Etxebizitza sindikatuetako kideak

Ane Salvador eta Karla Pisano: «Etxebizitza negozio den bitartean, ezinezkoa da eskubide izatea»

Etxe larrialdia ulertzeko beste marko bat proposatu dute Pisanok eta Salvadorrek, eta banaketa printzipio erradikal bat hizpidera ekarri: irabaziak desjabetzea.

Ane Salvador eta Karla Pisano, abenduaren 4an, Bilboko Erronda kalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ane Salvador eta Karla Pisano, abenduaren 4an, Bilboko Erronda kalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Bilbo
2024ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

EHESSko kideak dira Karla Pisano (Bilbo, 1996) eta Ane Salvador (Bilbo, 1991): Pisano Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea da, eta Salvador, berriz, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarekoa. Bi antolakunde dira, eta bakoitzak bere estrategia du. Hala ere, bat datoz gutxieneko batzuetan: etxeen desmerkantilizazioa defendatzen dute, eta «alternatiba faltsuak» kritikatu. Bat eginda deitu dute abenduaren 14an Bilboko kaleak hartzera, etxebizitza eskubidearen alde.

Euskal Herriko legeen arabera, etxebizitza eskubide bat da. Benetan hala da?

KARLA PISANO: Sistema honetan elkarri kontrajarriak diren bi eskubide daude onartuta. Batetik, etxebizitzarako eskubidea; zentzu abstraktu batean onartuta dago, baina ez dago bermatuta. Bestetik, etxebizitzarekin negozioa egiteko eskubidea bera ere onartuta dago. Kontraesan horretan, indartsuenak irabazten du, eta hemen indartsuena merkantzia izaera bera da. Zentzu kontraesankor horren emaitza zera da, eskubidea beti bermatzen dela merkatuaren bitartez. Ez daude eskubide bat eta merkatu bat; merkatu bat dago, behar sozialei erantzuten diena, bere barne logiken arabera. Errentagarria baldin bada soilik erantzungo dio eskubide horri.

ANE SALVADOR: Talka hori erdigunean jarri behar da. Etxebizitza negozio den bitartean, ezinezkoa da eskubide izatea.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxasoren arabera, etxeen eskaria handitzeak eta eskaintza izozteak garestitu ditu prezioak. Bat zatozte horrekin?

SALVADOR: Behin eta berriz esaten dute etxebizitzaren arazoa eskaintza falta dela, eta, gure ustez, hori gezur hutsa da. Etxebizitzaren arazoa sarbidea da. Etxebizitzak egon, badaude, eta horretan jarri beharko genuke arreta.

PISANO: Marko horrek ideia faltsu bat hedatzen du: etxebizitza arazoa eskaintzan jartzen dutenak agente zaurgarri bat balira bezala tratatzen dituzte, eta, hortaz, euren etxebizitza politikak bideratuta daude haiei gauzak erraztera. Sua ezin da gasolinaz itzali. Etxebizitzaren merkatuan jarduten duten agenteei diru laguntza gehiago emanez gero, botere sozial, ekonomiko eta mediatiko handiagoa emanez gero, arazoa handituz joango da, eta ez da konponduko.

«Jauzi kualitatibo bat ikusten dugu etxebizitzaren merkantilizazio prozesuan»

ANE SALVADOREuskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen sareko kidea
Zergatik hartuko dituzue Bilboko kaleak abenduaren 14an?

PISANO: Arazo ekonomiko oso larri bat dago, egiturazkoa: gizartearen parte bati beti ukatu izan diote etxebizitzarako sarbidea. Baina etxebizitza krisi batean gaude, zeinetan kausa ez den eskaintza falta, baizik eta mugimendu espekulatibo asko gertatzen ari direla, eta etxebizitzaren merkatura mugitzen ari direla. Arazo horren pertzepzio sozial bat ere badago, geroz eta handiagoa. Guk uste dugu bi ezaugarri horiek kontuan hartuta interbentzio politiko bat egin behar dela.

Zer dago arazoaren erroan?

