ETXEBIZITZA

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du Iruñean okupatutako eraikin bat hustu nahi duela Udaltzaingoak

Iruñeko Udalaren enpresa batena da eraikina, eta egoera zaurgarrian diren zenbait pertsonak okupatu zuten duela zenbait egun

Etxebizitza sindikatu sozialistaren agerraldia, igandean, okupazioa iragartzeko. IRUñERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 13a
12:02
Entzun

Iragan den asteburuan, Iruñeko Jarauta kaleko eraikin bat okupatu zutela iragarri zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Agerraldian, elkarteak adierazi zuen egoera zaurgarrian diren zenbait pertsona sartu zirela hara bizitzera: «Adingabeak dituzten familiak, aurretik etxegabetuak izan direnak, genero indarkeria sufritu duten emakumeak, emantzipatu ezinik dauden gazteak eta etxebizitza bat alokatzeko aukerarik ez dutenak». Sindikatuak bere gain hartu zituen «espazio horren mantentzea, defentsa eta bertan bizi direnen ongizatea bermatzeko ardura», eta gaineratu zuen, etxebizitza bloke horretan bizi direnentzat ez ezik, etorkizunean bizitoki baten beharra dutenentzat ere erabilgarri izanen dela.

Agerraldi publiko horren ostean, baina, etxe guztiak husten saiatu da Iruñeko Udaltzaingoa. Atzo iluntzean zigilatu zuten eraikin osoa, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du ekintzak «desokupazio enpresa batena» dirudiela: «Sarbideak kontrolatzen dituzte, eta jendeari mehatxuka ari zaizkio, besteak beste».

Eraikina, Iruñeko Udalarena

Iruña Biziberritzen udal enpresarena da Jarauta kaleko eraikina, eta, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, urteak zeramatzan hutsik. «Horrek erakusten du udalak ez dituela etxebizitzak kudeatzen pertsonen beharren arabera, negozioaren beharren arabera baizik», salatu zuten atzoko agerraldian: «Eraikinak birgaitzeko aitzakiarekin, bizilagunak desplazatu dituzte, eta Alde Zaharreko kale honen zein beste batzuen degradazioa sustatu dute hainbat urtez».

Etxegabetze saialdiaren ostean ere, enpresa publikoaren erantzukizuna azpimarratu du sindikatuak: «Legez kanpoko etxegabe prozesu bat ahalbidetzen ari dira, eta, horren ondorioz, zenbait familiak ez dute gaua pasatzeko tokirik izanen». Hori salatzeko xedez, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean, okupatutako eraikinaren aurrean. «Isilpeko etxegabetzea gauzatu nahi dute, egiten ari direna oharkabean igaro dadin ahalegindu, baina ez diegu utziko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.