EH Bilduk eta EH Baik larunbatean egingo dituzte konferentzia munizipalistak, EH Bilduk Azpeitian (Gipuzkoa) eta EH Baik Angelun (Lapurdi). Hegoaldekoari dagokionez, etxebizitza izango da gai zentraletako bat, Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintza arduradunak (Atxondo, Bizkaia, 1982) adierazi duenez. «Lanean jarraitzeko balioko du, eta ikusteko ea herritarren bizitzak nola hobetu, eta nola eman irtenbiderik egokienak herritarren arazoei», zehaztu du.
Nazio auzia izan da EH Bilduren III. Kongresuko gai nagusietako bat, baina nola eragin daiteke horretan udaletatik?
Nazioa bera marraztuz, ezker independentistak inplementazioa baitauka zazpi herrialdeetan. Lehen indar munizipalista gara. Herritarren eguneroko arazoei beste modu batera erantzuten diegunean ere, nazio hori eraikitzen ari gara. Beraz, udalgintzatik ekitea dagokigu, bai lan ildo independentistak martxan jarriz, bai politika eraldatzaileak eginez.
Azken konferentzia legealdiko erronkak identifikatzeko izan zen. Legealdi erdia igarota, horiek finkatuta daude?
Iazko konferentzian, ziklo munizipalista berrirako ildoak lurreratu genituen, eta lehentasunak markatuta dauzkagu. Behinena da herritarren arazo nagusiei erantzutea: zaintza erronkari, gobernantza eta demokratizazio modu berri bati, trantsizio ekosozialari, etxebizitzari, eta euskararen eta kulturaren auziari. Horietan sakontzen jarraitu behar dugu, eta gure kidegoa lanean ari da.
Etxebizitzarena da kezka nagusietako bat, eta udalek badituzte eskumenak. Errenteria tentsio handiko eremua da, eta Azpeitian kanon bat ezarri diete etxe hutsei. Halakoak neurriak orokortuko dituzue?
Aspaldi ari gara etxebizitzaren gaia lantzen. Esan dezakegu egoera horretan dauden EH Bilduren udal guztiak ari direla tentsio handiko eremu izendatzeko lanetan. Baina hala izendatzeak ez du etxebizitzaren auzia konpontzen. Badira beste lan ildo batzuk. Adibidez, Azpeitian etxe hutsekin egin den lanketa. Ez berariaz kanona ezartzeko, baizik eta etxebizitza horiek bere funtzio soziala betetzeko. Larunbatean, hautetsien esku jarriko da etxebizitza politika munizipalistak garatzeko gida. Epe laburrean garatu ahal izateko hainbat politika biltzen ditu. Baina udalen gaitasuna mugatua da, eta beste instituzio batzuekin egin behar da lan ezinbestean.
«Herritarren eguneroko arazoei beste modu batez erantzuten diegunean ere, nazioa eraikitzen ari gara»
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak premiazko neurriei buruzko lege bat proposatu du, baina kritikoak zarete horrekin.
Arazoari ezin zaio aurre egin erakunde bakar batetik, ezta neurri jakin batekin ere. Ezinbestekoa da erakundeen arteko koordinazioa izatea, baita ezberdinen arteko lankidetza ere. Badaude mahai bateratuak, baina ez dago kooperazio errealik. Ezin dira udalen gain utzi ardura politiko nagusiak —tentsio handiko eremu izendatzeko tramiteak egitea eta lurzorua doan lagatzeko ardura hartzea—, jakinda orain arte nolako urbanizazio politikak bultzatu diren.
Itxasoren proposameneko neurririk esanguratsuenetako bat da lurzoru urbanizagarrietako etxe babestuen proportzioa %75etik %60ra jaisteko aukera ematea udalei. EH Bilduren udalek aukera hori baliatuko lukete?
Guk defendatuko dugu parke publiko babestuak eratzea, eta, horretarako, beharrezkoa da babes publikoko ahalik eta etxebizitza gehien eraikitzea, baita hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea ere. Beste kontu bat da tokian-tokian badaudela premia jakin batzuk: hirigune bat eta despopulatzen ari den herri bat ez dira gauza bera.
