Etxebizitza turistikoen mugatzeko legea onartu dute Frantziako Asanblean

Etxebizitza turistikoendako balio zuten zenbait abantaila kenduko ditu legeak, eta iruzurren zigorrak gogortuko. Iñaki Etxaniz eta Annaig Le Meur diputatuek eraman zuten proposamena asanbleara. Kontent agertu dira onarpenarekin, baita Alda mugimendua ere.

Aldak behin eta berriz salatu ditu etxebizitzak iruzurrean turismorako besterik ez alokatzea. GUILLAUME FAUVEAU
Aldak behin eta berriz salatu du etxebizitzak iruzurrean turismorako besterik ez alokatzea. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko azaroaren 7a
17:00
Entzun

Egun bozkatu dute Frantziako Asanblean: «Maila lokalean etxebizitza turistikoak mugatzeko baliabideen indartzea helburu» duen legea onartu dute. Iñaki Etxaniz (Frantziako Alderdi Sozialista) Pirinio Atlantikoetako laugarren hautesbarrutiko diputatuak eta Annaig Le Meur (Renaissance) Finistere departamenduko diputatuak aitzina eraman zuten proposamena; Batzorde Misto Parekidean eraman akordio baten ondorioa da, Senatuak azaroaren 5ean onartu zuena. 

Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren tentsiopeko egoera lasaitzen lagundu behar luke legeak, etxebizitza turistikoendako balio zuten zenbait abantaila kenduko baititu. Jabekidetasunean kudeatzen diren eraikinetan etxebizitza turistikoak debekatzea ere erraztuko du. Iruzurrei aurre egiteko zigorrak gogortuko dira, bestalde.

Alda auzoetako mugimendua laketurik agertu da berri horrekin: «Onartu berri den legeak ondorio garrantzitsuak izanen ditu Ipar Euskal Herrian, batez ere herriko etxeen eta Euskal Hirigune Elkargoaren esku jartzen dituen baliabide berriengatik, bai eta iruzurgileen aurkako zigorrak gogortzeagatik ere». Eta hautetsiei mintzatu zaie, galdeginez «lehenbailehen legeaz jabetzea, urte osoko etxebizitzen babesteko».

Abantaila murriztuak

Etxebizitza turistikoak ukaiteak orain arte zekartzan zenbait abantaila kenduko ditu Anti-Airbnb deitu ohi zaion legeak. Hala, zailtasunak ekarriko dizkie urte osoko etxebizitzak etxebizitza turistiko bilakatu nahi dituzten jabeei, eta, orduan, hain erakargarria ez zaie haboro eginen aldaketa horretarako urratsa.

Hasteko eta behin, zerga abantaila %71tik %50era jaitsi dute etxebizitza turistikoendako, eta %50etik %30era sailkatu gabekoendako; iraupen luzean alokatzen diren etxebizitzen hein berera, hain zuzen. Aitzina pausoa izanik ere, Aldak azpimarratu du «banaketa oraino zorrotzago baten beharra» badela jabeen bultzatzeko beren etxebizitzak denbora luzeko alokairuan jartzera. Bide horretatik doa Etxanizek Frantziako Gobernuko Finantza Lege berriari proposatu dion eta Aldak sostengatzen duen zuzenketa: zerga oinarriaren apaltzea %50era ekartzea iraupen luzeko alokairuan diren etxebizitzetan.

Bestalde, F eta G mailan izendatuak diren isolamendu txarreko etxebizitzak ezinen dira gehiago etxebizitza turistiko bilakatu, eta debekua E mailakoei ere hedatuko zaie 2034ko urtarrilaren 1etik goiti. Ber epemugarako, jadanik turistikoak diren eta isolamendu txarra duten etxebizitzetan obrak egin beharko dituzte jabeek; agindu berriari jarraikiko ez badiote, alokairua debekatuko zaie.

Jabekidetza kasuetarako ere bi baldintza jartzen ditu legeak: horietarik garrantzitsuena, jabekidetasuneko araudietan berariaz zehaztu beharko dutela etxebizitza turistiko gisa alokairuan jartzeko baimena edo debekua.

Gehiago dena, derrigorrezkoa izanen da herriko etxeek edo Euskal Elkargoak etxebizitza turistikoak deklaratzea; arau hori, baina, konpentsazio legea indarrean duten herrietako jabeek ez ezik, Ipar Euskal Herriko herri guztietakoek bete beharko dute. Deklaratzeko betebehar hori betetzen ez bada, isun administratiboak ezarriko dituzte: 10.000 euro artekoak deklaraziorik ez bada, eta 20.000 artekoak deklarazio faltsua egiten bada.

Gaztigu zorrotzagoak

Muga ororen parean beti baita nor edo bestea horren gainetik pasatzeko, legea urratuko lukeenaren zigorra gogorragoa izanen da oraindanik goiti: konpentsazio legea urratuz gero —turismorako bizitegi bat alokagai duten jabeek urte osorako beste bizitegi bat eskaini behar dute, konpentsatzeko—, isuna 50.000 eurotik 100.000 eurora pasatzen da.

Gainera, herriko etxeek 120 egunetik 90era jaisten ahal dute etxebizitza nagusi batek alokairuan eman dezakeen gehienezko egun kopurua. Aldak erran du neurri hori bereziki interesgarria dela «konpentsazio legea indarrean duten Ipar Euskal Herriko 24 herriendako, ez baita jabeendako gehiago hain interesgarria izanen iruzur egitea, etxebizitza nagusiaren deklarazio faltsu bat eginez».

Etxaniz kontent agertu da berak proposatu zuen legea onartu dela ikusirik, baina azpimarratu du «lehen urratsa» besterik ez dela, eta zera gehitu du: «Etxebizitza duin eta iraunkor baten aldeko borroka ez da amaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.