Etxebizitzaren arazoa «espekulatzaileen negozioa» indartuz ez dela konponduko salatu dute Bilbon

Eskaintza faltarik ez dagoela salatu dute, Euskal Herrian milaka etxe daudelako hutsik, eta esan dute gehiago eraikitzeak enpresari eta bankuei bakarrik egiten diela mesede. Milaka lagun bildu dira etxebizitza sindikatuak deituriko manifestazioan.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa, Buenos Aires kalean barrena. ARITZ LOIOLA / FOKU
Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa, Buenos Aires kalean barrena. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko abenduaren 14a
17:30
Entzun

Euskal Herriko etxebizitza arazoa gehiago eraikiz ez dela konponduko salatu dute milaka lagunek Bilbon, eta modu horretara lortzen den helburu bakarra eraikuntza enpresen eta bankuen negozioa handitzea dela. Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek azaldu dute milaka etxe daudela hutsik, edota luxuzko alokairuetarako zein alokairu turistikoetarako erabiltzen direla, eta horiek langile klasearen esku jarri arte ez dela krisia konponduko. Halaber, etxebizitza sindikatu eta eragileak deitu dituzte «etxebizitza eskubide unibertsal gisa» defendatuko duen mugimendu gisa gorpuztera.

Milaka lagun bildu dira Bilbon etxebizitza eskubide unibertsala defendatzeko. Mota guztietako 220 eragilek babestu dute deialdia. Gehienak etxebizitza sindikatu eta gizarte eragileak ziren, baina baita ELA, LAB, CCOO eta gisako klase sindikatuak ere. Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez lelopean egin dute martxa, eta Moyua plazatik Arriaga plazarainoko bidea egin dute, Bilboko udaletxe paretik igarota.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa.
Manifestarietako giltzak eskuan hartuta. ARITZ LOIOLA / FOKU

Deialdi jendetsua izan da, eta Kale Nagusitik ateratzean Buenos Aires kale osoa bete dute. Hasi eta berehala euri zaparrada bota du, baina ez dio eragin jende kopuruari. Oihu ozenak entzun dira ibilbidean, eta hauek errepikatu dituzte gehien: «Etxebizitzarekin negoziorik ez!», «Zuen aberastasuna, gure miseria», «Enpresariek eta errentistek gure soldata irensten dute» eta «Etxejabe arrazistak auzoetatik kanpora». Martxa dinamikoa izan da, eta antolatzaileek hainbat protesta ekintza egin dituzte ibilbidean zeuden bankuen eta erakunde publikoen egoitzen aurrean.

Etxebizitza eskubide unibertsala

Amaierako ekitaldia Arriaga plazan izan da, eta manifestariek txiki utzi dituzte inguruko espaloi eta eskailerak. Karla Pisano Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, eta Ane Salvador Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko kideak egin dute amaierako hitzaldia, baina ekitaldiko une deigarriena Aroa Arrizubieta Arabako Bertsolari Txapelketako egungo txapeldunak sortu du, bertsoaren azken ahapaldian «etxebizitza unibertsala, negoziorik gabea» aldarrikatu duenean. Bertaraturikoek txaloekin eta giltza multzoak astinduz erantzun diote.

Mezu politikoan, deitzaileek argi utzi dute etxebizitza eskubidea bermatzeko arazoaren «erroa» negozioa dela, eta ezingo dela konpondu negozio hori indartuz. Alde horretatik, gaineratu dute eraikuntza ziklo berri bat abiatzea «banku, espekulatzaile eta eraikuntza enpresentzako» bazka dela. Azken asteetan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko arduradunek hainbatetan esan dute arazo nagusia eskaintza falta dela, eta deitzaileek salatu dute hori gezurra dela.

Ane Salvadorrek bi arrazoi eman ditu hori gezurra dela azaltzeko. Batetik, adierazi du inbertitzaile askok jo dutela etxebizitza sektorera, irabazi tarte handiak bermatzen dituelako, eta salatu du klase «errentista» eta espekulatzaile bat sortu dela. Bestetik, azaldu du Euskal Herrian milaka direla hutsik dauden edo helburu turistikoak dituzten etxeak, eta horiek logika kapitalistatik kanpo gizarteratuz lortuko dela konponbidea.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa.
Manifestazioan ikusi ahal izan diren afixa eta pankartetako batzuk. ARITZ LOIOLA / FOKU

Deitzaileek, baina, ez dituzte bide horretan ikusten alderdiak, «ez eskuinekoak, ez ezkerrekoak», zehaztu du Pisanok. Etxebizitza legea jarri du eredu. «Ez ditu etxeak merkatzen, eta igoera mugatzeak motelago garestitzea baino ez dakar». Halaber, egotzi die «gizarte haserrea» baliatzea etxebizitzaren negoziorako diru publikoa jartzeko. Pisanok beharrezko neurrien finantzaketa ere aipatu du, eta aberatsenen poltsikoetatik atera beharko litzatekeela esan, haiek direlako etxejabe handienak.

Elkartzeko premia

Hitzaldi luzea izan da, eta etxebizitza arazoaren matazaren hari mutur asko ukitu dituzte. Besteak beste, adierazi dute alokairuak soldatak baino aldiz gehiago igo direla azken urteetan, etorkinek galbahe arrazistak pairatzen segitzen dutela etxe bila doazenean, desjabetzeak eguneroko kontua direla eta kasu gehienetan pobreenek isilpean pairatzen dituztela, eta etxebizitza arazoa dagoeneko «larrialdi» bat dela eta urgentziazko neurriak behar direla.

Ekitaldiaren amaieran aurrera begirako dei bat ere egin dute. Martxan etxebizitza sindikatuek egin duten lana ikusarazi nahi izan dute, eta etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatuko duen «mugimendu zabal bat gorpuzteko» garaia iritsi dela gehitu: «Etxebizitza arloko politika bakarra merkatu politika dela diotenen diskurtsoa erosiko ez duen mugimendu bat», hain zuzen. Halaber, zehaztu dute ez dela utopia bat, eta elkarlanean lor daitekeen ortzi muga bat dela.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa.
Manifestazio amaierako ekitaldia, Arriaga plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.