebizitza gutxi daudela: «Ez dago ia aukerarik. Diru sarrerak izanda oso zaila da; diru sarrerarik gabe, ezinezkoa».
Ipar Euskal Herrian, Etxebizitza lehenik dispositibo esperimentala eramaten ari dira Atherbea elkartean, 2021etik geroz. Tiny houses eredutik abiaturik, hogei bat etxe txiki diseinatu eta sortu zituzten. Hala, horraino etxegabeak zirenak «beren etxean dira» etxe txiki horietan; «horien eremua da», erran du Nicotek. Eta jarraiki: «Hegatzaren estrategia da: lehendabizi etxegabeak hegatz baten azpian eman behar dira, etxebizitza batean, babesturik. Gurea den etxe bat badugularik, zaintzen dugu, eta, beraz, nolabait, nork bere burua ere».
Housing first estrategiarekin bat egin du Iruñeko Udalak ere, azkenaldian. Abaurrea zinegotziak azaldu duenez, udalarenak ziren 200 etxebizitza huts atondu dituzte, bazterketa egoera larrian diren beste horrenbeste familia edo gizabanako hartzeko, eta hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuarekin, alokairu sozialerako etxebizitza gehiago eskaini ahal izateko: 1.000 etxebizitzako poltsa bat lortu nahi dute, lau urteko epean.
Lanbide batean formatzea, beraz, hurrengo urratsetako bat litzateke. Atherbea, Sortarazi eta Elkarri Laguntza elkarteek abian dituzte zenbait programa, horretarako. Ostalaritza, zuraren lanketa, elektrizitatea, alor soziosanitarioa... Askotariko ikastarotan izena eman dezakete etxegabeek, enplegurako sarbide gisa. Abaurreak uste du hori dela bidea. Haren esanetan, administrazioen helburua izan behar da «eskailera bat» sortzea, bazterrean bizi direnek aukera izan dezaten, pixkanaka, egoera horretatik ateratzeko: «Kalean bizi direnei bizitoki bat ematea helburuetako bat da, baina estrategia ezin da horretara mugatu. Jende horri larrialdiko etxe bat emateaz gain, bizitzan aurrera egiteko modua ere eskaini behar zaie: formakuntza ibilbide bat, enplegurako sarbidea, alokairu babestua... Gurera ekarri nahi ditugu. Bertan errotu».