Azken hilabeteetako inkestek argi azaleratu dute zein diren euskal herritarren kezka nagusiak: lan merkatua, etxebizitza eta osasungintza. Eta 2025aren hasieran joera hori indartu besterik ez da egin, Soziometroak erakutsi duenez. Gero eta pisu handiagoa dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kezken artean, eta horien artean nabarmentzekoa da etxebizitzaren gaineko kezkaren gorakada: azarotik hona, hamabost puntu egin du gora.
Lan merkatuaren ingurukoa da kezka nagusia; hala da 2008tik, hau da, herritarrak krisi ekonomikoaren eragina pairatzen hasi zirenetik. Halere, 2013tik nabarmen egin du behera: garai hartan, herritarren %82ren hiru kezka nagusietako bat zen, eta, orain, herritarren %49rena da. Eta kezka horrek behera egin duenez, beste batzuek gora egin dute. COVID-19aren pandemiaren ondoren, batez ere, bik: osasungintzak eta etxebizitzak. Osasungintzari dagokionez, inoiz baino handiagoa da kezka; herritarren herenek baino gehiagok uste dute euskal gizartearen hiru kezka nagusietako bat dela.
Etxebizitzari dagokionez, berriz, azken bi urteetan gorakada nabarmena izan da, Soziometroaren datuei erreparatuz gero. 2022an, herritarren %14ren kezka nagusietako bat zen; 2023an, %19rena; iaz, heren batena; eta, gaur egun, herritarren ia erdiena (%47). Hala, 2008ra egin behar da atzera halako datu bat topatzeko.
Gainera, hiru alor horiei buruzko kezka orokorra da Eusko Legebiltzarrerako azken bozetan edozein alderdi bozkatu dutenen artean eta abstenitu direnen artean. Halere, zabalduago dago EH Bilduren, PSE-EEren eta Sumarren hautesleen artean. Izan ere, EAJren, PPren eta Voxen aldeko botoa eman zutenek beste auzi bat nabarmendu dute: segurtasun falta. Alderdi horietako hautesleen gutxienez bostenek segurtasun falta aipatu dute EAEko hiru arazo nagusien artean.
Eta Euskal Herriko mugetatik harago, Espainiako Estatuaren egoerari erreparatzen diotenean, herritarrek beste kezka bat plazaratzen dute: «Egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoa». Bi herenek kokatu dute hori hiru kezka nagusien artean. Eta, horrekin lotuta, EAEko herritarren hiru laurden ez daude pozik Espainiako demokraziak duen funtzionamenduarekin. EAEko funtzionamenduari dagokionez, berriz, %51 nahiko pozik edo oso pozik daude, eta %47k kontrakoa iritzi diote. Izan ere, 0tik 10erako eskalan, herritarrek, batez beste, 7 puntuko balorazioa ematen diote euren egoerari, 6koa EAEko egoerari, eta 4,7koa Espainiakoari.
Alderdiak, urrun
Oro har, halako inkestetan, herritarrek adierazten dute interes gutxi dutela politikaren gainean, eta Soziometroa ez da salbuespena. Haren arabera, herritarren %39k dute interes handia edo nahikoa interes, baina ehuneko horrek nabarmen egin du gora 2010etik, ia etenik gabe. Orduan, herritarren bosten batek erakutsi zuen interesa: Soziometroak jasotako ehunekorik txikiena da. Ez du gora egin, ordea, alderdi politikoekiko atxikimenduak. Herritarren %62 alderdietatik «ez oso hurbil» sentitzen da, edo «batere hurbil ez». Hala, bakar batek ere ez du gainditzen «abegikortasunari» dagokion azterketa. 0tik 10erako eskalan, herritarrek, batez beste, 4,8ko nota ezarri diote EAJri, 4,2koa PSE-EEri, 4koa EH Bilduri, 3,3koa Sumarri, 1,9koa PPri, eta 0,9koa Voxi.
Lider politiko nagusien artean, berriz, bik gainditu dute herritarren azterketa: Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak (5,4) eta Pello Otxandiano EH Bilduko oposizioburuak (5,2). Pradalesi dagokionez, gainera, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta PPko hautesleen artean gehiago dira haren lanari 5etik gorako nota ematen diotenak, gainditu gabe uzten dutenak baino.
PSE-EEko idazkari nagusi Andueza da hurrena, 4,5eko batez besteko notarekin. Badu berezitasun bat, baina: Eusko Legebiltzarrerako bozetan haren aldeko botoa eman zutenen %44k besterik ez diote haren lanari 5etik gorako balorazioa eman; gehiago dira Pradalesen jarduna babesten dutenak, %68. Horrek, baina, badu lotura biak ezagutzearekin. Herritarren hiru laurdenek ezagutzen dute Pradales, eta %46k Andueza.
Gainerakoak urrun dira: PPko Javier de Andres (2,8) eta Voxeko Amaia Martinez (3,1). Nota hobea du Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak (4,1), baina herritarren %15ek soilik ezagutzen dute hura.
Heren bat, testuinguruari so
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren bosten bat euskal herritarra soilik sentitzen da, eta beste laurden bat «euskal herritarra, espainiarra baino gehiago». Denera, gizartearen %44 dira. Kontrara, %9 dira soilik espainiar edo «espainiarra euskal herritarra baino gehiago» sentitzen direnak; eta %40 «euskal herritar bezain espainiartzat» dutenak euren burua.
Euskal Herriaren independentziaren aldeko jarrerari dagokionez, azterketak adierazten du herritarren %21ek babesten dutela, eta %41 kontra daudela. Halere, herritarren heren batek ez du argi zer egingo lukeen, eta egoeraren arabera erabakiko luke alde edo kontra egin.
Alderdi bakoitzeko hautesleei erreparatuz gero, EH Bildukoak dira Euskal Herriaren independentziari babes adierazgarriena ematen diotenak: haien erdiek babesten dute, eta %39k egoeraren arabera erabakiko lukete. EAJkoen kasuan, berriz, %17 dira aldekoak, eta %40, berriz, egoerak baldintzatuak eta kontra daudenak. Gainerako alderdien kasuan, nabarmena da kontrakotasuna.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak urtarrilaren 28tik 31ra egin zuen datu bilketa, eta 3.030 lagun elkarrizketatu zituzten horretarako.