Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontuen negoziazioak zertan diren azaldu dute gobernuak eta EH Bilduk, bakoitzak bere aldetik. Bi aldeek nabarmendu dute akordioa lortzeko hitz egiten ari direla, baina oraindik bidea dagoela egiteko. Halere, Imanol Pradales lehendakariaren lehen aurrekontuak ez daude kolokan, EAJren eta PSE-EEren artean gehiengoa dutelako.
Gaur goizean, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak esan du etxebizitzaren atalean ez dutela lortu ikuspuntuak gerturatzea. «Politika publikoa estrukturalki aldatu ezean, akordioa lortzea oso zaila da». Jaurlaritzarena «anbizio gutxiko planteamendua» dela gaineratu du. «Ez da diru kontua: orientazioan daukagu arazoa. Askotan hitz egiten da ereduari buruz, eta hemen beti esaten da Espainiarekin alderatuta parke publiko handiagoa dugula. Guk ez diogu Espainiari begiratzen, guk herrialde nordikoei begiratzen diegu, eta hor ez dago konparatzerik». Merkatua «oso deskontrolatua» dagoela dio Otegik, eta ohartarazi du prezioek garestitzen jarraituko dutela esku hartu ezean.
Gutxieneko soldataren inguruan baikorrago hitz egin du. «Gertuago» daudela kontatu du. EH Bildurentzat adar «inportantea» dela esan du, «burujabetza ariketa praktiko bat egiteko aukera» eskaintzen duelako. «Ez dugu konpetentziarik gutxieneko soldata bat ezartzeko, baina badaude moduak hori egiteko. Euskaldunok, enpresen eta sindikatuen artean eta gobernuaren inplikazioarekin, jarriko dugu gutxieneko soldata bat hemen lan egiten duten eta bizi diren guztientzat».
Handik ordu batzuetara hitz egin du Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak, gaurko Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. Esan du hitz egiten segitzen dutela eta ostegunean elkartu zirela, EH Bilduren beste proposamen bat jaso ostean. Ez du xehetasun gehiagorik eman, diskrezioa «garrantzitsua» dela argudiatuta.
Jaurlaritza ez dago kezkatuta, txarrenera ere aurrera aterako delako euren proposamena, jeltzaleen eta sozialisten babesari esker. Aurrekontuek oniritzi zabalagoa izan dezaten, oposizioko alderdiekin negoziatzen hasi zen gobernua, baina EH Bilduk bakarrik dauka eskua zabalik. Gainerako alderdiek iragarri dute ez dituztela aurrekontuak babestuko, eta osoko zuzenketak aurkeztu dituzte.
Erlazionatuta
Gipuzkoan bi hautagai
Gipuzkoan, egoera bestelakoa da, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuak gutxiengoan agintzen baitu. Dena dela, onartuko direla dirudi, bidelagun bat baino gehiago agertu baitzaio Eider Mendoza ahaldun nagusiari. Aurreko astean Alderdi Popularrak iragarri zuen aurrekontuak babestu egingo dituela, eta gaur beste horrenbeste egin du Elkarrekin-ek.
Koalizio moreak ez dio osoko zuzenketarik egin gobernuaren proposamenari, eta PPk ere ez. Eskuineko alderdiak argudiatu du «desadostasun politikoa eta alderdien arteko borroka ezin direla oztopo izan Gipuzkoak aurrera egiteko». Alabaina, zaila izango da bi alderdiak uztarri berean lotzea, Elkarrekin prest agertu baita Mendozaren aurrekontuak babesteko, baldin eta PP alboratzen badu.
Araban ere, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuak oposizioko norbaiten babesa behar du. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, aurrekontuen proposamena aurkezterakoan, esan zuen «laster» lortuko zutela akordioren bat, eta abenduko lehen astea aipatu zuen epemuga gisa. Aukera guztiak «zabalik» zeudela esan zuen orduan, eta aldundiaren jarrera «ona» izango zela zin egin. EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin-ek aurrekontuak negoziatzeko borondatea agertu dute azken egunetan.