Sindikatuaren antolakuntzan urrats berri bat egingo du LABek: etxebizitzaren eremuan modu zuzenean arituko da, ekintza sindikalaren bidez. «Argi dugu langile guztien bizi baldintzen borrokarako tresna izan behar duela sindikatuak; egun, baldintza horietan etxebizitzak duen eragina kontuan hartuta, etxebizitzaren eremuan ekintza sindikala garatu behar dugu», adierazi du gaur LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk, sindikatuak antolatu dituen etxebizitza batzarretako kideekin batera egindako agerraldian.
LAB duela hilabete batzuk hasi zen borroka eremu berri horretan lanean, eta batzarrak antolatu ditu hainbat tokitan. Horietako bateko kide den Zuriñe Gonzalezek esan duenez, «afiliazioaren aktibazioa eta protagonismoa lehenestea» dute helburu. Etxebizitzarekin dituzten arazoei buruz aritzen dira batzarretan, eta LABeko kide guztiek har dezakete parte. «Abusuzko klausulak, hipotekekin arazoak, kontratu amaierak, irizpide arrazistak... Modu kolektiboan konponbide bat adosten saiatzen gara», azaldu du Gonzalezek.
Orain arte «hainbat gatazka antolatu eta irabazi» dituzte, batzarreko kidearen arabera. Nafarroan, esaterako, etxetik bota eta kale gorrian geratzekotan ziren LABeko bi kide eta haien familien egoerei aurre egin diete, etxegabetzea geldituz eta akordio berriak lortuz. Gasteizen ere hainbat negoziazio egin dituzte, eta banketxeekin hipoteka gastuen ehunka helegite kudeatu, «itzuli gabe zituzten milaka eta milaka euro berreskuratuz».
«Argi dugu langile guztien bizi baldintzen borrokarako tresna izan behar duela sindikatuak; egun, baldintza horietan etxebizitzak duen eragina kontuan hartuta, etxebizitzaren eremuan ekintza sindikala garatu behar dugu»
GARBIÑE ARANBURULAB sindikatuko koordinatzaile orokorra
Aranbururen arabera, etxebizitzaren arazoa gero eta nabarmenagoa da, eta «langile klase osoari» eragiten dio. Horregatik erabaki dute arlo hori borroka eremu izendatzea. Koordinatzaile orokorrak salatu du etxebizitza eskubidea ez dagoela bermatuta. «Larrialdi egoeratzat» jo du gaur egungo egoera, eta horren arrazoia zein den argi azaldu: «Ez da egoera hori saihesteko politika publikorik egin, etxebizitzak duen funtzio soziala alboratu egin da eta merkatuaren esku utzi dute». Etxebizitza inbertsio moduan ulertzea ekarri du horrek, baita harekin espekulatzea eta «eraikuntza enpresa handiek, inbertsio funtsek, banketxeek eta higiezin patronalek» negozioa egitea ere.
Ez da lehentasuna
Bestalde, Aranburuk gobernuei leporatu die politika publikoetan etxebizitza lehentasunezkotzat ez izatea. Are gehiago: «Eredu jakin bat sustatu dute orain arte, eta jasanezin bilakatu da». Besteak beste, gogoratu du Gasteizko eta Iruñeko udalek etxebizitza berrien eraikuntzak bultzatu dituztela nahiz eta bi hirietan etxebizitza huts ugari egon. Eta esan du ez dela egon etxebizitza publikoen aldeko apusturik, ezta etxebizitzaren prezioa kontrolatzeko inolako esku hartzerik ere. Orain arteko politika «etxebizitzarekin negozioa egiten duten horien mesedetan» egin izana egotzi die gobernuei.
Aranburuk adierazi du azken urteotan etxebizitza ugari eraikitzeaz gain, alokairuaren eta pisu turistikoen negozioa ere asko handitu dela, eta horrek oso ondorio larriak ekarri dizkiela langileei. «Ezinezko egin du etxebizitza bat eskuratzea». Horrez gain, jabetza eredua lehenetsi izana kritikatu du: «Jabetza eredua bultzatu izan da, erosketa sustatzeko politika fiskalak egin dira, eta arazoa arintzeko ezarri dituzten pizgarriak etxejabeei zuzendutakoak izan dira».
«Langile guztiontzako etxebizitza eskubide unibertsalaren alde egingo dugu, etxebizitza desmerkantilizatu eta eskubide kolektibo gisa modu erreal batean gauzatzeko»
ZURIÑE GONZALEZLABek antolatutako etxebizitza batzar bateko kidea
Euskal Herrian egoera okertzen ari dela ikusita, «politika ausartagoak» exijitu ditu Aranburuk. Izan ere, gogoratu du «EAJren eta PSE-EEren gobernuak» ez duela «2015eko legeak ematen duen aukera baliatu nahi» eta ez dutela «EAE osoa tentsio eremu izendatu nahi». Nafarroan hala egin badute ere, «prezioen kontrolerako mekanismo mugatuak» ez dira nahikoak arazoa konpontzeko.
Azken urteetako borroka sindikala ere ekarri du gogora. Azaldu duenez, horietako asko erosahalmenaren galerari aurre egiteko borrokak izan dira, eta soldatak hobetzea lortu dute. Halere, gaur egun, langileek soldataren gero eta zati handiagoa bideratu behar dute etxebizitzara, «diru sarreren %30 baino gehiago askotan», eta horrek estali egiten du «negoziazio kolektiboaren bidez aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko egindako ahalegina».
Ekinaldi gehiago laster
Gatazka jakinetatik harago joan nahi du LABek, Gonzalezek esan duenez egiturazko eraldaketak sustatuz. Hori dela eta, ekiteko beste molde batzuk aztertzen ari dira: interpelazio politikoa egitea, edota patronala estu hartzeko beste presio bide orokorrago batzuk erabiltzea. Gonzalezek jakinarazi du datozen hilabeteetan ekinaldi berriei ekingo dietela.
Era berean, Langileen alde, etxebizitzaren negozioa eten! kanpaina indartuko dute. «Langile guztiontzako etxebizitza eskubide unibertsalaren alde egingo dugu, etxebizitza desmerkantilizatu eta eskubide kolektibo gisa modu errealean gauzatzeko». Horrez gain, prezioak erregulatzeko eta jaisteko eskatuko dute, eta alokairu parke publikoa indartzeko. Bide horretan, Gonzalezek administrazio publikoei exijitu die euren gain har dezatela etxebizitza eskubidea bermatzeko dagokien erantzukizuna.
Etxebizitzaren eremuan ekintza sindikalean jarduteko, LABek batzar irekiak egingo ditu hurrengo asteetan. Etxebizitzarekin arazoren bat duten edota arazo horri aurre egiteko antolatu nahi duten LABeko kide guztiei dei egin diete bertara daitezen. Hurrengo asteazkenean Eibarren (Gipuzkoa) elkartuko dira; otsailaren 10ean, Iruñean; otsailaren 11n, Bilbon; eta, otsailaren 13an, Gasteizen.