Etxebizitza politika berritzaileak defendatu ditu EH Bilduk, «oztopoen eta boikoten gainetik»

EH Bildu bere III. Konferentzia Munizipalista egiten ari da, Azpeitian. Nagore Alkorta alkateak aitortza egin die han elkartutako 500 bat hautetsiei, topeketaren hasieran. EH Bai ere topaketa munizipalistan ari da Angelun, ehun bat parte hartzailerekin.

Azpeitiko alkate Nagore Alkortak EH Bilduko 500 bat hautetsi agurtu ditu Soreasu antzokian. BERRIA
Azpeitiko alkate Nagore Alkortak EH Bilduko 500 bat hautetsi agurtu ditu Soreasu antzokian. BERRIA
xabier martin
Azpeitia
2025eko martxoaren 22a
11:15
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bildu bere udal politika sendotzeko eta, herriz herriko esperientziak trukatuta, ereduak indartzeko topaketa egiten ari da Azpeitian (Gipuzkoa) gaur. III. Konferentzia Munizipalista da ezker subiranista Soreasu antzokian egiten ari dena, 500 bat hautetsirekin, Euskal Herri osoko alkate eta zinegotzi. Etxebizitza, zaintza, trantsizio ekosoziala eta gobernantza eredua landuko dituzte han.

Harrera ekitaldian, Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta Eudeleko lehendakariordeak hartu du hitza, eta lehen mezua hautetsien lana aitortzeko izan da: «Zuen bizilagunen ongizatea bermatzeko egiten ari zareten lanagatik eta egiten duzuen sakrifizioagatik, eskerrak EH Bilduko komunitate osoaren partetik». Zertaz ari den badakiela azpimarratu du Alkortak, «ez dela erraza». Erantsi du «egunerokoan oztopo asko» gainditu behar dituztela EH Bilduko hautetsiek, koalizioaren ereduaren alde egiteko udaletan; zailtasun horiek, gainera, «finantza eta baliabide faltaren ondorio» izaten dira sarritan, Alkortak zehaztu duenez.

Baina, hala ere, EH Bilduk lortzen du bere udal politika aurrera ateratzea, haren arabera. Konferentzia munizipalistan hainbat gai jorratuko dituzte, baina etxebizitzaren gaiari heldu dio Azpeitiko alkateak, harrera ekitaldian. Izan ere, koalizioko udalak «gorputz eta arima» ari ei dira «pertsonen ongizateari eta bizi proiektuei» eragiten dien arazo handi hori konpontzeko. Alkortak azpimarratu du EH Bilduk gobernatzen dituen udalen baliabideen «zati handi bat» konponbideak bilatzera bideratu dutela, eta etxebizitzaren arazoa konpontzeko «politika berritzaileak» jarri dituztela abian.

«Aitzindariak» etxebizitza politiketan

«Oztopoen, boikoten edo bidean jartzen dizkiguten arazoen gainetik, EH Bilduko alkateek etxebizitzaren arloan duten konpromisoa erabatekoa da», aldarrikatu du Alkortak. Eta ziurtatu du horrela izango dela aurrerantzean ere. «Aitzindariak izan gara. Errenteria tentsio handiko eremu izendatu duen Euskal Herriko lehen udalerria izan da; aitzindariak izan gara hemen ere, Azpeitian, hutsik dauden etxebizitzen kanonarekin. Eta etorriko dira udalerri gehiago eta neurri gehiago EH Bilduren aldetik».

«Katalunian alokairuen prezioa jaistea lortzen ari dira. Esaten ziguten hori ez zela konponbidea. Bada, bai, posible da, eta bai, konponbide bat da»

NAGORE ALKORTAAzpeitiko alkatea

Etxebizitzarena «lehentasun osoa» da koalizio subiranistaren udal gobernuentzat, Azpeitiko alkatearen esanetan. Eta bide horretatik jarraitzeko eskatu die hautetsiei, azpimarra eginez alokairuen prezioak jaisteko ekimenean. «Katalunian abantaila hartu digute, lehenago hasi zirelako, baina ezarrita dauden politikek alokairuen prezioa jaistea lortzen ari dira. Esaten ziguten hori ez zela konponbidea. Bada, bai, posible da, eta bai, konponbide bat da».

(ID_17426419614075) EH Bildu
EH Bilduren Konferentzia Munizipalista, gaur. BERRIA

Etxebizitzaren arazoa konpontzeko beste gauza asko egin beharko direla ez du ezkutatu Alkortak, eta garbi utzi du «erakunde guztiek» jarri beharko dituztela martxan beste neurri batzuk, «gai honek guztiok inplikatzen gaituelako»; baina ziurtatu du EH Bilduko alkateen aldetik ez dela «lanik, konpromisorik eta ilusiorik faltako».

Azpeitia (Gipuzkoa) eta Angelu (Lapurdi) tarte batez loturik egon dira Soreasun Antzokian, EH Bai ere gaur bertan egiten ari baita bere konferentzia munizipalista. Hala, Xabi Thicoiope EH Bairen udal politikarako arduradunaren bideo bat eman dute. Azaldu du herrien arteko esperientziak trukatzen ari direla ehun bat hautetsi Angelun, beti «burujabetzaren bidean», eta mahai inguruen bitartez «nazio ikuspegia» landuko dutela.

Urte baten buruan herriko bozak eta Euskal Elkargoaren osaketa berria jokoan izanen direlarik, EH Baik jakinarazi du hitzordu horren prestaketan buru-belarri sartua dela. «Tokian-tokian gure militanteek egiten duten lanaz haratago, gaurkoa momentu kolektibo bat da, Ipar Euskal Herri osoari begiratzeko eta elkarrekin aitzinean dugun erronkaz gogoetatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.