Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du udalak Alde Zaharreko hiru familia etxegabetu nahi dituela. Hain justu, apirilaren 23an kaleratu nahi dute etxetik hiru familia horietan lehenengoa. Udalaren jarrera eta «hipokrisia» salatu ditu sindikatuak, eta negoziazio mahai bat abiarazi dezala exijitu, «familien ongizatea babesteko».
Sindikatuaren arabera, udalak, «Ensanche 21 agentziaren bitartez», eskura dituen baliabide guztiak jarri ditu martxan etxegabetzeak azkartzeko. Besteak beste, epaitegietan eta gizarte zerbitzuetan «presioa» egin izana leporatu diote. Horrez gain, erakundeek zailtasunak jarri dizkiete familiei moratoria lortzeko: «Zaurgarritasun egoera sistematikoki ukatu diete etxegabetze arriskuan dauden hiru familiei». Hiru familietan seme-alaba adingabeak daude.
Udalaren jarrera agerian uzteko, gogora ekarri dituzte duela hilabete Maider Etxebarria Gasteizko alkateak Noticias de Álava Arabako egunkarian egindako adierazpenak. Etxebarriak esan zuen etxebizitza duela «kezka nagusietako bat», «etxebizitza eskubide bat» dela, eta eskura dituen «formula guztiak» erabiliko dituela Gasteizen bizi diren guztiek modua eduki dezaten «etxebizitza duin bat» izateko.
«Hipokrisia» albo batera uzteko eta «arduraz» jokatzeko eskatu dio sindikatuak udalari. «Hau da benetako esku hartzea egiteko ordua; egin ezean, baliteke beranduegi izatea etxea galtzear dauden hiru familientzat». Eskaera argiak egin dizkiote udalari. Batetik, eskatu diote sindikatuarekin eta familiekin negoziazio mahai bat abiarazteko. Eta, bestetik, etxegabetzerik ez egiteko baldin eta familiei kalitatezko alternatibarik ziurtatzen ez bazaie.
Sindikatuko kideek adierazi dute lanean jarraituko dutela etxegabea bide judizialetik geldiarazteko. Halere, argi utzi dute antolakuntza eta presioa direla euren burua defendatzeko bide bakarrak «instituzioen babesik ezaren eta exekutatzen dituzten etxegabetzeen aurka».
Ikusi gehiago
Apirilaren 5ean Donostian egingo duten manifestaziora batzeko deia egin du Etxebizitza Sindikatuak. Higiezinen negozioaren aurka eta etxebizitza eskubidearen alde, Gipuzkoako hiriburuko kaleak hartuko dituzte, Etxebizitzaren negozioari ez. Enpresarien eta politikarien eskutik ez da konponbidea etorriko lelopean.