Etxebizitza politika irauli egin nahi dute Nafarroan, «neurri sozialen bidetik»

Etxebizitzen erabilera lagatzeko plana eta alokairu soziala bultzatzeko formulak azaldu ditu Laparra lehendakariordeak legebiltzarrean.«Espekulazioaren eredua» amaitutzat jo du

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
«Etxebizitza politika egiteko modu baten amaiera heldu da; merkantilistatzat eta espekulatibotzat jo genezakeen eredu hori hilda dago». Ahoan bilorik gabe hitz egin zuen atzo Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetarako lehendakariorde Miguel Laparrak legebiltzarrean eginiko agerraldian. Etxebizitzaren esparruan gobernuak aplikatuko dituen neurriak azaldu zituen legebiltzarkideen aitzinean, eta UPNren eredua baztertuta, politika «sozialago» baten alde lan egiteko borondatea agertu zuen, «pertsonen beharrei erabateko lehentasuna emanda».

Zehazki, bi ardatz nagusi nabarmendu zituen Laparrak atzoko agerraldian: alde batetik, etxebizitzen erabilera lagatzeko erregimen berri bat, eta bestetik, alokairu sozialaren indartzea.

Lehendakariordearen esanetan, erabilera lagatzeko modalitatea «alokairuaren eta salmentaren arteko formula» izanen da, eta «gazteek dituzten beharren neurrira diseinatua» egonen da. Horren arabera, 20.000 eta 30.000 euro arteko ekarpena egin beharko dute interesdunek, eta etxebizitza mugarik gabe erabiltzeko eskubidea emanen die horrek. Baimena bizitza osorako izanen litzateke, «hipoteka pertsonala kontratatzeko beharrik gabe eta, alokairu merke baten gisara, hilean 300 eta 400 euro arteko kuota ordainduta». Modalitate hori Europa iparraldeko herrialdeetan erabiltzen dela gaineratu zuen Laparrak.

Horrez gainera, Nafarroako Gobernuaren lehentasuna alokairu soziala indartzea izanen da, etxe salerosketaren ordez. Hala, Nasuvinsa sozietate publikoak bost urteren buruan alokairu sozialerako 500 etxebizitza eraikitzeko plana duela gogorarazi zuen lehendakariordeak. «Eta horiei gehitu behar zaizkie tokiko administrazioen zein sustatzaile pribatuen proiektuak». Guztira, aurretik martxan ziren egitasmoak eta sustapen kanpaina berriak kontuan hartuta, alokairu sozialeko mila etxebizitzatik gora eraikiko dituzte 2021. urtera arte.

Alokairuen prezioak ere jaitsi nahi ditu gobernuak, aukera hori bultzatzeko: «Azken hamabost urteotan, KPIa baino %46 gehiago handitu da alokairu sozialen prezioa. Justifikaezina da, eta aldatzeko lanean ari gara, eraikitzaile eta sustatzaile elkargoarekin batera. Adostasunean oinarritutako irtenbide bat bilatu nahi dugu».

Laparrak gaineratu duenez, etxebizitza politika eredu berri bat ontzeko tenorean, ezinbestekoak izanen dira «baliabide instituzional berriak». Besteak beste, Nafarroako Etxebizitza Kontseilua eratuko dute, hipotekari lotutako auzibideetan bitartekaritza zerbitzua eskaintzeaz gainera etxebizitza alorreko aholkularitza lanak ere bere gain har ditzan. Azkenik, Etxebizitza Plana ere ondu nahi du Laparrak 2017rako, «besteak beste, kooperatibismoa eta etxebizitzen zaharberritzea sustatzeko».

UPN: «Ez da hainbesterako»

Laparrak aurkeztutako bide orria txalotu zuten akordio programatikoaren sinatzaileek. «Aurten, nafar herritarrentzat errazagoa izanen da etxebizitza duin bat lortzea», esan zuen Geroa Baiko bozeramaile Isabel Aranburuk. EH Bilduko kide Asun Fernandez de Garaialdek«orain arte indarrean egon den eredu espekulatiboaren heriotza» azpimarratu zuen, eta Ahal Dugu-ko ordezkari Mikel Builek, berriz, babesa adierazi zion Laparrari, «finantza interes pribatuak baztertu eta etxebizitza eskubidea bermatzeko bidean».

UPNren agintaldian Sustapen eta Etxebizitza kontseilari izandako Luis Zarralukik, berriz, garrantzia kendu nahi izan zion gobernuak aurkeztutako plangintzari: «Asmo interesgarriak daude, eta arretaz aztertuko ditugu, baina dagoeneko esan dezaket plana ez dela hainbesterako ere. Egitasmoetako batzuk abian ziren aurreko legealdian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.