Pedro Sanchezen gobernua kinka larrian da etxebizitzaren dekretuen bozketan porrot egin ostean

Espainiako Gobernuak ez du lortu Kongresuak onartzea etxebizitzaren krisiari aurre egiteko asmoz aurkeztutako neurriak. Badirudi gero eta gertuago dagoela Sanchezek hauteskundeak aurreratzeko aukera, eta zabaldu da litekeena dela azaroaren 29an izatea.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hitza hartu du dekretuen inguruko eztabaidaren amaieran. J. J. GUILLEN / EFE
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hitza hartu du dekretuen inguruko eztabaidaren amaieran. J. J. GUILLEN / EFE
kristina martin
2026ko urriaren 2a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezustekorik ez Espainiako Diputatuen Kongresuan. Pedro Sanchezen gobernuak etxebizitzaren krisiaren ondorioak samurtzeko asmoz aste honetan onartutako bi dekretuek oso ibilbide laburra izan dute: PSOEk eta Sumarrek osatutako gobernuak ez du lortu behar zuen gehiengoa. Luze joan dira bi dekretuen eztabaidak, eta ohi baino luzeagoak izan dira bozketak ere —banan-banan bozkatu dute diputatu guztiek—. Gauerditik jakina zen bezala, aurkako botoak nagusitu dira bi bozketetan.

Junts Per Catalunyak (JxC) zuen lehen dekretua —mamitsuena— onartzeko giltza, baina alderdi independentistaren zuzendaritzak bart egindako bileraren ostean iragarri zuen bi dekretuen kontra bozkatuko zuela. Espainiako Gobernua azkenera arte saiatu da JxCren jarrera aldarazten: Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroak egin du lehen saiakera, sarrerako hitzaldian: Miriam Nogueras JxCko bozeramaileari mintzatu zaio zuzenean, eta arduraz joka dezatela eskatu; gogorarazi dio JxCk egindako proposamen gehienak kontuan hartu dituztela. Pedro Sanchezek berak, amaierako hitzaldian, eskaera bera egin die Kongresuan bilduta zeuden ordezkariei: «Diputatuei eskatzen diet ausartak izan daitezela eta herritarrengan pentsa dezatela». Alferrikakoa izan da.

Lehen dekretua bozkatu dute lehenbizi: banan-banan, zutik eta ahots goran bozkatu dute kongresukide guztiek. 172 kongresukidek bozkatu dute alde, eta 178k aurka. Alde bozkatu dute PSOEk, Sumarrek, ERCk, EH Bilduk, EAJk, BNGk, Coalicion Canariak (CC), Podemosek eta Compromisek. Aurkako botoa eman dute PP, Vox, JxC eta UPN talde parlamentarioetako ordezkariek.

Bigarren dekretuaren bozketaren emaitza oraindik eskasagoa izan da: 166 boto alde, eta 184 aurka. Alde bozkatu dute gobernua osatzen duten bi taldeek, ERCk, EH Bilduk, Podemosek, BNGk eta Compromisek. Kontrako botoetan EAJko eta CCko parlamentariak batu zaizkie PP, Vox, JxC eta UPN alderdietako ordezkariei.

Gobernuak gaur Kongresuan izandako porrota mugarria izan daiteke, eta baliteke Sanchezek hauteskundeak aurreratzea. Zenbait hedabidek eguna ere iragarri dute: azaroaren 29a.

Begi guztiak Nogueraren gain

Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroak zabaldu du kongresuko gaurko saioa, 11:00etan. Gobernuak aste honetan bertan onartutako bi dekretuen helburuak eta neurri nagusiak goraipatu ditu. Nahiz eta ordu batzuk lehenago JxCk aurkako botoa emango zuela jakinarazi zuen, Rodriguezek azken orduko eskaera egin die alderdi horretako diputatuei: arduraz jokatzeko eta PPrengandik eta Voxengandik —eskuin muturreko jokaeratik— bereizteko eskatu die. Hala, Miriam Nogueras Juntseko bozeramaileari mintzatu zaio aurkako botoa alda dezaten. «Zuek ez zarete eskuineko eta eskuin muturreko alderdi horien modukoak. Haiek zuek suntsitu nahi zaituztete», gogorarazi dio Kataluniako alderdi independentistari. Era berean, alde bozkatuko dutela iragarri duten talde parlamentarioei eskerrak eman dizkie Rodriguezek.

Aste honen hasieran plazaratu du PSOEk eta Sumarrek osatutako gobernuak urgentziaz onartu dituen dekretuen edukia. Jakina zen bigarren dekretuak, alokairu kontratuak automatikoki luzatzeari buruzkoak, ez zuela aurrera egingo, atzo EAJk eta Coalicion Canariak aurka bozkatuko zutela iragarri baitzuten. Aldiz, lehena, etxegabetzeei buruzkoa, JxCren botoaren menpe zegoen: nahikoa izango zatekeen haren abstentzioa dekretuak aurrera egin zezan. 