PISANO: Arazoak bi maila ditu. Egiturazko arazo bat dago: etxebizitza bat izateko dirua erabili behar baduzu, beti zure klase posizioaren arabera sartuko zara etxebizitza batera. Hori erroko kausa da, eta beti egon da arazo bat horrekin. Orain pobretze prozesu orokortu bat bizi dugu, egiturazko arazo horren larriagotze koiuntural bat.

SALVADOR: Askotan esaten dugu etxebizitza merkantilizatzen ari direla. Etxebizitza ekoizpen modu kapitalistan beti izan da merkantzia bat, baina jauzi kualitatibo bat ikusten dugu etxebizitzaren merkantilizazio prozesuan. Hori ere salatu behar da.

Zuen ustez, zer rol dute erakunde publikoek etxebizitza larrialdiaren auzian?

SALVADOR: Instituzioak ezin ditugu konponbide moduan aurkeztu. Erakundeak arazoaren parte dira gaur egun, eta etxebizitzaren negozioko agente aktibo bat. Ekarpena egiten diote negozio horri. Orduan, uste dugu hor ere arreta jarri behar dugula, eta instituzioen salbatzaile rol faltsu hori agerian utzi. Gainera, argi dago larrialdi egoera honetan neurriak hartu behar direla; partxeak dira, baina beharrezkoak dira langile klasearen behar materialak hobeak izateko. Hala ere, batetik, ezin dugu sinetsi hori denik arazoaren konponbidea, arazoa egiturazkoa da eta. Bestetik, salatu nahi dugu askotan aurkezten dizkiguten neurri horiek ez direla espekulatzaileen eta burgesiaren etekinak murrizteko, baizik eta negozio hori hauspotzeko.

«Merkatuaren barruan etxebizitzaren arazoa betiko konpondu daitekeela pentsatzea da errealismo falta»

KARLA PISANOEuskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea
Zuek, berriz, prezio guztien merkatze orokorra defendatu duzue, epe laburreko neurri gisa. Hori egiteko zer bide proposatzen duzue?

PISANO: Ulermen markoa aldatzea proposatzen dugu. Sinetsarazi nahi digute har daitezkeen urgentziazko neurri bakarrak negozioa indartzeko neurriak direla: jabeentzako diru laguntzak eta abar. Badago beste bide bat: irabaziak desjabetzea. Errentatzaile batek ez ditzake milaka etxebizitza izan baldin eta txanpon horren beste aldean ez badaude milaka eta milaka pertsona etxebizitza barik, milaka eta milaka pertsona desjabetuak, geroz eta baldintza txarragoetan. Printzipio birbanatzaile erradikal bat jarri nahi dugu mahai gainean, bere garaian existitzen zena baina galdu dena: gehien duenari kentzea gutxien duenari emateko.

Ulermen marko horren erdigunean eskaera hau duzue: herritar guztiek doako eta kalitatezko etxebizitzak eskuratu ahal izatea. Zer bide hartu behar dira hori egia bihur dadin?

SALVADOR: Gure ustez, gaia mahai gainean jartzeko urrats txiki bat izan behar du manifestazioak, ulermen marko berri hori zabaltzeko eta mahai gainean dagoen diskurtso erreformista hegemonikotik harago beste konponbide bat dagoela aldarrikatzeko. Urrats txiki bat izatea nahi dugu, Euskal Herrian etxebizitza mugimendu zabal eta indartsu bat eraikitzeko.

Gizartean dagoen kezka hori beste marko batera eramateko, beraz?

PISANO: Askotan leporatzen digute utopismoa edo errealismo falta. Merkatuaren barruan etxebizitzaren arazoa betiko eta mundu guztiarentzat konpondu daitekeela pentsatzea, hori da errealismo falta. Hemen, errealistena da gaurdanik lanean jartzea mugimendu zabal bat sortzeko, zeinak bat egiten duen doako etxebizitza baten aldarrikapenarekin, ulertuta doakoa balitz ez litzatekeela arazorik egongo etxebizitzarekin. Ulermen marko hori existitu izan da historian. Gure bidea printzipio horiek irekitzea da, eta horien barruan mugimendu zabal bat eraikitzea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.