Etxegabe bat hilotz aurkitu dute Iruñeko Donibane auzoan

Azuelo plazako banku batean topatu zuen gizonezkoa Udaltzaingoak.

Etxegabe bat Iruñeko parke batean lotan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Etxegabe bat, Iruñeko parke batean, lo. Artxiboko irudi bat da. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 15a
08:55
Entzun

Iruñeko Udaltzaingoak atzo jakinarazi zuen 60 urteko gizonezko bat hilik topatu zuela larunbat goizaldean Donibane auzoan. Azueloko monasterioko plazan zegoen gizona, banku batean etzanda. Udaltzainek aurkitu zuten gorpua, baina ikerketa Espainiako Poliziaren esku dago orain.

Udal agintera iritsita, Joseba Asiron alkateak helburutzat zeukan etxegabeentzako baliabide gehiago jartzea. Hala egina zuten abenduaren 28tik: handitu egin zuten Iruñean diren bi aterpetxeen edukiera —Trinitario parkean bat eta Galizia etorbidean bestea—, eta, horiek beteta, beste hamazazpi pertsonari bonuak eman dizkiete, hiriko zenbait pentsiotan eta ostatutan lo egin ahal izateko. Egunean, batez beste, 135 etxegaberi eman diete aterpe egunotan.

Iruñeko udal gobernuko bozeramaileak, EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurreak, udalaren «samina» adierazi du. Esan du «ezbehar tragikoa» dela, eta elkartasuna eta babesa adierazi die «hil den gizonaren ahaideei eta gertuko lagunei». Halako gertaerak «umiltasunez eta zuhurtziaz» kudeatu behar direla gaineratu du Abaurreak, eta azaldu du kasu honetan heriotza ez dela izan «udalaren baliabide edo aurreikuspen faltaren» ondorio: «Lanean segitu behar dugu hobetzen jarraitzeko, baina kasu honek ezaugarri oso bereziak ditu; bezperan, aterpetxera joateko gonbita egina zion Udaltzaingoak gizon horri, baina uko egin zion».

Elkarretaratzea, gaur

Etxegabearen heriotzaren berri izan eta berehala, hasiak dira protesta hotsak ozentzen. Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea antolatu du gaur arratsalderako. 18:00etan eginen dute, Udaletxe plazan, Kapitalismoa hiltzailea lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.