Gaurko saioan, beraz, begi guztiak Noguerasen gainean zeuden. Noguerasek esan du JxCk ezezkoa eman duela Espainiako Gobernuak aurkeztutako neurriek ez dutelako etxebizitzaren krisia konponduko. «Dekretuak onartuta ere, espekulatzaileek etxebizitzak erosten jarraitu ahalko dute, eta etxegabetzeak egingo dituzte oraindik ere», esan du. Etxebizitzaren inguruko dekretuak onartzeak herritarrei «itxaropen faltsua ematea» izango litzateke, haren iritziz. «Itxura ona dute, baina jendeak egia jakin behar du», erantsi du.

Noguerasek proposamen alternatibo bat eraman du Kongresuko atrilera, eta horren gainean lan egiteko eskaintza egin dio gobernuari. «Putre funtsekin gogor jokatzea eta etxerik gabeko familiarik ez egotea» dira haien erronkak. Horretaz gain, «etxebizitzaren prezioen igoera ekarri duten orain arteko politikak zuzentzea eta familiak babestea» proposatu dute.

JxCren ustez, dekretu berriek «bilatzen denaren kontrako efektua lortuko dute». Aipatu du dekretuen edukia jakinarazi zenetik egun gutxi batzuetara milaka etxebizitza erretiratu direla alokairuaren merkatutik. «Ez dugu amore emango muturreko jarreren xantaiaren aurrean», ohartarazi du Noguerasek.

EAJ, alde baina kritiko

EAJren jarrera ere zalantzazkoa izan zen atzo arte. Orduan argitu zuten jeltzaleek lehen dekretuaren alde egingo zutela, eta bigarrenaren aurka. Maribel Vaquero kongresuko kideak azaldu du zeratik erabaki duen EAJk aldeko boto «kritikoa» ematea lehen dekretuari. Vaquerok nabarmendu du etxebizitzaren gaia oso garrantzitsua izanik ez dela komeni legeak presaka egitea. Dekretu itxiaren bidearen ordez lege arrunt baten prozedura hobetsi du, talde parlamentario guztien parte hartzea bermatzeko hasieratik. Alde bozkatuko zutela berretsi arren, kritiko azaldu da, eta «jabe txikien» interesen alde egin du: «Jabetza pribatua ezin da arriskuan jarri pertsona zaurgarriei babesa emateko aitzakian». Espainiako Etxebizitza Legea ere kritikatu du, eta esan jasotzen dituen neurri batzuen ondorioz ohiko etxebizitzako kontratu asko behin-behinekoak bihurtu direla.

EH Bilduk hasieratik jakinarazi zuen bi dekretuen alde bozkatuko zuela. Oskar Matute koalizioko bozeramaileak Kongresuan esan du «haserre» dagoela alderdi batzuek interes alderdikoiak lehenetsi dituztelako herritarren beharrak bazterrean utzita. Aurka bozkatuko duten alderdi politikoei mezua bidali die: «Hemen ikusten da putre funtsek, etxebizitzak ez ezik, alderdiak ere erosten dituztela».

Matuteren hitzetan, EH Bilduk ez du uste gaur bozkatu diren dekretuak beharrak aseko dituztenik, baina konponbiderako ibilbidearen «lehen geldialdia da, eta milioika pertsonaren behar larriak urgentziaz asetzen lagun dezake». Borrokan jarraitzeko asmoa ere adierazi du: «Hau ez da hemen amaituko. EH Bilduk jarraituko du kalean eta erakundeetan krisiari aurre egingo dizkioten neurriak bultzatzen eta konponbideak bilatzen».

ERCk ere aldeko botoa iragarria zuen. Gabriel Rufian Kataluniako alderdi errepublikanoaren bozeramailea oso minduta azaldu da JxCrekin. PPrekin eta Voxekin batera bozkatzearen larritasuna gogorarazi du. 50 euroko billete bat eskutan, eskuineko alderdien bandera bakarra dirua dela ere esan du. JxC alderdiari aurpegiratu dio kontrako botoa emanda «higiezinen enpresekin duten zorra» kitatzen ari dela. Rufianek esan duenez, Junts alderdiaren boto emaileen %82ak dekretuen alde egonda ere, alderdi kontserbadorea «40.000 pertsonaren interesak defendatzen ari da». ERCko ordezkariak esan du jokaera horrek «Ayusorenaren antza» duela eta Katalunian zigorra izango duela.

PPk eta Voxek gogor kritikatu dute Sanchezek gobernua, eta esan dute etxebizitzaren arazoa etxe gehiago eraikiz konponduko dela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA