Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak postontzi bat jarri zuen abian, erabilera turistikorako etxebizitzetako iruzurraren aurka: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «ezkutuan edo ezarritako baldintzak bete gabe jarduten duten erabilera turistikorako etxebizitza edo gelen berri eman ahal izateko». Jakinarazi dutenez, iazko urtarriletik aurtengo abuztura bitarte, 246 salaketa jaso dituzte. Herritar orok jar dezake salaketa, eta anonimoa da.
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak egindako informazio eskaerari erantzunez eman ditu datuok Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Azaldu duenez, salaketa bat jasotzen duten bakoitzean, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako ikuskaritzak espedientea irekitzen du salatutakoa egiaztatzeko. «Indarrean dagoen araudia betetzen ez bada», zehapen espedientea martxan jartzea proposatzen dute. 246 salaketak aztertu ostean, 168 ikuskapen espediente ireki dituzte, eta horietako 31ri egin diete zehapen proposamena.
Bestalde, iazko urtarrilaren 1etik, 1.643 erantzukizunpeko adierazpen jaso ditu Jaurlaritzak: 1.457 erabilera turistikorako etxebizitzetarako eta beste 186, berriz, geletarako. Horrez gain, Turismo Sailak etxebizitza turistikoei buruzko 369 txosten eskatu dizkie udalei. 209 jaso dituzten arren, beste 138 ez dituzte jaso. «Gainerakoak, 22 hain zuzen, zenbait arrazoirengatik tramitazioa amaitu ez duten espedienteak dira; espedientea, beraz, udalari txostena eskatu aurretik itxi zen», erantsi dute.