Turismora bideratuak diren etxebizitzak mugatzeko Euskal Hirigune Elkargoaren konpentsazio arauarekin milaka bizitegi ilbratuko direla espero du EH Baik. Araua indarrean eman izana txalotu du, eta hura lortzeko ezkerreko hautetsi abertzaleek eramandako lana goraipatu du. Hala ere, urrunago joan behar dela uste du EH Baik. Lau proposamen egin ditu, eta horiek lortzeko karrikan eta instituzioetan lan egiteko beharra nabarmendu du.
Etxebizitzaren tentsio eremua hedatzea da lehena. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko 24 herri baizik ez dira eremu horretan, Lapurdi kostaldekoak gehienak. Ipar Euskal Herri guzira hedatu beharko litzatekeela uste dute ezkerreko abertzaleek. Hartuak diren zenbait neurritan eragiten du tentsio eremuaren perimetroak. Konpentsazio araua, adibidez, 24 herri horietan baizik ez da aplikatuko.
Halaber, fiskalitate arloko erreforma baten beharra ere azpimarratu du EH Baik. Batetik, turismorako bizitegiei ezartzen zaien zerga beherapena kentzeko eskatu du, eta, bestetik, gaur egun bigarren etxebizitzei ezartzen zaizkien zergak emendatzeko. «Frantziako legedian bigarren etxebizitzak juridikoki ez dira existitzen objektu gisa; fiskalitate arloan bakarrik eragin daiteke», esplikatu du Nikolas Blain EH Baiko bozeramaileak. Uztailean ekintza egin zuten Bruno Lemaire Frantziako Ekonomia ministroak Senperen (Lapurdi) duen egoitzan, eta haren kabineteko ordezkariekin mintzatzeko aukera izan zuten. «Baina Frantziako Gobernuak 49.3 artikulua erabili zuen finantza legea dekretuz pasatzeko, eta eztabaida parlamentarioa eten zuen».
Egoiliar estatua izan liteke bigarren etxebizitzak mugatzeko beste tresna bat: Ipar Euskal Herrian bizitzeko proiektua dutenei mugatzea jabetza eskuratzeko eskubidea. «Azken asteetan, prefeta eta suprefeta berria izendatu dituzte. Arazoaz jabetu behar dute, eta behar diren neurriak hartu behar dituzte», adierazi du Blainek. Izan ere, Parisen esku dira EH Baik xede dituen neurri gehienak.
Alokairuen mugatzea
Alokairuen prezioa «zorrotz» mugatzeko eskatu du azkenik EH Baik. Frantziako Estatuan esperimentazio gisa proposatu duten aukera bat da, eta Euskal Hirigune Elkargoak neurria aplikatu ahal izateko hautagaitza ezarri zuen. Gaur egun dosierra aztertzen ari dira, eta 2024an hasi beharko lukete mugatzearekin. «2026 arte da esperimentazioaren epea. Lege bat beharko da hori luzarazteko», ebatzi du Blainek.