Etxegabeak babesteko eskatu dute Bilbon, hildako andrearen omenean

Beste Bik erakundeei galdegin die «gizarte zerbitzuen zorroa modu eraginkorrean handitzeko»

Fatima oroitzeko, kandelak jarri zituzten andrea hil zen lekuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Fatima zuen izena, kalean bizi zen, gizarte zerbitzuen arta jasotzen zuen, eta oso ezaguna zen Bilboko etxerik gabekoez arduratzen diren herritarren artean. Joan den ostiralean zendu zen, Bilbo Zaharreko Hiru Zutabe plazan. Beste Bi plataforma osatzen duten 24 elkarteek elkarretaratze bat eta omenaldi bat egin zioten Fatimari, Bilboko Areatzan. Haren irribarrea gogoratu zuten, mundu guztiari maitea esateko zuen ohitura, leku guztietara korrika joaten zela «denborak ihes egiten ziola jakingo balu bezala; orain bera baino azkarragoa izan da, eta Fatimak kalean aurkitu du heriotza».

«Handienetako bat abiatu da», esan zuten haren lagunek. «Musu bat idazle analfabeto onenarentzat. Hemen zure hurrengo gutunaren zain egongo gara». Hildakoa gogoratzeaz gain, Beste Bi plataformako kideek nabarmendu zuten kalean bizi direnak pairatzen ari diren egoera latza: «Urtebete igaro da COVID-19aren egoerari aurre egiteko neurriekin hasi ginenetik. Gizarte osoak zailtasunez bizi du egoera, kalean bizi diren pertsonek ere bai. Pandemia hasi zenetik, gero eta etxerik gabeko egoera gehiago agertzen ari dira». Plataformaren arabera, «pertsonak alde batera uzten dituen sistema bidegabe baten ondorio» da zenbait herritarrek etxerik gabe bizi behar izatea.

Beste Bi plataformak dei egin dio gizarteari «etxerik gabekoek pairatzen duten gizarte bazterketa hori ikusi, entzun, eta berea dela senti dezan». Era berean, instituzioei ere eskaera bat egin diete: «Gizarte zerbitzuen zorroa modu eraginkorrean handitzeko, estrategia orokorra eguneratu eta aktibatzeko, Euskadin etxe gabezia errotik kentzeko». Zehazki, plataforma osatzen duten elkarteek gura dute udalerri guztietan «gizarte erroldatzea» abian jar dezatela, «pertsona guztiek gizarte eskubideak eta prestazioak eskuratzeko ezinbesteko tresna baita».

Etorkizunerako asmoak ere azaldu zituzten Beste Bi plataformakoek: «Berriz ere kalean hildako inor omentzera irten behar ez izatea», eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean etxebizitzarako eskubideaz azaltzen dena «egia» bihurtzea.

Elkarretaratzea amaituta, beste omenaldi xumeago bat egin zioten Fatimari, hil zeneko tokian: han loreak jarri zituzten zuhaitz bati lotuta, eta kandelak piztu zituzten.

Aurtengo hirugarrena

2006an sortu zen Beste Bi plataforma, eta etxebizitza eskubidearen eta gizarte bazterketaren arloan eta etxerik gabekoen alde lan egiten duten 24 elkartek osatzen dute. Besteak beste, Bizkaiko Caritas, CEAR, Munduko Medikuak, Hiesaren Kontrako Bizkaiko Batzordea eta beste zenbait elkarte daude plataforman. Aspalditik, elkarretaratze eta omenaldi bat egien dute Bilbon etxerik gabeko pertsona bat hiltzen den bakoitzean.

Fatima ez da aurtengo lehen hildakoa izan; urtea hasi zenetik orotara kalean bizi ziren hiru pertsona hil dira Euskal Herrian. Urtarrilean, 56 urteko gizon baten gorpua topatu zuten Hendaian (Lapurdi), auto batean. Joan den martxoaren 12an, berriz, beste etxegabe bat hil zen Bilbon, 23 urteko gazte poloniarra. Piotr zuen izena, baina Uribarri auzoan Peter deitzen zioten. Oso ezaguna zen Bilbon, askotan egoten zelako kalean gitarra jotzen. Martxoaren 22an eman zuten haren heriotzaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.