Trantsizio energetikoaren auziak ere bete-betean eragiten die udalei. EH Bilduk Arratzua-Ubarrundian dituen hiru zinegotziek dimisioa eman dute, ez daudelako ados Solariaren proiektuarekin. Oionen ere eztabaida piztu zuen Labrazako parke eolikoak.
Planifikazio faltaren ondorioa da hori guztia, Eusko Jaurlaritzak lurralde plan sektoriala egin ez izanaren ondorioa. Jaurlaritza egiten ari den hori ez da onargarria, udalengan jartzen baitu pisu guztia. Hari dagokio ordena jartzea, eta ez da horretan ari. Eta astero-astero notiziak dauzkagu. Udalek ez daukate ez eskumenik, ez gaitasunik, ez baliabide tekniko eta administratiborik erabakitzeko proiektu horien harira zer eta nola egin. Eusko Jaurlaritzari dagokio hori egitea.
Otsailaren amaieran, EH Bilduko zenbait alkatek agerraldi bat egin zuten zerga berrikuspenerako proposamenaren kontra. Gero, EAJk eta PSEk akordioa egin zuten Ahal Dugu-rekin.
Akordio horrek ez dakar egungo egoera ekonomikoari erantzuteko behar den neurriko erabakirik. Zergatik? Egoerak eskatuko duelako zerbitzu publiko sendoagoak izatea, herritarren beharrizanak areagotu egingo direnez gero. Proposatzen genuen errentarik handienak eta kapital errentak gehiago zergapetzea eta sozietate zerga berrikustea. Hiru zutabe horiek eraldatuz, badago modua garai honek eskatzen duen neurriko zerga politika bat eraikitzeko. Baina ez da halakorik egin. Eta horrek eragina du udaletan. Ahalmen oso txikia dute zerga politikak zehazteko, baina haien bidez lortzen dute finantzaketaren zatirik handiena. Udalen finantzaketa berrikusi behar da.
Udaltzaingorako LEP propioak aurkeztu dituzue zenbait udaletan. Eredua zabalduko duzue?
Udalek autonomia dute herrietako beharrizanei erantzuteko, eta lan eskaintza publikoak ateratzea aukera ona da tokian tokiko arazoei erantzuteko. Uste dugu Udaltzaingoa oinarrizko zerbitzu bat dela. Lan eskaintza bateratura jo izan duten herri askotan arazoak sortu dira, gaur egungo barne mugikortasunagatik.
«Udalek ahalmen oso txikia dute zerga politikak zehazteko, baina haien bidez lortzen dute finantzaketaren zatirik handiena»
Lan eskaintza publiko bateratu baten berri eman dute Segurtasun Sailak eta Eudelek. EH Bilduk gobernatutako udalek ez dute parte hartuko?
Badaude LEP horietan parte hartu duten EH Bilduko udalak, eta baliteke hemendik aurrera ere parte hartzea, haien beharrizanetara egokitzen badira. Guretzat Eudel ez da kanpo eragile bat. Zuzendaritzan parte hartzen dugu.
Eta nola daude indar harremanak Eudelen? Iaz, ez zenituzten babestu aurrekontuak.
Gauza jakin batzuengatik izan zen. Esan genuen Eudelen lanketak adostasunez egin behar direla. Aurrekontuak ezin dira batzarra baino hilabete lehenago aurkeztu eta zuzenean bozketara eraman: lanketa bateratu bat eskaini behar da. Guk horrela ulertzen dugu politika. Bigarren eskaera izan zen kontratazio politika aldatzea.
Eta nola dago afera?
Aurten, dinamika ezberdina izan da. Irailean mahai gainean jarri genuen aurrekontuak batera lantzeko premia, baita herriei galdetzekoa ere, eta hala egin da. Lan kontratu publikoen irizpideak aldatzeko konpromisoa ere hartu da. Orduan, aurrekontuak aho batez onartzeko aukera izan da.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan egoera erosoagoa da?
Gobernatzen ari garen heinean, esan genezake gobernatzeko beste eredu bat jarri dela martxan. Harrabotsa sortu zuen guk presidentetza eskuratzeak. UPNk esan zuen irtengo zirela, baina mugimendu hori komunikatiboa baino ez da izan. Nafarroan udalen mapa koloretsua da, baina gaitasuna erakutsi dugu guztiekin ados jartzeko.