80 urte bete berri ditu Christian Bauzetek. Bizi luzea. Baionan egon da berrogei bat urtez, Angelukoak (Lapurdi) zituen gurasoak, eta bertan sortu zen bere alaba ere. Bauzet elektrikaria zen lanbidez. Erretretaren adinera heldu zen gero. Bat-batean, 76 urte zituela, etxerik gabe geratu zen, eta autoan lo egin zuen urte oso batez. Hiru hilabetez kaltetuen apartamentu batean egon zen gero, eta ondoko 22 hilabeteetan trantsizio apartamentu batean. Aurtengo otsailaz gero dago HLM alokairu apaleko bizitoki batean, Hendaian (Lapurdi). «Berpiztu nintzen». Etxegabeen eskubideen alde militatzen du gaur egun.
2020. urtea heldu zenerako, Bauzeten emaztea eta emazte ohia epe laburrean zendu ziren. Eta COVID-19 pandemiaren fenomenoa abiatu zen. «Bizitzaren gorabeherak. Ezin nuen gehiago». Orduan, lehen konfinamendua bukatzean, deliberatu zuen Espainiara joatea bizitzera, momentu baterako, gutxienez. Bazuen lagun bat bertan, eta ordura artekoak burutik husteko parada emanen zion, agian. Baina, beste lekuetara bezala Espainiara ere COVID-19aren bigarren uholdea iritsi zen, neurri berriak, perimetro mugatua... Eta Ipar Euskal Herrira itzuli zen, azkenean. 2021. urtearen atarian. «Zinez uste nuen etxebizitza bat atzemanen nuela».
«76 urterekin pentsatzen duzularik hiru urtez autoan lo egin beharko duzula... Erokeria hutsa da»
CHRISTIAN BAUZET Etxegabea izandakoa
Ordea, osasun arloak beste, etxebizitzaren arloak ere bortitz jasan zuen pandemia. Jende andana bat kanpotik jin zen konfinamenduen garaia Ipar Euskal Herriko zenbait etxetara pasatzera. Prezioek gora egin zuten. «COVID krisia aitzin oraino atzematen genuen. Eta erran nuen: ‘Ezinezkoa da’. Zahartzarorako gutxienekoa eskuratzen dut: 1.010 euro hilabeteko». Haatik, gehienetan, alokairuaren prezioa baino hiru aldiz gorago den lansaria ukaitea galdegiten dute jabeek. «[1.010 eurorekin] ez duzu ezta 400 euroko alokairua duen apartamenturik eskuratzeko aukerarik».
Etxebizitza bat ordaindu ezinean, 115 zenbakiari dei egin zion —larrialdiko aterpeak—. «Lau gau pasatu nituen bertan, eta gero ez nuen gehiago nahi. Baldintzak biziki txarrak ziren»; hala gisan larrialdiko aterpe gehienetan, baliabide eskasagatik. HLM eskaera bat egin zuen gero, eta DALO eskaera bat ondotik [egoitzarako eskubide erabilgarria]. Erantzun zioten: «Galde goiztiarra. Ez lehentasunezko. Ez urgentea». Hiru urte itxaron behar zituen, gutxienez. «76 urterekin pentsatzen duzularik hiru urtez autoan lo egin beharko duzula... Erokeria hutsa da».
Orduan jin zen bere egoeraren bilakaeraren hatsarrea: «Kexu nintzen. Lehen manifestazio bat egin nuen Angeluko Quintaou merkatuan, nihaurk, kartoi batekin zeinaren gainean ene istorioa idatzi bainuen». Norbaitek, argazkitan hartu, eta sare sozialetara hedatu zuen irudia; 3.500 jendek ikusi zuten. Angeluko auzapezari heldu zitzaion, eta kaltetuen apartamentu batean lo egiteko aukera eman zion. Horrek 2022ko otsailetik apirilera arte iraun zuen. Gero, behin-behineko apartamentu batera sartu zen: sei hilabete beharrean, 22 hilabetez egon zen bertan.
2023. urtearen bukaera iristean, gauzak aldatu behar zirela erabaki zuen. HLM eskaerari zegokion mezu bakarra errezibitu zuen: apartamentu bat erdiesteko laugarren lekura iritsi zen; baina noski, aitzineko hiru pertsonek uko egin beharko zioten. Orduan Baionako eguberriko merkatura joan zen, eta arra haste: pankarta bat eta bere istorioaren kontakizuna. Sare sozialen fenomenoarekin ere, arra haste: Baionako auzapeza hurbildu zitzaion honakoan, eta dei bat pasatu. 2024ko urtarrilean ukan zuen proposamena Hendaiako HLM bizitegiarendako. Segidan onartu zuen.
Kriminalizazioa
«Karrikan zarelarik, zure errua da kasik. Ahalgabea zarelako da, edo hori nahi izan baituzu». Bauzetek bortitz oroitzen du karrikan iragan zuen denboran jasan tratamendua. Eta, batez ere, egoera horretatik ateratzeko prozesuaren zailtasuna azpimarratu du, bai eta berezko zailtasunari txertatzen zaizkion traba intentziozkoak ere. «Ohartu behar da: legez kanpo jartzen zaituzte».
Prozedura administratiboek dute arazo gehien sortzen. Lehenbiziko trabetarik bat nork bere izena bizitegi bati lotua izan behar duela da. Hain zuzen, edozein desmartxa aitzina eramateko, bizitegi bat behar da. Baina, orduan, nola egiten dituzte desmartxak etxegabeek? Bauzetek bizitegi administratiborako eskaera egin zuen Baionan —gutunak errezibitzeko baliabidea da, adibidez—, eta ezezkoa jaso: «Loturarik ez Baionarekin». «Esketx bat idatzi nahi nuen horri buruz: paperik gabe geratu naiz, orduan poliziarengana joan naiz, eta kanporatu nazaten galdegin diet, Angelura [irriz]». Angelun 48 orenetan jaso zuen bizitegi administratiborako baiezkoa. «Umorea ukaiten jakin behar da, eta absurdoaz irri egin, jasaten dugunaz. Bestenaz, burua murruaren kontra joko dugu, eta murruari deus ez zaio gertatuko, baina guk min ukanen dugu».