Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Etxebizitza lortzeko arazoa, «lehentasun» EH Bildurentzat

Koalizioak uste du etxebizitza «negozio» izan dela urte askoan, eta badela hori aldatzeko garaia, «eskubide» bihur dadin

Ezkerretik eskumara: Miren Matanzas Santurtziko alkategaia, Arkaitz Rodriguez eta Iker Casanova. EH BILDU.
gotzon hermosilla
Galdakao
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Etxebizitzarena euskal herritarren kezka nagusietako bat da, eta, horregatik, EH Bildurentzat lehentasuna da». Galdakao (Bizkaia) aukeratu du EH Bilduk etxebizitzaren arloan dituen proposamenak ezagutarazteko; izan ere, herri horretako alkatetza du koalizioak, eta, Iñigo Hernando alkateak esan duenez, agintaldi honetan arazo horri «ikuspuntu sozialetik» oratzeko ahalegina egin dute: «Urte askoan, Euskal Herriko leku askotan, etxebizitza negozio izan da; bada hori aldatzeko garaia».

EH Bilduren Bizkaiko ahaldungai nagusi Iker Casanovak esan duenez, etxebizitzarena «drama» da familia askorentzat: herritarrek errentaren %30 bideratu behar dute horretarako, eta batez besteko gastua 700 euro baino gehiagokoa da. Bizkaian, 2022an etxebizitza %4,09 garestitu da, eta metro koadroak 2.869 euro balio du gaur egun: «Familia askorentzat, arazo larria da, eta, bereziki, emantzipatu nahian dabiltzan gazteentzat, horiek diru sarreren erdiak bideratu behar dituzte-eta horretarako».

Casanovak gogorarazi du EH Bilduk eta ERCk lortu zutela Espainiako Gobernuarekin Etxebizitza Legea hitzartzea: «Negoziazio prozesu luzea izan zen, baina azkenean lortu genuen alokairuak mugatzea eta alternatibarik ez dagoen kasuetan kaleratzeak eragoztea». Casanovaren ustez, «pauso bat» da lortutakoa, baina bidea markatzen du: «Urrats gehiago behar ditugu, azkarrak eta eraginkorrak, etxebizitza eskubide izan dadin, eta ez luxua».

Hernandok zerrendatu ditu etxebizitzaren arloan azken lau urteotan Galdakaon egindakoak: gazteentzat eta premia larria dutenentzat 60 etxebizitza ari dira eraikitzen; gizarte larrialdiko kasuentzat hamar etxebizitza gehiago lortu dituzte; hitzarmena egin dute Alokabiderekin hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialean eskaintzeko; eta Non Bizi aholkularitza zerbitzua jarri dute abian: «Lanean jarraituko dugu alokairu soziala bultzatu, parke publikoa handitu eta alokairuen prezioak mugatzeko».

Lubakiak eta zubiak

Santurtzin ere (Bizkaia) hauteskunde ekitaldia egin du EH Bilduk, eta, han, Arkaitz Rodriguez legebiltzarkideak koalizioaren zerrenden inguruko polemika izan du hizpide. Zazpi hautetsik zinegotzi karguari uko egiteko erabakiaren inguruan, esan du horrekin argi gelditu dela «nor ari den aurrera urratsak egiten», eta nork jarraitzen duen «iraganeko biribilguneari» bueltak ematen: «Batzuek lubakiak egiten jarraitzen dute; guk zubiak eraikitzen jarraituko dugu. Batzuek kontakizunaren borrokan jarraitzen dute; gu bizikidetzaren eta bakearen eraikuntzan gaude eta egongo gara».

EAJri «eztabaida lokatzetara eramatea» eta «irainak» erabiltzea egotzi dio Rodriguezek, eta «bloke erreakzionarioa elikatzeari uzteko» eskatu dio.

Madrilen egindako adierazpen batzuetan, PPko Alberto Nuñez Feijook eta Cuca Gamarrak esan dute Iñigo Urkullu lehendakaria «irmoago» aritu dela EH Bilduren kontra sozialisten bozeramaile Patxi Lopez baino. Adierazpen horietan oinarrituta, «PPren lausenguak jasotzea» leporatu die Rodriguezek EAJren buruzagiei: «Norainoko arduragabekeria iritsi behar izan dute gu legez kanpo uzteko mehatxua egiten dutenek lausengatu eta txalotu ditzaten?», galdetu du Rodriguezek.

Ekitaldian, Casanovak iragarri du EH Bilduk «inoizko emaitzarik onenak» izango dituela Santurtzin eta Ezkerralde osoan, eta horrekin Bizkaian «indar korrelazioa» desberdina izango dela: «Inoiz baino indartsuagoa izango den EH Bildu bat egongo da, lurralde honetarako ezkerreko alternatiba bat ordezkatuko duena».

Casanovaren ustez, EH Bilduren proposamenak bat egiten du «Bizkaiko eskualde zigortuenen, pobretuenen eta abandonatuenen errealitate sozioekonomikoarekin». Esan duenez, koalizioaren Ezkerraldea 2030 dokumentuan eskualdea suspertzeko 120 proposamen baino gehiago jaso dituzte: «Beharrezkoa da Ezkerraldearen dinamismo ekonomikoa berreskuratzea eta beharrizan sozialak konpontzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.