Ezin herrian bizi. Arazoa bera da Euskal Herriko bazter askotan. Horren inguruan eztabaidatzeko saio berezia antolatu dute Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideak sareak. Bigarren etxebizitzak, Airbnb eta halako plataformen kalteak, espekulazioa eta nekazaritzako lurrak galtzea: besteak beste, gai horiek landu dituzte, baina baita itxaropena ematen duten bestelako fenomenoak ere, azken boladan sarri egiten ari diren mobilizazioak eta ekintzak, tartean.
Kanaldude telebistak, Euskal Irratiak, Kazeta.eus, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Herria komunikabideen ekimenez egin dute eztabaida, Herrian bizitzeko erronkak izenburupean. Euskal hedabideak lau haizeetara emankizunaren barruan egin dute saio berezia. Aurretik grabatuko zuten, Larzabaleko Espelletenia ostatuan (Nafarroa Beherea).
Filipe Aramendi izan da gonbidatuetako bat. Urruñako (Lapurdi) auzapeza da, eta Euskal Hirigune Elkargoko kontseilari delegatua. Besteak beste, lurralde antolaketaren ardura du horretan.
Harekin batera, ordezkari politikoen artean, Andre Larralde egon da. Donaixti-Ibarreko auzapeza da, eta Euskal Hirigune Elkargoko kontseilaria. Gizarte mugimenduen ordezkari gisa, Maryse Cachenaut aritu da. Laboraria da lanbidez, eta Lurzaindia elkarteko presidentea.
Haren ondoan Ainize Butron aritu da. Alda mugimenduko burua da. Etxebizitzaren arazoaren inguruan egiten du lan elkarte horrek, espekulazioa salatzen eta maizterren defentsan, besteak beste. Otsailean, Baionako etxe agentzia bat okupatu zuen, alokatze kontratu batean eginiko «jukutria» salatzeko. Iritziez gain, lurraren eta etxebizitzaren gaiari lotutako erreportaje bat eta lekukotasunak eman dituzte, eztabaida bideratzeko.